Kalamuaren etxea da Cannaenea. Landare horren askotariko erabilerak ezagutarazi nahi ditu Fermin Vallsek (Iruñea, 1993), Iruñeko Alde Zaharreko bihotzean duen dendan: «2020ko apirilean zabaldu genituen ateak; kalamuan espezializatutako lehenengo denda da». Kuria kaleko 4. zenbakian kalamuarekin egindako kosmetikoak, ehun gaiak eta materialak aurkitu daitezke.
Zer da Cannaenea?
Kalamuarekin egiten diren produktuak ezagutarazteko eta banatzeko leku bat da. Kalamu landarearekin gauza asko egin daitezke, eta horiek ezagutzera ematea da gure helburua, bereziki gure komunitatean; azken batean, proiektu honek pertsonak ditu ardatz. Kalamua modu soil eta zintzo batean erabili nahi dugu. Ez dugu ahaztu behar kalamua izan zela gizakiak landatu zituen aurreneko landareetako bat.
Oso landare zaharra da.
Txinan dauka jatorria. Duela 8.000 edo 10.000 urte landatzen zen han. Asiatik mundura hedatu zen, bereziki klima epeletan eta hezeetan. Historiari erreparatuz, erabilera anitz izan ditu: medikuntzan erabiltzen zen, baina ehungintzan ere bai, ontzigintzan... Landarearen parte guztiak erabili izan dira, sustraietatik loreetara, eta horregatik esan izan da txerri begetala dela. Garrantzi handia izan du historiako mugarri handietan: kalamuarekin egiten ziren ontzien belak eta sokak, margolarien mihiseak... Amerika konkistatu zutenean landatu zuten lehen landarea kalamua izan zen.
Baina, kalamu hitza entzutean, marihuanan pentsatuko dute gehienek...
Oso estigmatizatua dago landare hori. Propaganda handia egon da. Duela 70-80 urte arte asko erabiltzen zen hemen. Nafarroan kanaberadi asko zegoen; saskigintzan, sokagintzan eta ehungintzan erabiltzen zen. Zaldi Zuria ostatuan oraindik ikus daiteke non lotzen ziren kalamuzko sokak, horiek txirikordatzeko. Interes jakin batzuengatik utzi zitzaion erabiltzeari, eta herrialde askotan debekatu egin zuten. Marihuana aitzakia bat baino ez zen izan kalamua eta hark ekonomikoki ekar zezakeen guztia debekatzeko. Horren kontra egin nahi dugu guk.
Esan izan duzu erabilera infinituak dituela.
Hain ezagunak ez diren alderdietan jarri dugu guk arreta, kalamu landarearen erabilera infinituetan. Cannabisaren sektorearen barruan gaude, baina oso kanpo sentitzen gara. Landareak askoz potentzial handiagoa du, eta guk hori esploratzeko asmoa genuen. Elikaduran eta kosmetikan erabil daiteke kalamua, baina baita eraikuntzan ere.
Eraikuntzan?
Higroskopizitate oso handia dauka, hau da, hezetasuna erregulatzeko ahalmena. Alde horretatik, ez dago haren pareko zuntzik. Oso ondo eusten dio urari, baita bere pisua halako lau edo bost izanda ere. Era berean, isolatzaile termiko eta akustiko ezin hobea da. Karearekin landuz, oso mortero natural ona lor daiteke; oso ondo landu daiteke iztukua egiteko, sare moduko bat sortzen baitu. Frantzian asko erabiltzen da eraikuntzan, baita babes ofizialeko etxeak egiteko ere.
Kosmetika marka bat ere baduzue: Lorenea.
Bai. Iparraldean ekoizten den kalamu industrialarekin egiten da; guk ontziratzen eta etiketatzen dugu. Lorenea gure marka propioa da. Pirinio Atlantikoetan dauka jatorria, Landetatik gertu. Kremak, olioak, baltsamoak, lozioak, serumak, xaboiak... denetarik dugu.

Eta zer gehiago egin daiteke kalamuarekin?
Kamisetak, poltsak, txanoak, mantalak, motxilak... Ehungintzan asko erabili izan da. Zakuak kalamuarekin egiten ziren... Zelulosa egiteko erabil daiteke, zuhaitzen zelulosa halako bi baitu, baina baita bioerregaiak eta bioplastikoak egiteko ere. Inprimatze digitalerako aukerak ere badira.
Eta elikaduran?
Infusioak, garagardoak, galletak, gurinak, esne begetalak, mokaduak... Aminoazidoetan oso aberatsa da, omega 3 eta omega 6 aminoazidoetan. Elikagai bakarra da aminoazido horiek gorputzak dituen ratio berean dituena. Oinarrizko bederatzi aminoazidoak ere baditu, gure gorputzak berez sortzen ez dituenak, eta proteina begetala. Burdina, magnesioa, fosforoa, zinka... Horiek ere baditu. Landare honen etorkizuna oparoa da.
Molekula kontua omen da.
Bai. Kalamuak bi molekula ditu: THC eta CDC. Tetrahidrocannabinol molekulak propietate psikotropikoak ditu, hau da, kolokatu egiten gaitu, gure kontzientzia eraldatu. Cannabidiola, berriz, medikuntzan erabiltzen da. Antiinflamatorioa, analgesikoa eta antsiolitikoa da. Kalamuaren sektorea horregatik handitu da horrenbeste azken bost edo hamar urteetan. Estatu Batuetan, Kanadan eta Suitzan duela hogei urte izan zen goraldia. Gure aurretik doaz. Espeziearen eta barietatearen arabera, molekula bat edo bestea indartzen da. Erabileraren arabera, barietateak gurutzatu daitezke.
Kuria kalean dago Cannaenea.
Bai. Iruñeko Parte Zaharrean egotea oso inportantea da guretzat. Hemengoak gara, eta hemen egon nahi genuen. Auzoarekin konpromiso bat daukagu. Jende asko pasatzen da hemendik. Adinekoek esan izan digute krispetak iritsi aurretik kalamu haziak jaten zituztela zineman. Cañamón deitzen diete gazteleraz. Dendaren atzealdean hainbat jarduera egiten ditugu: ikastaroak, hitzaldiak, erakusketak... Lekua ere oso berezia da. Garai batean sinagoga bat egon zen hemen.
Kalamua Ikertzeko Nafarroako Elkartea ere sortu zuten. Zertan da elkartea?
2022ko azaroan sortu zuten. Ilusio handia piztu zigun, gure helburua baita landare honen aukera guztiak batzen dituen industria bat sortzea, eta uste genuen elkarte publiko hori aukera ederra zela. Kalamua landatzeko baimena lortu da, baina, zoritxarrez, ez da gauza handirik egin. Gardentasuna falta da. Euskal Herriarentzat oso aukera polita litzateke. Pena da: ez dira landaketa sustatzen ari, eta ez dago prozesatzeko bitartekorik. Kanadakoak eta Estatu Batuetakoak dira hemen kalamua landatzen ari diren enpresak.
Lotsabako
Leku bat?
Beorburuko San Bartolome ermita [Txulapain, Nafarroa]. Oso leku berezia da niretzat. Txikitatik joaten nintzen. Gurasoen etxeko bainugela ere aipatuko nuke. Arazoak konpontzeko nire txokoa zen.Liburu bat?
Jack Hererren El emperador está desnudo.