ATZEKOZ AURRERA

Kalamuaren jolas parkea

Europako kalamu azoka handienetako bat da Expogrow, eta martxan da dagoeneko Ficoban, Irunen: 181 enpresa batu dira azokaren zazpigarren aldian, eta bihar arte bisitatu ahal izango da.

Lau pabiloi bete ditu Expogrow azokak, eta estalperik gabeko gunea ere badu, kontzertu gune eta guzti. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maialen Unanue
Irun
2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Irungo (Gipuzkoa) Ficobara gerturatu ahala aditzen da: usain fina, leuna, lasaigarria. Urtean behin gertatzen da, irailero, Expogrow kalamuaren azoka izaten den egunetan. Azoka handia da; Europan egiten direnen artean handienetako bat, izatez: 5.000 metro koadro, lau pabiloitan banatuta, eta beste 7.000, estalperik gabe. Azokaren sarrerara hurbildu ahala, handituz doa usaina, eta, hortxe, parez pare, Expogrow, kalamuaren azoka. Edo jolas parkea, nondik begiratzen den. Urteroko azoka seinalatu bihurtu da: kalamua eta kalamuarekin zerikusia duen edozer topa daiteke han. Atzokoa, lehenengo eguna, enpresentzat zen; gaur eta bihar publikoari irekia izango da.

Sartu orduko, gozokiak: ezin zuten huts egin, ez dago gozokirik ez duen jolas parkerik. Era eta kolore askotakoak: urdinak, laranjak, berdeak. Gehienak, CBDdunak. Herbehereetako Canashok etxearena da postua: gailetak, karameluak, madalenak, krispetak... Aroa Lopez dago saltzaile, lasai antzera: «Egun lasaia izaten ari da, enpresentzat delako, baina bihar [gaur] eta etzi jende asko espero da».

Erraza da galtzea pabiloi bakarraren barruan zein batetik bestera pasatuta. Eta ez da harritzekoa: 181 enpresa batu dira Expogrown, eta 164 postu jarri dituzte. Postu asko, eta langile asko, norbere enpresako produktuak saltzeko prest. Postu askotan erruletak dituzte, eta, haien inguruan, jakin-minez inguratzen den jende ugari: oparitxoak ustez doan ematen dituzte, zenbait datu pertsonalen truke. Beste mota bateko karameluak, bisitariak erakartzeko.

Jolas parkean bueltaka dabil Diogo Andrade. Portugaldarra da, musikaria, eta kontzertua emango du gauean Kumpania Algazarra taldearekin. Galduta dirudi, baina kontzentratuta baino ez dago, zer probatuko. «Buelta bat egitea pentsatu dut, zer dagoen ikusi, eta, ziurrenik, zeozer eroriko da», esan du, barrez.

Palentzian (Espainia) eta Bartzelonan ditu egoitzak The Plant Organic Seeds enpresak. «Haziak baino ez ditugu saltzen: hazi organikoak dira, barrualdean landatuak», azaldu du Elena Ortegak. Iaz izan ziren lehenengo aldiz Expogrown, eta hain gustura egon ziren, errepikatzea erabaki dute. «Haziak saltzeaz harago, sare komertzial interesgarria osatzeko aukera ematen du azokak».

Batzuek lan, besteek jai

Zenbat eta barrurago sartu, orduan eta jende gehiago dago, baita mahai baten bueltan lasai esertzeko aukera gehiago ere. Sergio Gonzalez, baina, batera eta bestera dabil. Kalamuaren kontsumorako elkarte bateko kidea da Zaragozan (Espainia): «Guk ere antzeko azoka bat antolatzen dugu han; hona etorri gara sektoreko beste enpresa batzuekin harremanetan jartzeko eta hurrengo ikasturteaz jarduteko».

Hamar urte inguru daramatza Maria Josefa Pellejero Gonzalezek garagardo kalamuduna egiten; erruz saltzen omen da. Familiako negozio txiki bat du, Cannabisur, eta Granadatik (Espainia) joan da Ficobaraino. «Garagardoaz gain, txokolatea daukagu, karameluak... Baina, batik bat, kukuluak saltzen ditugu, infusiotarako... CDB olioa ere badaukagu, edozein gaixotasun mota arintzeko: esklerosi anizkoitza, epilepsia, fibromialgia...».

Pare bat poltsa eskuan ditu dagoeneko Gasteizko David Guerrak. «Azokan parte hartzera etorri ohi gara Ai Laket elkartekoak, baina aurten oporretan etorri gara, nobedadeak jakin eta eskaintzen digutena probatzera». Bigarren pabiloira baino ez da iritsi oraingoz: «Hiru egunetarako etorri gara: ez dago presarik». Jolas parkean barrena abiatu da Guerra, atrakzio gehiagoren bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.