Antton Bastero. Txotxongilolaria

«Kaleak jendea biltzen du; bertan ekin nion jardunari, eta bertan ikasi dut»

Ikuskizun bat sortzeko, ideia «zoro» bat nahikoa du Basterok, baina aitortu du ideia moldatu beharra dagoela publikoari eskaini ahal izateko. Hain zuzen, horretan ibili da azken berrogei urteotan, eta horretarako alboan izan ditu hainbat bidelagun.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Kale antzerkian hasi zen Antton Bastero (Bilbo, 1958) gaztea zela, baina, azkenean, txotxongilolaria izatearen aldeko hautua egin zuen. Kalea gogokoago du antzezteko, oholtzak baino. Hain zuzen ere, herenegun berrogei urte bete zituen txotxongilolari lanean. Gaur egun, Doroñun (Araba) bizi da, baina aitortu du Euskal Herriko txoko gehienak ezagutzen dituela.

Zergatik erabaki zenuen kale antzerkian hastea?

Garai hartan ez zegoen kultur etxerik, aretorik edo antzoki publikorik. Pribatuak ziren, hala nola Bilboko Campos Eliseos antzokia. Beraz, antzezteko geneukan leku bakarra kalea zen, eta, gerora, baita frontoiak ere. Kalean hastea erabaki nuen, artearen aldeko mugimendu polita baitzegoen.

Hain zuzen, txotxongilolaria zara. Afizionatua al zinen?

Lehenbizi, antzerkian hasi nintzen, eta horretan jardun nuen bospasei urtez. Hala ere, aktore guztiek antzerkia utzi zuten, eta bi pertsona gelditu ginen. Pentsatzen hasi ginen zer egin genezakeen, eta erabaki genuen txotxongiloekin hastea. Hasieran arraroa izan arren, urtebete ibili ginen gauzak prestatzen, baina ez genuen profesionalak izateko asmorik.

Baina profesionala zara.

Bai. Oskar Amezaga agertu zen bat-batean, Elias Amezaga idazle ospetsuaren semea. Garai hartan Getxon [Bizkaia] bizi nintzen, eta esan zidan zerbait antolatzeko asmoa zuela, eta hor egin genezakeela gure espektakulua. Ezetz esan genion, baina halako batean hiru kontratu sinatuta agertu zen. Esan zidan nire ordez sinatu zuela eta emanaldiak egin behar nituela. Orduz geroztik, hemen nabil.

Plentzian (Bizkaia) egin zenuen lehen emanaldia. Nolakoa izan zen?

Plentziako Geltoki auzoan egin genuen lehen emanaldia, uztailaren 10ean. Bilbon eta Azpeitian [Gipuzkoa] egon ginen ondoren. Lehen emanaldian beldur handia pasatu nuen, baina bi egun igaro ostean ohitu egin nintzen, eta, gainera, jendearen erantzuna ona izan zen. Urte hartan, hirurogei saio inguru egin genituen, baina nire errekorra 127 saio da.

Kale antzerkiari garrantzia ematen al diozu?

Niretzat, kalea da leku nagusia. Kaleak jendea biltzen du; bertan ekin nion jardunari, eta bertan ikasi dut. Kaleko testuinguruetara eta baliabideetara ere egokitu egin behar da; izan ere, posible da ikuskizuna egin bitartean alboan tonbola bat edukitzea. Gainera, nire panpinek asko oihukatzen dute eta asko mugitzen dira. Horrek ere badu kalearekin lotura.

Milaka emanaldi eskainiko zenituen.

Plentziako lehen emanaldia egin ostean, Bizkaiko herrietan ibili nintzen batez ere. Gero hasi nintzen Euskal Herriko beste leku batzuetara joaten, eta, berrogei urteren ostean, ja leku gehienetan egon naizela uste dut. Aldaketak ere egon dira, noski. Adibidez, lehen urteetan euskaraz egitea zailagoa zen, ez baitzegoen aukera handirik, adibidez, Arabako Errioxan, eta, beraz, noizean behin gaztelera erabiltzen nuen. Halere, egun ia edozein tokitan egin daiteke euskaraz.

Eta nazioartean izan al zara?

Euskal Herrian eta Espainian egon naiz batez ere, baina urrunago joateko aukera ere izan dut. Esate baterako, Greziako jaialdi batean egon nintzen.

Ba al daukazu momentu gogoangarririk?

Urte batean Sondikan [Bizkaia] egon nintzen, Gabonetan, Pinotxo ikuskizunarekin. Handik bi hilabetera, inauterietan, berriro deitu zidaten ea ikuskizun berbera egitera joango nintzen galdetuz. Jendeari gustatu omen zitzaion. Ez zen azken aldia izan. Martxoan Txorierri eskualdean euskara bultzatzeko dagoen proiektu bateko kide batek deitu zidan ikuskizun bera egiteko, eta berriro joan nintzen Sondikara. Baina egon zen laugarren aldi bat ere, herriko udal liburutegitik deitu baitzidaten berriro joateko. Lau aldiz egon nintzen herri horretan ikuskizun berberarekin, eta ordurako publikoak ere ezagutzen ninduen. Haluzinatzekoa da anekdota.

Eta berrogei urteotan, txotxongiloak izan dituzu bidelagun.

Garaiak aldatu egin dira. Lehenbiziko 25 urteetan, eskuetako panpinekin aritzen nintzen, Antzezkizuna Girol taldearekin, baina etapa hori amaitu egin zen. Toni la Sal pertsonaia asmatu nuen gerora, eta harekin batera beste panpina mota bat erabiltzen hasi nintzen, ahoa mugitzen dutenak. Eskuetako txotxongiloak normalean txiki samarrak izaten dira, eta ikusten ere zailagoak; beraz, gustatzen zait ahoa mugitzen dutenekin aritzea. Gainera, egun, udalek ikuskizun handiagoak eskatzen dituzte, eta, beraz, panpinak ere handiagoak izatea komeni da. Horrez gain, Toni la Sal izenarekin ere sortu nuen konpainia propioa.

Zer behar da ikuskizun bat hutsetik sortzeko?

Printzipioz, ideia zoro batetik abiatzen da guztia, baina ideia ongi moldatu beharra dago saldu ahal izateko. Horretarako, gidoia idatzi ohi dut, eta pentsatu behar da ea ikuskizuna norentzat den, noizko izango den eta non egiteko. Ez du balio esperimentuak egitea, ogibidea baita. Hala ere, ikuskizun komertzial bat egiteaz gainera, proiektu pertsonalak ere garrantzia du. Nire kasuan, mezu bat bidaltzen saiatzen naiz.

Esate baterako?

Euskal Herriko itsasoari buruzko ikuskizun bat prestatu nuen duela hogei urte, eta kutsaduraren aurka egitea zen helburua. Garoña izeneko itsasontzi bat zegoen bertan, eta bidoi nuklearrak botatzen zituen itsasora. Udalek ikuskizun hori gogorra zela esaten zuten, eta hobe zela leunagoa izan zitekeen zerbait egitea. Hala ere, Prestige itsasontzia hondoratu zen handik hiru urtera, eta guztiek eskatzen zuten aurrez baztertutako ikuskizuna egitea.

Eta nola sortzen da txotxongilo pertsonaia bat?

Denboraren poderioz, pentsatu gabe ateratzen da. Hala ere, ez da erraza izaten, pertsonaia bat baino gehiagoren paperean sartu behar izaten bainaiz ordubetean. Gainera, panpina ere mugitu behar da, eta hark esandakoa egin behar da mugimenduarekin.

Norentzat egiten dituzu ikuskizunak?

Publikoa ere aldatu egin da. Lehen, ehun pertsona inguru egoten ziren publikoan, gehienak umeak, eta guztiak batera egoten ziren, hurbil eta lurrean eserita. Egun, herrietan ez dago hainbeste ume, eta udalek familientzako ikuskizunak eskatzen dituzte.

Beraz, publikoa berria da.

Egun, haurrek beste interes batzuk dituztela uste dut; agian, teknologiari lotuago daude. Umeen adina jaitsi egin da, eta asko gurasoekin batera joaten dira ikuskizunetara; hein batean, familiak dira. Gainera, asko izaten dira ume txiki-txikiak dituzten familiak, eta haur horiek ez dira ia ezertaz ohartzen. Gurasoak entretenitzeko zerbait prestatu behar da.

Garrantzitsua al da jendea gertu sentitzea eta erantzun bat jasotzea?

Bai, eta horregatik ere nahiago izaten dut emanaldiak kalean egin. Uste dut oholtza baten gainean antzeztuz gero, urrunago zaudela publikoarengandik, eta gertutasuna galdu egiten dela. Gainera, birusaren ondorioz, jendeak maskarak izaten ditu jantzita, eta ezin da atzeman irribarre bat ere. Ez dakigu zer ari den gertatzen musuko horien atzean, ez dago erantzun garbirik. Zaila da baldintza horietan lan egitea.

Bakarka ez ezik, elkarlanean ere badituzu ikuskizun batzuk.

La Familia Toronbole da horietako bat, familiei zuzendutako ikuskizunak sortzeko beharretik sortua, batez ere. Gurasoek asko eskertzen dute umorea, eta, beraz, magia eta umorea uztartzen diren antzezlan bat da. Jendea gustura gelditzen da ikuskizunarekin; arrakastatsua izan da. Bada beste ikuskizun bat ere: Txotxongilo bertsolaria. Felipe Zelaieta bertsolariarekin eta trikitilari batekin batera egindako ikuskizuna da, eta umorea, txotxongiloak, bertsoak eta musika batzen ditu. Buruhandiak ere badaude. Munduko bertsolarien txapelketa bat egiten dela antzezten dugu aurrez aipatutako baliabideak uztartuz. Ideia zoro bat da.

Are, pandemian ere egin duzu eskaintza, Internet bidez.

Bakte eta Biru pertsonaiak erabilita, atal desberdinak jarri ditugu Interneten. Bi anaia dira, bihotza eta sentimenduak dituzte, baina gauzak asko pentsatu gabe esaten dituzte. Goizero erabakitzen genuen zer egin egun bakoitzeko atalean. Esperientzia polita izan zen, eta uste dut jendeak eskertu zuela.

Egun, nola dago kale artisten egoera?

Nire kasuan, ikuskizun gehienak jaietan egiten ditut, baina pandemiarekin bertan behera gelditu dira gehienak. Hiri edo herri handienetan badaude aukera gehiago, baina herri txikietan egoera ez da berbera. Baina kale artistok dugun egoera ez da ona. Udan zortzi saio ditut, eta bada zerbait, baina beste batzuek ez dute ezer, batez ere talde txikiek. Saioak sinatuta eduki arren, ez dakigu zer gertatuko den datozen egunetan osasun egoerarengatik, eta, gauzak aldatuz gero, ez ditugu saio horiek taularatuko, baina gastuak areagotu egiten dira. Hala ere, ziur nago denak hobera egingo duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.