EITB

Julio Ibarrak podcast bat aurkeztuko du EITBrentzat astelehenetik aurrera

Ordu erdiko elkarrizketak egingo ditu kazetariak. EITB Podkast atarian izango da entzungai. Estoy aquí du izena saioak.

Julio Ibarra kazetaria. EITB
urtzi urkizu
2023ko urriaren 13a
16:25
Entzun

«Atzo esaten genuen moduan, gabon guztioi eta ongi etorri Teleberri-ra. Bai, halaxe da, Julio Ibarra naiz, eta hori zen nire aurkezpena urte askoan zuen etxean sartzen nintzenean. Nire etxea izan dena, orain ere badena eta izango denera itzuli naiz: EITBra. Orain podcast bat aurkeztuko dizuet. Atzo publizitatera joan nintzen tartetxo baterako, eta hemen nago». Julio Ibarraren (Bilbo, 1965) hitz horiek entzun daitezke —gaztelaniaz— Estoy aquí podcast berriaren iragarkian, EITB Podcast atarian. Eta atari horretan entzun ahalko da elkarrizketa podcasta datorren astelehenetik aurrera. Ordu erdiko zortzi elkarrizketa izango dira, eta astelehenero sareratuko dituzte. Ohiko audio plataformetan ere entzun ahalko dira.

Publizitatera joan den tartetxo hori, ordea, ez da hain laburra izan. Ibarrak 2007. urtean utzi zion Teleberri aurkezteari; aurretik, hogei urte egin zituen kazetariak Radio Euskadiko zein Euskadi Irratiko albistegietan, baita ETBko albistegietan ere. Teleberri-ko editore eta aurkezle zela, urte gogorrak egokitu zitzaizkion, eta ez zituen kritika gutxi jaso bere lanagatik. 2007an Metro Bilbaora joan zen Ibarra lan egitera, han egin zituen lauzpabost urte. Azkeneko urteetan, berriz, kazetaritzarekin zuzeneko loturarik ez duten bestelako lan batzuetan aritu da.

Errepidean istripu larri bat izan zuen Ibarrak. Horren eraginez, eskuetan hamabi ebakuntza egin dizkiote. Hala kontatu zuen ETB2ko El Club del Tupper saioan.

«Solasean, patxadaz»
Estoy aquí podcasteko elkarrizketek «estilo atsegina» izango dutela iragarri du Ibarrak. «Ezagunen arteko solasaldi gertuko bat izango da atal bakoitza», gaineratu du. Gaztelaniaz izango dira.

Iraganaren ikuspegitik ariko dira solasaldi horietan, «patxadaz», baina «etorkizunari begira» ere bai. Oroimenerako, kritikarako eta hausnarketarako tokia egiten saiatuko dira elkarrizketetan.

New Digital Media Euskadi ekoiztetxeak ekoitzi ditu podcasteko zortzi atalak —ekoiztetxe horrek egiten du Biba zuek! magazina ETB1entzat—.

Estoy aquí podcasteko lehen elkarrizketatua Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu ohia izango da —hainbat urtez PSE-EEko kidea izan zen, eta azkeneko hauteskundeetan EH Bildurentzat eskatu zuen botoa—. Joseba Azkarraga Sareko bozeramailea izango da politika arloko beste elkarrizketatua.

Komunikazioaren munduarekin lotuta, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendari ohia eta Ana Urrutia ETBko aurkezle ohia elkarrizketatuko ditu Ibarrak; kultur arloko solasaldiak Lucia Lakarra dantzariarekin eta Aiora Renteria musikariarekin izango dira; eta kirol arlokoak, Bittor Alkiza futbolari ohi eta entrenatzailearekin eta Maider Unda borroka libreko kirolariarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.