Kabareta: luma arteko argazkiak

Boladaka sortzen eta desagertzen da kabareta Euskal Herrian, baina ari da jendea kabareta egiten. Saretzearen falta sumatzen dute, eta zirkuitu baten beharra. Kabaretaren askatasuna eta transgresioa famatzen dituzte: lerrotik aparte ari direnen plaza dela; bazterrekoen erdigunea.

BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Badira boak lepoa itotzen dutenak, eta badira boak arima askatzen dutenak. Hitz horixe errepikatzen dute gehien: askatasuna. Kabaretean ari direnek, eta aritu direnek. Transgresioa, aldarrikapena, probokazioa, kritika eta inprobisazioa dela, eta lerrotik aparte ari direnen plaza, bazterrekoen erdigunea, apartekoen bilgunea, eta generoen arragoa. Luma arteko argazkiak.

Ez dago sarerik eta zirkuiturik. Euren kasa ari dira, eta bada lerro hauen bidez elkarren berri izan duenik ere. Boladaka sortzen eta desagertzen da kabareta Euskal Herrian (ere), baina mugimendua sumatzen da azken bolada luzean. «Oso genero herrikoia da, garai txarretarako sortzen dena, pobreziatik sortzen dena, eta horrek egiten du zerbait magiko, zerbait oso erakargarri», azaldu du Felipe Loza idazle, zuzendari eta aktoreak —besteak beste, Bilboko Pabiloi 6 antzerki laborategiak ondutako Cabaret Chihuahua eta Chichinabo Cabaret ikuskizunen zuzendaria da Loza—.

Chihuauha kabareta Bilboko Pabellon 6 antzerki laborategiak ondutako kabaret arrakastatsua da. Chihuauha

 

Testuinguruko historikoa: XIX. mendeko Frantzia, eta mespretxuz betetako hitz bat: kabaret. Taberna zulo bat, zulo zikin bat, oso behe mailako eta hiri inguruneetako zoko bat. «Baina askatasun gune bakarrenetakoa garai hartan: ez moralik eta ez poliziarik. Animazio neskak, hanpako kideak, proletarioak, burges gayak, eta intelektualak. Denak batera», nabarmendu du Lozak. Eta azalpen eder bat eman du kabaretak genero ezberdinak nola nahasten dituen ulertzeko: «Talde sozial bakoitzak elementu bat ematen zion kabaretari. Animazio neskek: erotismoa eta askatasun sexuala. Hanpako kideek: transgresioa. Proletarioek: kritika soziala eta politikoa —langileak mobilizatzen ari ziren garaia zen—. Intelektualek: abangoardia artistikoa —kabaret horiek performanceak egiteko toki aproposak ziren: musika, poesia...—. Eta burgesek: dirua, eta glamourra».

Lozak dio badagoela joera bat pentsatzeko kabareta genero «arina eta txikia» dela, baina ez dela hala: «Dibertsioa bilatzen du, baina aukera asko ematen du kritika soziala egiteko, eta baita metafisikoa ere, nahi bada. Kontua da jendeak barre egin nahi duela, baina ez du barre egin nahi tontakeriez».

Euskara eta feminismoa

Eboluzionatu du kabaretak geroztik, baina «esentzia hori» mantendu egiten duela dio Itsaso Agirrek, Iruñeko Euskabaret taldeko kideak. Hamar urte baino gehiago dira sortu zirela, hiru zutaberen inguruan: «euskara, feminismoa eta sexu askapena». Eta horiek modu aproposean nahasteko kabareta baino genero aproposagorik, nekez: «Kabaretak berezkoa du elementu transgresore eta aldarrikatzaile hori. Aldarrikatzen duena aniztasuna da. Eta mundu erotikoa horren fantasiazkoa eta zabala denez, denak du tokia. Horrek ematen du aukera nahi adina elementu sartzeko ikuskizunean».

Euskabaret taldeko kideak, Iruñeko Geltokian egindako emanaldi batean. GELTOKIA

 

Badu Agirrek bere pertsonaia Euskabaret taldean: Madame Xoxobeltz. Batak zein besteak, argi dute: «Aldarrikapen eta harrotasun puntu bat dago kabaretean, eta oso egokia da beste praktika batzuk ikusarazteko, balioztatzeko, eta lekua emateko». Eta agertoki mota bat ere badu berezkoa: «Gaztetxe zahar, lokal lizunak eta kutreak, zulo zikinak. Horietan askoz hobeto funtzionatzen du kabaretak». Ikusleak ahaztu gabe, eta haien rola: «Probokatzailea da kabareta, eta horretan ikus-entzuleek ematen dute jolasteko aukera. Zerbait piztea izan behar du helburua, barruan mugimenduren bat eragitea, alde batera zein bestera».

Agirrek badaki Euskal Herrian ari direla talde gehiago kabareta egiten, baina dio «euskarazko erreferentziak» falta izan zaizkiela askotan euren lana egiterakoan —bertsioak egiten dituzte—. «Batak ez daki bestea zertan ari den, eta batzuetan badugu sentsazioa formatua ez dela jendearen gustukoa, ez dagoela modan... Baina urteak daramatzagu, eta hori bada zerbaiten seinale». Lakaben (Nafarroa) dute hurrengo ikuskizuna, martxoaren 17an.

Beste horrenbeste dio Ane Zabalak, Transilbania kabareteko aktoreak: ez dagoela zirkuitu bat eta ez dutela elkarren berri —Mirande kabaretean ere aritu zen Zabala—. Bi emanaldi egin dituzte Transilbania kabaretekoek —Lutxo Egia idazleak sortutako egitasmoa da, Bilboko Bira Kulturgunean—. Madame Oui da Ane Zabala eta Monsieur No da Galder Perez. Hainbat sortzaileren bilgunea izan da orain arte kabareta: Jon Maia, Onintza Enbeita, Yogurinha Borova, Imanol Ituiño, Transilbania Brass Band... «Oso irekia da kabareta: zirikatzailea, politikoki ez-zuzena, inprobisatua, eta musika eduki behar du. Ahalbidetzen du antzerki forma ezberdinak batean batzea».

Transilbania kabareteko kideek Bilbon aurkeztutako ikuskizunetako bat. Bira Kulturgunea

 

Altxalili kolektiboa

Ipar Euskal Herriko «baserritar munduan» ere sortu dute kolektiboa eta kabareta. «Gu sortu ginen mundu horretan, eta alimaleko beldurrez», Maiana Etxeberri Glowdi kabaretariak azaldu duenez. Urtarrilean eman zuten lehen ikuskizuna, Atharratzen (Zuberoa), bertako Prefosta elkarteak LGTBIQ mugimenduaren kari antolatutako egunean. «Ipar Euskal Herrian bizi garen jende batzuk gara, marikak eta bollerak garenak, eta hori jakin dugularik, elkartu gara erranez: 'zerbait egin behar dugu'. Gogoa genuen zerbait egiteko egun horren kari, eta elkartu ginen, eta bakoitzak eman zuen bere nahien berri: kantu hori, dantza hura...», azaldu du Etxeberrik.

Eta kabaret formatua aukeratu zuten horretarako, nola ez. «Oso naturalki etorri zaigu burura kabaret modu hori. Formatuak permititzen duelako ikus-entzuleekin oso hurbil izatea. Ideia zen: 'Gure saloian gira, gure su bazterrean, eta irekitzen dizkiogu gure mundua, gure kezkak, gure galderak... ikus-entzuleei». Garbi du Etxeberrik egindako hautuaren zergatia: «Askatasun toki alimaleko bat da kabareta. Formatu aldetik ere aldatzen ahal den zerbait da: ikuskizun batetik bestera kentzen ahal dizkiozu eta gehitzen ahal dizkiozu gauzak; kendu kantua han, ezarri dantza hemen. Askatasuna ematen du nahi duzuna egiteko». Ez da ikuskizunaren egiturari buruz bakarrik ari: «Askatasun toki bat da edozein genero eta edozein sexualitaterentzat, baina oso inportantea: edozein gorputzentzat ere bai. Lodia izanda, alimaleko askatasun toki bat da non libratzen naizen erranez, 'egiten ahal dut nahi dudana, nahi dudan bezala beztitua, nahiz eta lodia izan'. Hori sekulako askapena da».

Altxalili kolektiboko kideek Atharratzen aurkeztu zuten euren lehen kabareta. Altxalili

 

Parisen bizitakoa da Etxeberri. Antzerki munduan aritu zen han, eta kantuan ere bai. Bada hango kabaret bateko kidea ere: Cabaret Bad Biches. «Historia handia du han kabaretak. Funtsean, ikusleak joaten ziren ikustera bere bizian ikusi gabeko zerbait. Lerrotik aparte diren gauzak. Eta gaur ere bai: drag mundua, generoekin jostatzeko aukera, sexualitatearekin, intimitatearekin... Gauza politikoa izaten ahal da kabareta».

Etxeberrik askatasun horren bi aldeak nabarmendu ditu, gainera: egileena bai, baina ikusleena ere bai. «Ikus-entzuleak jinarazten dituzu zure mundura, eta proposatzen ahal diezu zer den zure intimitate hori. Baina izaten da han jatekoa, edatekoa, eta eserita egon beharrean zutik... Ikus-entzuleek ere badute askatasuna kabaretean, ez dago baztertua, parte hartzen dute, oihuka egiten dute, zerbait intimoa gertatzen delako».

Maiana Etxeberri Glowdi, kantuan, Bekat’uros izeneko ikuskizunean. Nahia Garat

 

Etxeberrik kabaretaren loraldi bat ikusi du Parisen: «Badira antzerkiak pilaka, eta kabaret munduak duela bi urte inguru alimaleko arrakasta lortu du han. Kabaret txikiak dira, handi bilakatu direnak. Ikus-entzuleek badutelako hurbiltasun horren gogoa. Familiartasun hori da, azkenean, kabareta». Baina «zinez harrituta» dago Ipar Euskal Herrian izan duten harrerarekin: «Ez nuen espero kanpoan bizi izandakoa horren fite hemen bizitzea. Oso plazer egiten da ikustea jendeak horren gogoa duela hemen. Eta hori da jendeak erraten diguna gure ikuskizunaren ostean: 'Mila esker; azkenean!'. Eta azkenean horrek gauza aunitz esan nahi ditu: behar bat zegoela nabaritzen da, badela askapen horren gogoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.