Asteburuko proposamenak

Kaleak, kulturaz beteak

Gasteiz. Kaleko arteaz gozatzeko aukera egongo da bihartik igandera bitartean hiriko hainbat txokotan

Plaza Berrian izaten zen agertokia Foruen plazan jarriko dute aurten. LIZARRALDE SOINUA.
Nagore Rodriguez.
2012ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Antzerkiak, musikak, dantzak, zirkuak, akrobaziak eta umoreak beteko dituzte hurrengo egunetan Gasteizko kaleak, Kaldearte jaialdiaren barruan, ostiraletik igandera bitartean.

Bertako konpainiak bultzatu nahi dituzte antolatzaileek, eta, horregatik, nazioarteko konpainiekin batera, Euskal Herriko ordezkaritza izango da. 26 konpainietatik zortzi Euskal Herrikoak izango dira. Denen artean, 40 emanaldi inguru eskainiko dituzte, formatu handian, ertainean eta txikian. Lanak euskaraz eta gaztelaniaz emango dituzte.

Jardunaldiak bihar gauean hasiko dira, Frantziako Luc Amoros taldearen Page Blanche ikuskizunarekin. Musika, zuzeneko pintura eta testua nahasten ditu taldeak. Hiru altuerako aldamio baten gainean —orri zuri bat balitz bezala—, sei margolari-aktorek hainbat istorio kontatuko dituzte, zuzenean egindako marrazkiekin. Emanaldia frantsesez izango da, baina euskarazko azpidatziak jarriko dituzte.

Plaza Berrian izaten zen agertokia Foruen plazan kokatuko dute aurten. Umore, zirku, akrobazia eta oreka emanaldiak eskainiko dituzte han.

Asteburu betea

Larunbatean, Frantziako Chabatz d'Entrar taldeak zabalduko du egitaraua, Mobile lanarekin.Haien atzetik, euskarazko ikuskizun bat izango da bertara biltzen diren guztientzat: Nafarroako Malas Compañias taldearen Orsai ikuskizuna. Haur eta helduentzako emanaldia da. Gauean, dantza, umorea eta sorpresak izango dira Always Drinkin Productions taldearekin.

Gasteizko Circortito taldeak eta Kataluniako Capicua Circo hirukoteak igandean eskainiko dituzte euren emanaldiak. Kaldearte jardunaldien bukaerako emanaldia, bestalde, Vaiven Circo taldearen esku geratuko da: Do Not Disturb lana emango du.

Aurtengo Kaldearteren berrikuntzetako bat dantzaren gunea izango da. Probintzia plazan jarriko dute, eta dantzaren hainbat diziplina jasoko ditu: hip-hopa, kaleko dantza, dantza garaikidea... Guztira, zazpi konpainiak eskainiko dituzte emanaldiak.

Aurreko urteetan bezala, haurrentzat ekitaldi bereziak prestatu dituzte Kaldearte jaialdiaren barruan.

KALDEARTE

Zer. Antzerkia, musika, dantza, zirkua...

Non. Gasteizen.

Noiz. Bihartik igandera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.