ATZEKOZ AURRERA

Kalamuak baditu mila aurpegi

Expogrow egiten ari dira asteburuan Irunen, Kalamuaren Nazioarteko Foro Soziala. Europan kalamuaren inguruan dagoen azoka handienetakoa da; 800 profesional inguru bildu ditu.

Askotariko kalamu haziak topa daitezke asteburu honetan Irungo (Gipuzkoa) Ficoban egiten ari diren Expogrow azokan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Irun
2015eko irailaren 13a
00:00
Entzun
Landareen artean erregina da kalamua, hainbat adituren iritziz. Uste horretakoa da Segonte Sekasse. Merindol (Frantzia) herritik iritsia, kalamu olio esentziaren ezaugarrien berri ematen aritu zen atzo Irungo (Gipuzkoa) Ficoban, Expogrow azokan. Laugarren aldia da Renovatio fundazioak kalamuaren inguruko foroa antolatzen duena. Han, gogotsu zebilen Sekasse, Hemp Service Instituteko kideekin batera. Aroma terapiarako eta hainbat erabilera terapeutikotarako kalamu-olio esentzia «sekulakoa» dela uste du Sekassek. Ez hori bakarrik. «Kalamu esentziaren tanta bakar bat litro bat ur eta azukrearekin nahastuz, limoi edari goxoa egin daiteke».

Izan ere, milaka aurpegi ditu kalamuak. Milaka erabilera posible. Limoi edaria egiteko bezala, garagardoak. Edo infusioak. Kalamu industrialaren bidez, infusikoak eta elikagaiak eraman zituen Granadatik (Espainia) Elisabet Puigek: «Txokolatea ere badugu. Lehen aldia dugu azokan, eta oso gustura gaude».

Ficoban sektoreko 150 erakus-mahai baino gehiago jarri dituzte, eta 800 profesional baino gehiago bildu dira. Iruñeko Fermin Les azokako zuzendarietako bat da. «Gure marka hautsi dugu. Enpresa asko datoz, babesle gisa, eta, horri esker, kontzertuak ere antolatzeko modua dugu». Kalamuari lotutako erakusmahaiak barnean bai. Eta kanpoan, gauean, musika ere badute. Besteak beste, Third World taldeak eta Flavia Coelho musikariak abestu dute; gaur, Frantziako Collectif 13 taldeak joko du, 18:30ean —gaur itxiko dute azoka—.

Kalamuaz egiten ari diren hitzaldi eta mahai inguruak Europan «bakanak» direla uste du Lesek. Uruguain legedia lantzen ari den Augusto Vitale eta Ameriketako Estatu Batuetan drogen ondorioak sakon aztertu dituen Ethan Nadelmann nabarmendu zituen zuzendariak. «Euskal Herriko elkarteek interes handiarekin entzun dituzte hitzaldiok».

Gaiaz informazioa izateari garrantzia eman diote bisitariek. Donostiako Borja Matias elkarte bateko kidea da: «Gaiaz jantzi behar dugu; zenbat eta informazio gehiago izan, askoz hobe denontzat». Gipuzkoako Tolosako eta Okzitaniako Tolosako lagun taldeak ere baziren azokan. Okzitaniako talde batek lehen urtea zuen Expogrown, eta gakoa «moderazioa» dela adierazi zuen. Gipuzkoako kuadrilla batek hirugarren urtea zuen, eta, aurreko urteetako «esperientzia onak bultzatuta», errepikatzea erabaki zuen. Bisitariak ugari azokan; iaz 17.000 pertsona izan ziren. Gaurko kopuruaren faltan, lau urteotako marka hausteko ez da urruti ibiliko.

Arautze arduratsuaren bila

Nazioartean kalamuaren inguruan lan handia egiten ari den beste aditu bat ere Irunen zen atzo: Franco Loja italiarra. Amsterdamgo Green House hazi bankuaren managerra da, eta galtzen ari diren kalamu espezieen inguruko dokumentalak ekoizten ditu —Strain Huntersekin—. «Gure proiektu berria Green House Medical da. Datuak biltzen ari gara, erabilera terapeutikoei begira». Lojak argi zuen eman beharreko mezua: «Kalamua ez da bakarrik dibertsiorako substantzia bat; sendagaia ere bada». Zientzia ikerketaren bidez, landare mota berriak ekoizten saiatzen ari da berak zuzendutako taldea, medikuntzari begira.

Murtziako (Espainia) hazi banku bateko kidea da Mari Jose Vidal, eta «oso pozik» zegoen azokako giroarekin. Etorkizun hurbilari begira, honako aldarri hau egin zuen: «Gauza asko daude hilgarriak direnak. Kalamuak ez du inor hil; lagundu egiten du, eta ea legeztatzen duten».

Lege kontuez arduratzen diren abokatuak ere baziren azokan. Halaber, arautze eta legeztatzean aurrera egiteko asmoz, Regulación Responsable plataforma aurkeztu dute (Arautze Arduratsua). Expogrowko zuzendariak egitasmo horren eskakizunak goraipatu zituen: «Estatuan erabilera guztietarako arautze arduratsua eskatzen du. Debekatu ordez, arriskuei aurre egin behar zaie, arduraz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.