Kakaoa txokolate nola, datuak liburu hala. Gaiari buruzko haren jakituria entziklopedikoa eta pasio neurtezina elkarren segidako orrialde bihurtuta. Horixe da Rafa Gorrotxategi gozogile ezagunaren Txokolate liburua. Hori, eta txokolateari buruzko ikerketa historiko sakon bat, gutizia bera eta txokolategileak abiapuntu eta bidaide dituena, Euskal Herriaren garapen ekonomiko eta sozialean izan duten garrantzia aitortzeko. Memoriaren eta nortasunaren alde gozoa nabarmentzeko.
Txokolatea, zer bestela. Tolosako (Gipuzkoa) haren lantegia txokolatearen museo bihurtu duenak ez du bere pasioaren berri emateko besterik behar. Ez da alferrik Rafa Gorrotxategi maisu txokolategile dinastia oparo bateko kidea. Matias birraitona izan zen artzaintza utzi eta gozogile hasi zen lehena (1925), Jose Mari aitonak hartu zion hari lekukoa, eta Jose Mari aitak eraman zuen jarduna maila gorenera —Armintz eta Joanes semeak ere gozogileak dira, eta badute aitaren liburuan errezeta bana—.
Rafa Gorrotxategik dio «aspaldikoa» dela txokolatearekiko bere grina. Akordatzen da emazteak oraindik ezkondu aurretik oparitu zion bere lehen «txokolatera» hartaz, euskal txokolateen etiketekin egiten zituen bildumez, Juan Garmendia zenaren txokolatea egiteko makinaz —museoan dauka orain—, eta bildutako milaka eta milaka datuez. «Baina gure aitari 1982an gertatu zitzaionaren antzeko zerbait gertatzen zitzaidan. Bere museoa martxan jarri zuenean, aurreneko bisitarietako bat Joxemiel Barandiaran izan zen. Gure aitak egin zion bisita gidatu moduko bat, kontatu zizkion mila istorio, eta hura harrituta gelditu zen. Garbi esan zion: 'Hau guztia idatzi egin behar duzu'. Eta ez zuen idatzi, eta ikusten nuen neure burua egoera berean. Banituela mila datu gordeak, nahi nuela horri buruz idatzi, baina ez neukala gaitasunik horretarako. Datuak jar ditzaket modu soltean, baina ez dute gidoirik eta ez dute lotura egokirik», azaldu du Gorrotxategik.
Ekitaldi bat izan zen abiapuntua. «Laboral Kutxako arduradunekin egin nuen bertan topo, eta Xibarit argitaletxekoekin ere bai. Hasi ginen hizketan, eta,noski, nik nire gai bakar hori neukan: txokolatea. Niri ez hitz egin futbolaz edo pilotaz, ez baitut ideiarik. Txokolatea, txokolatea eta txokolatea. Gustatu egin zitzaien gaia. Eta hasi ginen forma eman nahian».
Alvaro Bermejo historialari eta idazlea arduratu da Gorrotxategiren datuak josteaz eta kontaketa zentzudun batean harilkatzeaz. «Hainbat bilera egin nituen berarekin, eta benetan erraza izan da. Historialaria baita, eta badu hemengoari buruzko ezagutza. Dena lotu du bikain: txokolateari buruzko datuak, datu historikoak eta bestelakoak. Jendea harritu egingo da. Oso irakurterraza, erreala eta originala gelditu da».
Venezuelako kakaoa
Ezagunak dira Orbea, Maiztegi, Gereka, Onena, Garaikoetxea, Malkorra, Zahor, Elgorriaga... Euskal Herriko ehun txokolategi baino gehiago daude liburuan bilduta. «Ezagutzen duguna azken burukoa da, nolabait. Enpresen izenak-eta oroitzen ditugu, baina horren aurretik sekulako historia dago txokolatearen inguruan. Txokolategile artisau mordoa zegoen Euskal Herrian. Ez zegoen orain adina taberna. Sagardotegiak zeuden eta txokolategiak zeuden. Gosaldu, txokolatearekin egiten zen. Kafea baino askoz lehenago iritsi zen hona txokolatea», azaldu du Gorrotxategik.
Tolosako gozogileak dio Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarraren jarduna izan zela horretan erabakigarria. Piraten jardunaren kontra Azkoitiko zalduntxoek egindako proposamena, ordainetan lortutako Venezuelako kakaoaren monopolioa, Euskal Herrira iritsitako milaka tonak eta haien onurak... Etenik gabeko jarioa da Gorrotxategirena: «Munduko txokolate kontsumitzailerik handienak izan ginen, eta ekoizpenean ere potentzia».
Jasota daude liburuan beste txokolategile familia batzuk ere: Jose Maria Iparragirrena, Telesforo Aranzadirena, Jose Antonio Agirrerena... Azken horri buruzkoak kontatu ditu Gorrotxategik, pasarte eder batekin: «Gure aitari pastelgile deitzen ziotenean, haserretu egiten zen: 'Aizu! Pastelgileak politikariak dira, ni gozogilea naiz'». Izan ere, Gorrotxategik azaldu du lehen gozogileak kandelagileak zirela izatez. Eztia eta argizaria bereizten zituzten, eta turroia egiten hasi ziren eztiarekin eta almendrarekin. «1512tik aurrera, kakaoa iristen denean, kandelagile horiek kakaoa hartu eta txokolatea egiten hasten dira. Hortik dator kandelagile-gozogile-txokolategile. Agirre lehendakariaren familia txokolategilea zen, Chocolates Bilbainos enpresakoa. Horregatik deitzen zioten 'lehendakari txokolategilea'. Baina hura haserrearazi edo gutxietsi nahi zutenek, 'lehendakari pastelgilea' deitzen zioten».
Armintz Gorrotxategi semea sartu da bulegoan, eta asmatu du dena laburbiltzen: «Aitak transmititzen duen pasio hori barruraino iristen zaizu».
Kakao zaporea duten orriak
Rafa Gorrotxategi gozogileak 'Txokolate' izeneko liburua aurkeztu du. Azterlan sakon bat da, eta aitortza bat txokolateak eta txokolategileek Euskal Herriaren garapenean izan duten garrantziari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu