Kabunker taldeak irabazi du 'Gaztezulo'-ren bideo lehiaketa

Epaimahaiak lehen saria eman die Andoni Carnovich, Eneko Fernandez eta Aitor Ollo sortzaileei

Kabunker taldearen Mezu bat espaziotik animaziozko lanak lortu du lehen saria. GAZTEZULO.
urtzi urkizu
2021eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Aspaldi hilda dagoen astronauta bat, espazioan. Umorez jositako hitzak. Eta historiako zenbait kondairatako pertsonaien moldaketa laburrak. Espazioa eta hildako astronauta berriz ere, istorioari errematea emateko. Ez da bi minutura iristen, baina Kabunker taldeak sortutako Mezu bat espaziotik animaziozko bideoak badu mamia. Hori izan da Gaztezulo-ren XII. Bideo Lehiaketan lehen saria irabazi duen lana. Atzo gauean egin zuten sariak banatzeko ekitaldia, eta Gaztezulo-k Twitch plataformaren bidez eman zuen, zuzenean —berriki estreinatu du aldizkariak kanala plataforma horretan—. Ainhoa Azkue Nebukai-k egin zituen emankizuneko aurkezle lanak.



Mezu bat espaziotik bideo irabazlearen egileak Andoni Carnovich Arruabarrena, Eneko Fernandez de Miguel eta Aitor Ollo Urnieta dira. Epaimahaiak nabarmendu du estetikoki «oso-oso polita» dela lana. «Ideia ere originala da, benetan pentsatua eta landua. Animazio sinple baina ederra». Animazio «fina» eta istorioa «ondo kontatua» dituela gaineratu dute epaimahaiko kide Jon Plazaolak, Ane Irazabalek eta Izaskun Arandiak. Lehiaketaren hamabi urteetan, bigarren aldia da animaziozko bideo batek lehen saria lortzen duena.

Bigarren saria Ainhoa Mariscalen eta Jon Barbarroren Entzun film laburrarentzat izan da. «Mezuak konbentzitu gaitu. Belaunaldi berrientzako eta ez hain berrientzako kontuan hartzekoa», esan du epaimahaiak. Adineko emakume bat ageri da lan horretan, gazte garaiko kontuak gogoratzen.

Publikoaren saria Bapatekoak taldeak irabazi du, Lotzen gaituen hori bideoari esker. Sara Cacho, Garazi Fernandez, Irati Rubio eta Adrian Tubia dira talde horretako sortzaileak, eta haien lanak lortu du herritarren boto gehien.

Aurtengo lehiaketan, hogei bideo jaso ditu Gaztezulo-k. Aurreneko saria irabazi dutenek 1.200 euroko saria eramango dute; bigarren saria jaso dutenek, 300 euro; eta publikoaren saria bereganatu dutenek Gaztezulo-ren produktu eta opari sorta bat eskuratuko dute.

Lehiaketara aurkezten diren lan guztiek euskarazkoak behar dute izan. Irabazleekin batera, beste finalista hauek nabarmendu ditu epaimahaiak: Lotzen gaituen hori; Itzulera; eta Gero arte. Youtuben ikus daitezke horiek guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.