Begiak itxita sartzen den edonork asmatuko du zertaz inguratuta dagoen. Usaimenarekin bakarrik. Egunotan Irungo Ficoba erakustazokara joaten den bisitariak kalamua usainduko du atea gurutzatu eta berehala. Herenegun hasi eta gaur arte, Expogrow azoka ari dira egiten Irunen (Gipuzkoa). Kalamua du ardatz azokak, baina kalamuaren bueltan ekintza ugari antolatu dituzte. Kontzertuak daude, eta gaiaren inguruan eztabaidatzeko jardunaldiak ere izan dira, besteak beste.
«Azoka bat baino zerbait gehiago da Expogrow: festa handi bat da», azaldu du Fermin Les, Expogroweko zuzendariak. Nazioartean sona duten sektoreko enpresarik garrantzitsuenek parte hartzen dute egunotan Expogrown. Herbehereetatik etorritako Green House Sed, edota Kaliforniako (AEB) General Hydroponics Europe, adibidez. Askotariko salmahaiak aurkitu daitezke. Kalamua etxean landatzeko tramankuluak, haziak, ongarriak, kalamua zaporeko gozokiak doan eskaintzen dituzten saltzaileak, kamisetak... Denetarik dago, eta askotarikoa da batera eta bestera ikusmiran eta erosten dabilen jendea ere. Hemezortzi urtetik hurbil ibiliko diren gazteak —azokara sartzeko adin nagusi izatea beharrezkoa da—, eta helduak, ingelesez zein frantsesez batzuek.
Haziak eta grinderrak —kalamua xehatzeko balio duten tramankuluak— saltzen ditu Hugok. «Nahiago dut abizenik ez esan, badaezpada ere». Lankide batekin batera, Bilbon Recoje y Siembra izeneko saltoki bat du.«Guk egiten ditugun haziak dira hauek, Eusko Label markakoak. Sari batzuk lortu ditugu dagoeneko», dio irribarrez alboan duen armairura seinalatuz. Mundu osoan bidaiatu dutela gaineratu du, hazi askotarikoak ezagutu eta eurena hobetzeko. Azoka erakusleiho ona da. «Jendeak gu ezagutu, eta informazioa partekatzeko aukera paregabea da hemen egotea».
Handik metro batzuetara dagoen saltokian jendea lurrungailu batekin ari da kalamua kontsumitzen. «Hiru edo bost segundo itxaron, eta lurrundu egiten da. Te bero bat izango balitz bezala xurgatu behar duzue orain», eman ditu azalpenak saltzaileak. Anjel Ibarrondo da probatzen ari dena. Bilbotik etorri da neska-lagunarekin batera. «Berrikuntza handia dagoela iruditzen zait. Etortzen naizen lehen aldia, baina itxura oso ona dauka azokak».
Sektorearekin lotutako argitalpenak ere aurkituko ditu bisitariak. Cañamo aldizkaria da horietako bat. Bartzelonan sortu zen duela hamasei urte. Medikuntza, marihuana, kalamua, legeria edota musika jorratzen dituzte.Lourdes diseinuaz arduratzen da. Zaila iruditzen zaio kalamua legeztatzea. «Urte askoan gizartea beldurtu dute txarra dela esanez, eta ez da horrela. Harreman normalizatu bat posible da, gehientsuenok alkoholarekin dugun bezala. Baso bat ardo egunero edatea osasuntsua den bezala, kalamuak ere, neurrian, ez du kalterik egiten. Heziketa ezinbestekoa da».
Autokontsumoa sustatzeko
Expogrow kalamuarekin lotuta Europa osoan egiten den azokarik handiena da, antolatzaileen arabera. Azokak berak 12.000 metro koadroko eremua du. Kalamuaren autoekoizpena eta autokontsumoa sustatu eta aldarrikatzeko sortu zen azoka iaz. 16.000 bisitari izan zituen, eta aurten kopuru hori gainditzeko asmoa dute. «Adin jakin bateko kontsumitzaileak dira batik bat, etxean ekoizten duen jendea», dio Les azokako zuzendariak.
Bide batez, kalamuaren legeztatzeari buruzko eztabaida gizarteratzeko ere egiten dute azoka. Legeztatzera iritsi bitartean, legeak uzten dituen zirrikituak baliatzen dituzte kontsumitzaileek. «Norberak kontsumitzeko bada, ekoiztea legezkoa da, baina, beste edonori saltzeko bada, ez», dio Lesek. Legeak ez du argi zehazten zenbat ekoizteko aukera dagoen, ordea. «Urtebetean kontsumituko duzuna etxean edukitzen uzten dizute, eta taldean ekoizteko aukera ere badago, taldeko partaideek kontsumitzeko soilik».
Euskal Herrian kalamuaren aldeko hainbat elkarte daude. EUSFAC kalamuaren euskal federazioa 50 elkartek osatzen dute. «Katalunian ez ezik, hemen ere indar handia dute elkarteek», jarraitu du. «Legeztatzeak abantaila handiak izango lituzke. Ustelkeria eta mafiak desagertu, eta zergetarako baliatuko litzateke dirua. Baina, gizartea beti joaten da legearen aurretik ».
Ezarian. Expogrow azoka
Kalamua legeztatzea jomugan
Expogrow azoka egiten ari dira egunotan Irunen, kalamuaren autoekoizpena eta autokontsumoa sustatzeko; nazioarteko sektoreko enpresa garrantzitsuenak daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu