ATZEKOZ AURRERA

Kalamuaren sarea, hazten

Kalamu haziak, olioak, infusioak eta erretzeko tresnak egon dira salgai, besteak beste, Expogrow kalamuaren nazioarteko azokan. Industria geroz eta handiagoa dela esan dute saltzaileek.

Expogrow azokako erakusmahaietako bat, atzo, Ficoban. IDOIA ZABALETA / FOKU.
ane insausti barandiaran
Irun
2022ko irailaren 11
00:00
Entzun
Kolore guztietako gozoki, kaxa eta tresnak daude erakusmahaietan eskura, baina bada kolore bat gailentzen dena: berdea. Eta bada seinale bat azokaren muina zer den argi uzten duena: kalamuaren usaina. Atzo eta herenegun egin zuten Expogrow nazioarteko azoka, Irungo (Gipuzkoa) Ficoban, Kalamuaren azoka bat baino askoz ere gehiago lelotzat hartuta. Bederatzigarren aldia izan du aurten.

Expogrow du izena azokak, eta ez alferrik: haziz doa azoka, haziz doazelako, harekin batera, kalamuarekin lotutako industria eta sarea: haziak, olioak, infusioak, erretzeko tresnak... denetik aurki daiteke Ficoban azokak hartutako 5.000 metro koadroetan. 180 erakusmahai daude guztira, hiru gunetan banatuta.

Erakusmahaiez gain, kanpoaldean, janari furgonetak, puzgarri bat, eta jateko eta edateko tokiak daude, eszenatokiarekin batera. Izan ere, kontzertuak ere egin zituzten atzo. French Touch Squad, Anthony B eta Iseo & Dodosounden musikak girotu zuen gaua Ficoban.

Azoka bisitatu ondoren, kanpoko gunera bidean daude Jon Lopez eta Raul Bastida. Bigarren aldia du Lopezek, eta lehenengoz bisitatu du azoka Bastidak. Logroñotik (Espainia) joan dira, eguna pasatzera. «Interneten eskuragai ez dauden gauza asko aurkitu daitezke, denetarik baitago: erretzeko objektuak, haziak, pipak...», esan du Lopezek. Ikusitakoak ikusita berriro etorrikodirela esan dute.

Barruko gunean, erakusmahaien artean oinez dabiltza Alba Notario eta Anny Ramos, eta poltsa bana daramate eskuan. Castellongoak (Espainia) dira, eta asteburua Irun inguruan pasatu dute: «Etortzen garen lehen aldia da, eta azoka txukuna iruditu zaigu. Aukera handia dago marken artean», azaldu du Notariok.

Bezeroak erakartzeko, pizgailuak banatzen dituzte, edo kalamu haziak zozkatzen dituzte erakustokietan daudenek. French Touch hazi enpresarena da erruleta horietako bat, berdea, horia eta gorria: «Ofizialki sortutako lehenengo hazi bankuetariko bat gara; oraindik Frantzian legezkoa ez zenean sortu genuen enpresa», aurkeztu du Frantziako etxea Sebastian Lirak.

Urteak daramatzate Ficobako azokara joaten, eta beste hainbat markak eta produktuk hartu dute aurten aterpe haien postuan, ahalik eta aukera gehien eskaintzeko: ongarriak, erretzekoCBDak, tatuajeak, kamisetak... denetik daukate salgai: «Ahalik eta bezero gehien erakartzen saiatzen gara, eta saretzeko ere balio digu», adierazi du.

CBD Alchemy postua dago Frantziako enpresaren parean, eta bertaratutako jendea artatzen ari da Angela Gagliardi. Italian, Espainian eta Berlinen dituzte denda fisikoak, besteak beste. Europako hainbat herrialdetara banatzen dituzte ekoizpenak. Infusioak, olioak eta loreak dituzte ikusgai, besteak beste: «Elikagaietan ez gara gehiago sartzen, legeari dagokionez arazorik ez izateko; olioekin eta loreekin konformatzen gara», esan du Gagliardik.

Industria, «profesionala»

Kontsumorako produktuak alde batera utzita, lege kontuekin laguntzeko asmoz joan da Raquel Galiano Puebla azokara. THC abogados taldeko kidea da, eta industria handitzen ari zela ikusita erabaki zuten kalamuari buruzko adar bat sortzea enpresan. «Ahotsa jasotzea erabaki genuen, sektore asko baitabiltza gaur egun kalamuaren inguruan lanean, eta oraindik estigmatizatuta baitago; guk proiektuak legezkoak izan daitezen laguntzen diegu».

Industria geroz eta «profesionalagoa denez, kontsumitzaileen profila aldatzen ari dela uste du abokatuak. «Lehen, institutuetako nerabeak ziren nagusi bezeroen artean, baina, orain, gaixotasunak dituzten adinekoak, medikuak, abokatuak... jende asko dabil kalamuaren sarean bueltaka». Legea aldatzeaz gain, estigma txikitzeko konponbidea argi dauka abokatuak: «Informaziorako sarbidea denek izatea, informazioa boterea baita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.