Alde batetik, Barakaldo, Sestao, Santurtzi. Hondoan, Serantes mendia, Punta Galea lurmuturra eta itsasoa, eta eskuinetara, Leioako unibertsitateko eraikina. Beste aldean, Bilbo, Iberdrola dorrea eta itsasadarraren gainera kulunkatzen diren garabiak. Dena lotuz, jostailuzkoa dirudien autobidea. BECeko dorretik, itsasadarraren inguruak kaioaren begietatik ikusteko aukera du bisitariak, luze eta zabal.
Asteburu honetan Open House ekitaldia egiten ari dira Bilbon, Barakaldon eta Getxon (Bizkaia).Normalean herritar arruntentzat itxita egoten diren eraikin, jauregi, antzoki, azpiegitura eta antzekoak barrutik ezagutzeko aukera ematen du jaialdi honek: bisitak doakoak dira, eta ez da aldez aurretik izenik eman behar, nahiz eta, batzuetan, luze itxaron behar aukeratutako eraikina bisitatu ahal izateko, ikusle kopuru handia dela eta.
Aurten, itsasadarra da Open House deialdiaren ardatza, eta 70 eraikin baino gehiago bisitatu ahal dira. Batzuk ezagun samarrak dira: Bilboko Arriaga antzokia, Azkuna zentroa eta Arte Ederren Museoa, esaterako. Beste batzuk bitxiagoak dira: adibidez, Getxoko Etxe Sorgindua, Deustuko La Cava etxea, eta Barakaldon Orconera eta Sefanitro enpresek erabiltzen zituzten zamatze tokiak. Besteak beste, BECeko dorrera igotzeko aukera ere egon da aurten.
Dozena bat lagun abiatu dira igogailuan BECeko terrazaraino; erdiak, umeak. Hutsik topatu dute terraza ondoko aretoa: gidariak azaldu duenez 700 boluntario inguru aritu dira lanean, besteak beste, bisitariei eraikinen inguruko xehetasunak emateko,bezperan ezkontza bat ospatu dute han, eta oraindik gelditzen dira horren aztarnak. Kafetegia eta jatetxea dago zazpigarren solairuko gune horretan. Ez dute egunero zabaltzen: bezeroek eskariz eta norbaitek lekua alokatzen duenean baino ez dute zerbitzu hori ematen.
Bista ikusgarriak
Ederra da terrazatik atzematen den ikuspegia, eta apur bat zorabiagarria ere bai: dudarik gabe, umeak dira hobekien pasatzen ari direnak, leku batetik bestera lasterrean. Handik ederto ikusten dira azpiegiturak hartzen dituen18.000 metro koadroak, pabiloiak eta Bizkaia Arena ekitaldietarako aretoa. Duela hamabost urte zabaldu zuten erakustazoka berria: etzi egingo dute 15. urteurreneko ospakizun ekitaldia.
Baina badago gorago jotzerik. Auditoriumetik eta batzar geletatik igaro ostean, igogailura egin dute berriro bisitariek, umeen algaren artean, eta 16. solairuan jaitsi eta eskailera batzuk igo ostean, dorrearen goiko partera iritsi dira. 98 metro luze da BECeko dorrea: Euskal Herriko eraikinik altuenen artean hirugarrena da, eta Bilboko Iberdrola dorreak eta Eslabako dorre eolikoak (Nafarroa) baino ez dute garaiera hori gainditzen.
Normalean, itxita egoten da gune hori, bisita gidatuentzat eta kontu berezietarako zabaltzen badute ere: gidariak gogorarazi duenez, auto enpresa ezagun batek telebistarako iragarkia grabatu zuen han. Ikuspegia edozein ikaratzeko modukoa da, itsasotik Loiuko aireporturainokoa.
Bisitaldia amaituta, ziztu bizian egin du igogailuak 16. solairutik harrera gunerainoko bidea. Igogailuko atea zabaldu denean, umeetako bat atera da eta, olgetan-benetan, belauniko jarri eta muin egin dio harrerako zoruari, «lurra, lurra!» oihukatzen duen bitartean.
ATZEKOZ AURRERA
Kaioaren begietatik so
Open House jaialdia egiten ari dira Bilbon, Barakaldon eta Getxon; horri esker, zenbait eraikin barrutik ezagutzeko aukera dago: BEC erakustazoka eta dorrea, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu