Gastronomia

Julianaren errezetak berriz ere sutondoan

Juliana Arratibel zenaren errezetak liburu batean bildu dituzte. Sukaldari autodidakta izan zen Arratibel, eta emakume askori erakutsi zion kozinatzen. Haren ikasle izandakoen koaderno zaharrak baliatu ditu Zeles Etxeberria egileak.

Juliana Arratibelen errezeta batzuk, eguneratuta. BERRIA
Juliana Arratibelen errezeta batzuk, eguneratuta. BERRIA
enekoitz telleria sarriegi
2024ko ekainaren 28a
05:00
Entzun

Juliana Arratibelek diktatu eta ikasleek letra garbiz jasotakoak. Tinta gorria eta urdina ageri dira nahasian Joakina Etxeberriak eta Maria Pilar Arrondok hartutako apunte ederretan. Idazteko makinaz jasotakoetan, aldiz, desagertuta daude esaldien amaierak, eta osatu egin dituzte. Jaso lehenengo, konpondu gero, eta euskaratu eta antolatu ondoren. 1960ko hamarkadako errezetak dira, garai hartarako erabat berritzaileak. Tiraderan gordetako orrialde horitzen hasiak, liburu, ondare eta lekuko bihurtu ditu Atauniker kultur elkarteak: Sukalde errezetak 1964-1966. Sutondoaren xarma.  

Ataungo (Gipuzkoa) San Gregorio auzoko Ugalde-txiki etxean jaio zen Juliana Arratibel Dorronsoro (1910-1999). Eskulanak egiteko zuen abileziagatik bultzatu ei zuten etxekoek Donostiako Nazaret ikastetxean marrazketa ikastera, baina sukaldaritza izan berak gogoko, eta herriko emakumeei ikastaroak ematen hasi zen 1960ko hamarkadan. San Martingo elizaren atzealdean, Mediku-txikienean. «Klasea euskaraz ematen zigun. Lehenengo, gure begien aurrean prestatzen zuen platera. Ondoren, osagarriak eta prozedura azaltzen zizkigun, eta guk idatzi. Astean bi klase, bi ordukoak», azaldu du Joakina Etxeberria ikasleetako batek, liburuan bertan.

Zeles Etxeberria egilearen arrebetako bat da Joakina Etxeberria, eta istorio honen guztiaren abiapuntua. «Ama zenaren koaderno bat zeukan nire arreba Marikruzek. 90 errezeta inguru zeuzkan han. Eta hasi nintzen nire kabuz euskaraz jartzen, osagaiak zerrendatzen, prozedurak azaltzen… Eta horretan ari nintzela, Joakina beste arrebak idatzi zidan: ‘Errezeta horien artean ajoarrieroa falta duk’. Whatsapp mezu hura izan zen abiapuntua, zeren Joakinak bere koadernoa utzi zidan. Hasi nintzen begiratzen, eta 144 errezeta zeuden han», azaldu du Zeles Etxeberriak.

Koaderno zaharrak

Puskatzen hasita zeuden koadernoak. Konpondu zituen Etxeberriak, eskaneatu zituen denak, eta pasatu zizkien berriro jabeei gordetzeko. Ordenagailuan zituen jada errezetak: «Horrela hasi nintzen: banan-banan irakurri, eta euskaratu, irakurri eta euskaratu. Nire kasa». Atauniker elkarteko kidea da Etxeberria, eta elkarteko kide bati esan zion zertan ari zen. «Esan zidan: ‘Hori Ataunentzat sekulako altxorra duk! Horri liburu forma eman beharko geniokek’. Eta hasi zen itzultzaile lanetan niri laguntzen Jexux Mari Munduate laguna, ikasketaz filologoa baita, orain erretiroa hartuta dagoen arren. Hor ibili gara itzuli eta konpondu, itzuli eta konpondu, lau bat aldiz buelta eman diogu denari. Buruz dakizkigu errezeta guztiak».

Eta ez dira nolanahiko errezetak. Ez dute zerikusirik garai hartan Ataunen ohikoak ziren otorduekin. «Berritzaileak» garai hartarako: bexamelak, hostoreak, boloban-ak, chantilly kremak, plumcake-ak, rosbif-ak, budinak, souffle-ak... «Garai hartarako oso errezeta aurreratuak ziren, eta gaur egun martxan daudenak. Egiten direlako solidotzeak, aparrak, saltsak… baina horiek guztiek oinarrian dutena horrelako errezetak dira», nabarmendu du liburuaren egileak.

Halako beste errezeta liburu ezagun bat bada Goierrin (Gipuzkoa): Katalina Goiarena. Mutiloan jaio, Segurako Urnausi baserrian bizi, eta Bilbon ikasitako sukaldaria izan zen Goia, eta eskuz esku ibili zen haren liburua eskualde hartan. Sortu zen garai hartan halako elkartasun berezi bat: emakume baten inguruan emakumezko gehiago, izan gazte izan heldu, kozinatzen ikasteko. Elkarri lagundu eta elkarri irakatsi. «Juliana Arratibelen kasua ere horixe da», esan du Etxeberriak. Eta liburuak duen beste berezitasun bat aipatu du: «Errezeta horiek egiten ziren garaian sukalde ekonomikoa erabiltzen zen, baina eguneratu ditugu, eta orduko egoste eta kozinatze denborak aldatu, gaur egungo edozein sukaldetan egiteko modukoak izan daitezen». Finean: «Liburua erabiltzeko da. Kozinatzea gustatzen zaien guztiek erabil dezatela. Eta asko ari dira horretan, errezetei berriz ere bizia ematen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.