Gaur bai. Egun bateko atzerapenarekin, baina ESA Europako Espazio Agentziaren Juice misioa abian da, Jupiter eta haren hiru ilargi izoztu handiak helburu dituena. Euskal Herrian 14:14 zirelarik jaurti dute espaziontzia Ariana 5 suziriaren bidez, ESAk Guyana Frantsesean duen kosmodromotik. Jaurtiketa atzo zuten egitekoa, baina bertan behera utzi behar izan zuten, tximista arriskuarengatik.
Zortzi urteko bidaia egin ondoren, Juice 2031n hasiko da datuak biltzen eta Lurrera bidaltzen. «ESAren plan zientifikoetan, funtsezko misioa da, Jupiter eta haren ingurua zehaztasunez ezagutzea baitu helburu», azaldu du Rosario Lorentek. Juiceren Operazio Zientifikoen Zentroko zientzialaria da. Misioari ahalik eta zuku gehien atera nahi diote, baina zenbait muga izanen dituzte Lurretik hain urruti egonda.
ZER DA 'JUICE'?
Jupiter Icy Moons Explorer (Jupiterreko Ilargi Izoztuen Esploratzailea) espaziontzi bat da, Jupiter eta haren hiru ilargi handi ozeanikoak xeheki behatzeko sortua. Hamar tresna zientifiko, esperimentu bat eta erradiazio monitore bat daramatza.
ZER AZTERTUKO DU?
Batetik, gasezko erraldoia aztertzeko balioko du misioak: barnealdea, atmosfera, inguru elektromagnetiko konplexua eta ia ehun ilargi dituen hautsezko eraztunen sistema. Gainera, Jupiter baliagarria izanen da unibertso osoko gasezko erraldoien arketipo gisa. Planeta bera ez ezik, haren hiru satelite galileotar izoztuak ditu helburu: Europa, Kalisto eta Ganimedes. Ikerketa konparatiboa eginen dute, besteak beste, jakiteko haien azal izoztuaren azpian dauden ozeanoak egokiak direnetz bizitzeko. Azkenengo hilabeteetan, Ganimedesen orbitan biratuko du Juice-k.
ZERGATIK IKERTUKO DU GEHIAGO GANIMEDES?
Ganimedes ilargi «oso interesgarria» dela adierazi du Lorentek. Eguzki sistemako handiena da, Merkurio planeta baino handiagoa, eta bere baitan sortutako eremu magnetikoa duen zunda bakarra da. «Geologiaren ikuspegitik, Ganimedes da osoena Jupiterren ilargi izoztuen artean; izan ere, eremu batzuk oso zaharrak dira, Kalistoren azalean ikusten denaren antzera, eta azaleko eremu batzuek oso gazteak dirudite, Europan ikusten den bezala. Azken horrek jarduera geologiko berri samarra erakusten du». Ganimedesen 3Dko tomografia bat egiten saiatuko dira.
URIK BADA ILARGI HORIETAN?
Jupiterren izotzezko ilargietako ozeanoetara ezin da iritsi, azalaren azpian daudelako, baina, zeharkako ebidentzia zientifiko guztien arabera, ur gazia legoke han. Haietako batzuk azaldu ditu Lorentek: «Galileo misioan ikusi zuten ilargietara gerturatzean Jupiterren eremu magnetikoan perturbazio moduko bat zegoela. Perturbazio hori eroaleren batek sortzen du: ur gaziak. Europaren azaleko ezaugarriek ere erakusten dute barnean zerbait mugitzen dela, eta izotz blokeen migrazio moduko bat eragiten duela. Gainera, baliteke Hubble teleskopioaren bidez ikuskatutakoak geiserrak izatea. Ganimedesen kasuan, eremu polarretako aurorek egiten dituzten uhindurak gai jariakor eta gazitu baten zeharkako adierazle dira».
ZER TRESNA DITU 'JUICE'-K?
Janus kamera optikodun sistema, Majis espektrometroa, Uv irudi espektrografoa, Swi uhin submilimetrikoen tresna, Rime radarzunda, Gala altimetro laserra, 3GM esperimentu erradiozientifikoa, J-Mag magnetometroa, Pep partikula inguruen paketea, eta Rpwi irrati uhinen eta plasmaren tresna. Pride esperimentuak neurketa zehatzak eginen ditu Lurreko irrati teleskopioak erabiliz.
NOLA PARTE HARTUKO DU MISIOAN EHU-K?
Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarioen Taldea ere ariko da Juice misioan. Ricardo Hueso Janus kameran ariko da, eta Agustin Sanchez, Majis tresnan. «Jupiterreko atmosfera ikertu nahi dugu, batez ere», azaldu du Sanchezek. Majis espektrometro kamera bat da, eta espektro tarte ikusgarrietan eta infragorrietan lan egiten du. «Hartutako espektroen bidez, Jupiterren ilargien eta atmosferaren gainazalen konposizio kimikoa, planetako hodeien propietateak eta haien dinamika aztertuko ditugu, irudiek atzematen dituzten mugimenduen bidez».
ZEIN DIRA ZAILTASUNAK?
Jupiter Eguzkitik urruti dago, eta horrek zenbait oztopo sortu dizkio Juice misioari. Tenperatura oso hotza da han, -230 gradu ingurukoa; beraz, ekipo zientifikoak babestu behar izan dituzte 100 kilo materialekin. Gainera, eguzki energia gutxi ailegatzen da, eta sistema guziek hori behar dute funtzionatzeko; beraz, 80 metro koadroko panelak paratu dituzte. «Dena ezin da aldi berean martxan egon; unean-unean zer erabiliko den erabaki behar da», azaldu du Lorentek.
Bestalde, Lurretik oso urruti egonen da zunda, eta komunikazioa motela izanen da. «Ezustekorik gertatzekotan, zunda gai da agindurik gabe erantzuteko». Datuen transmisioa oso motela izanen da: «Nahiz eta zundak tera bateko memoria eduki, ezin dugu nahi beste datu sortu, ezin baitira Lurrera jaitsi». Azkenik, erradiazio oso-oso handiari aurre egiteko, tresna elektronikoak babesteko 200 kilo material erabili dute.
NOLA EGINEN DU BIDEA?
Ariane 5 jaurti eta 26 minutura bananduko da Juice suziritik. Sei minutu geroago, ESAk hartuko du satelitearen kontrola, eta ordu baten buruan, gutxi gorabehera, eguzki panelak zabalduko ditu Juice-k. 2031n ailegatuko da Jupiterrera, bidea ez baita lerro zuzena izanen: «Eguzki sisteman bueltaka ibiliko da», esan du Lorentek. «Hiru aldiz gerturatuko da Lurrera, eta behin Venusera, tranpolin bezala erabiltzeko eta abiadura azkartzeko». Ailegatzean, Jupiterren inguruan orbitatuko du, eta 35 hegaldi eginen ditu ilargietara gerturatzeko. Azken bederatzi hilabeteetan, Ganimedesen inguruan orbitatuko du.
ZENBAT MISIO EGIN DIRA?
Galileo izan zen Jupiterren orbitan aritu zen lehenbiziko misioa, 1995 eta 2003 artean, eta, 2016tik, Juno dabil zeregin horretan. 1973 eta 2007 artean, zazpi misio gerturatu ziren planeta horretara. 2024an Europa Clipper zunda jaurti nahi du NASAk.