«Kalekoak gara gu. Kaleak irakatsi digu dakigun guztia. Kaletik irtendakoa da daukagun guztia». Adierazpena aitortza bihurtu du Douglasek, eskuak patriketatik atera gabe, estatua bizidunaren rolean erabat sartuta, Kontxako pasealekuan emaztearekin batera jarrita daukan eskultura sorginduaren aldamenean. «Artea da hau, eta gure lana da hau. Lanaren truke eskatzen dut nik dirua. Baloratu dadila eta errespetatu dadila. Horixe da nik ere besteen lanarekin egiten dudana». Adierazpena aitortza bihurtu du berriro Douglasek. Makillajeak gorritutako begi horietan badago bizitza. Venezuelarra da Douglas jaiotzez —ez du abizenik eman nahi izan—, eta Madrilen bizi da. Hamabi urte baino gehiago daramatza Donostiara etortzen. Ez du kexarik egiten dioten harrerarekin. «Badaude turistak gure lana baloratzen dutenak, eta badaude turistak gure lanari baliorik ematen ez diotenak. Denetik dago».
Eta turista horien arreta piztea, eta inguruan trumilka biltzea da haien lana. «Gerturatu zaitezte beldurrik gabe. Itsusi amorratuak gara, badakigu, baina ohituko zarete», bota die amua Fernando esatariak Bulebarrean pasieran dabiltzanei. «Jackson O’Malley da hau, Detroiteko Pantera. Fernando naiz ni, speaker-a? Alegia, berak adina diru poltsikoratzen duena, baina ezertxo ere egin gabe». Lortu du helburua. Badituzte ehun lagun inguruan.
Akrobaziak egiten ditu batak, eta ikusleak girotzen ditu besteak. «Bertako artista bat naiz. Hamar urte daramatzat Donostian, eta zortzi urte kaleko artista gisa. Hondartzan hasi nintzen. Entrenamenduak egiten nituen han, eta nahi gabe, jendea gerturatzen hasi zen. Esaten zidaten: ‘Txapela pasatzen hasi beharko zinateke’», azaldu du Jacksonek —bere izen artistikoa da—. Ezaguna da Donostian. Hiriz hiri ibiltzen da bertan ari ez denetan. «Animatu nintzen, eta kalera egin nuen jauzi. Ikusle gehiago nituen kalean, energia hobea zen, jendeak gehiago disfrutatzen zuen, eta horrelaxe erabaki nuen kalean segitzea. Hau da gustatzen zaiguna, bizia ematen diguna».
Argentinarra da Fernando esataria. Hogeita bost urte daramatza kaleko artista gisa lanean. «Beharrak eraginda» hasi zen horretan lanean: «Argentinarron ezaugarrietako bat da krisian bizitzea. 22-23 urte nituela, eta krisirik latzenetako batean, honetan hasi nintzen: capoeira egiten nuen orduan, akrobaziak… eta animatu nintzen kalean ikuskizun bat egitera. Horrelaxe bihurtu zen nire bizitzeko modua». 2005ean hasi zen udako denboraldia Europan egiten. 2018an ezagutu zituen Dragons taldeko kideak —Jackson da horietako bat—. Pentsioetan eta lagunen etxeetan hartzen du aterpe. «Sakrifikatua da hau, familia han utzita hona etorri beharra —bi seme eta emaztea dauzkat—. Baina beharrak estutzen zaituenean, ahal den tokian dago bidea zabaldu beharra».
Kalearen askatasuna
Kasu berdintsua da Hernan Gaczynski argentinarrarena ere: «Nire lana nire pasioa da. 11 urteko seme bat daukat, eta gauero hitz egiten dut berarekin. ‘Noiz etorriko zara? Zure falta sumatzen dut’, esaten dit. Atera kontuak: seme batengatik duzun maitasuna baino indartsuagoa da hau niretzat». 16 urte zituenetik da kaleko artista —47 ditu orain—. Margolanak egiten ditu aerosolak erabilita. Bulebarreko eskaileretan dauzka kolorez beteta eta ikusgai jarrita. Maite du kalea: «Kaleko artea da artistak benetan sentitzen duen hori egiteko aukera bat. Aldiro, egin nahi duen hori egiteko aukera ematen diona».
Gaczynskirena Europan egiten duen udako bosgarren denboraldia da. «Ezagutzen nuen Donostia. Europara iritsi nintzen aurreneko aldian, Donostia izan zen ezagutu nuen lehen hiria. Hemengo kaleetan lanean ari ziren herrikideek esan zidaten hau paradisua zela kaleko artistentzat». Eta hala da? «Ikusle bikainak dira euskal herritarrak. Ongi onartzen dute proposatzen dieguna: bai artelanak eta bai ikuskizunak. Harrera ona egiten digute beti». Iruñean izan zen, Gasteizen ere bai, eta Bilbora joango da Donostiako jaiak amaitzen direnean: «Furgoneta batean ibiltzen naiz batera eta bestera, eta lo ere bertan egiten dut. Nire materiala, nire aerosolak… nire bizitza guztia dago furgoneta horretan».
Kasualitatea izan da, benetan. «Bulebarraren hasieran dagoen margolariarekin konpartitzen dut furgoneta bat», esan du Guido Ursino gazteak, Ursino magoak, halakoetan ostatu non hartzen duen galdetutakoan. «Ursino da nire abizena, baina ez nuen nahi nire izen artistikoaren amaieran ezezko bat agertzea, zera negatibo hori saihestu beharrekoa da, eta horregatik jarri nuen Ursini». 23 urteko argentinarra, bost urte zituenetik dago magiari kateatuta. «Mago izateko ikasi dut, eta ikasten eta prestatzen segitzen dut. Garrantzitsua da artista batentzat prestakuntza horrekin jarraitzea. Argentinan, gainera, bada tradizioa. Telebista saioak, lehiaketak… Horietakoren bat irabazitakoa naiz».
Ursinorena Europan egiten duen udako laugarren denboraldia da. «Hiru hilabete egiten ditugu hemen, Argentinan denak utzita: gurasoak, seme-alabak… Ez da erraza, baina amets honen bila gatoz». Karta sortekin ez ezik, hitzekin ere egiten du magia Ursinok. Haren aldarria: «Badago halako uste oker bat: kalekoa delako gurea ez dela baleko artea. Gu kalean aritzen gara ez garelako egoten lana guregana noiz etorriko zain. Plazara irten eta neure lana neuk sortu dezaket. Dirua ez da etortzen, diruaren bila joan egin behar da. Eta hau gustatu egiten zaigu, artearen bidez betetzen dugu gure arima. Saria txanponez harago doa. Haurrak gerturatzen zaizkizunean eta esan: ‘Nik ere magoa izan nahi dut, zu bezalakoa’. Miresmen horrek arima ferekatzen dizu».