Gasteizko erdigunean jaio zen Juan Mieg Solozabal margolaria (1938). «Bizi maila handia zegoen, aproposa diziplina ezberdinetako artistak sortzeko», dio. Zehazki, Zabalgunean hezi zen, Manuel Iradier kalean, etxebizitza dotoreen artean. «Jada ez dira halakoak egiten».
Zeintzuk ziren zuen jolasak?
Edozertan aritzen ginen, baina bereziki futbolean eta pilotan jolasten ginen. Marraztu ere egiten nuen, asko. Ez naiz gogoratzen zer marrazten nuen, urteak pasatu dira eta.
Marrazketak noiz utzi zion jolasa izateari?
Arte eta Lanbide Eskolan hasi nintzen koskortutakoan. 15 urte-edo izango nituen, oraindik eskolara joaten nintzen eta. Jauzi handia izan zen, irakasle oso onak eduki nituelako. Bat margolaria zen, Miguel Jimeno de la Hidalga, eta, bestea, marrazkilaria, Mariano Basterra. Elkar ongi ulertzen ziren, eta tandem interesgarria osatzen zuten. Jimeno de la Hidalga elkarrizketa sustatzen zuen gizona zen, eta edozer onartzen zuen; aldiz, Basterra kontrakoa zen. Asko sartzen zen bakoitzaren lanetan. Arkatza edo dena delakoa hartu, eta ri-rau egiten zizun. Amorrua ematen zuen, noski, baina ikasteko oso aproposa zen.
Nolatan pasatu zinen marrazkiak egitetik margotzera?
Bartzelonara joan nintzen, Arkitektura ikastera. Han, Juan Eduardo Cirlot poeta eta arte kritiken argitaratzailearen koaderno batzuen bidez, informalismoa ezagutu nuen. Hain ondo idazten zuen, ezen ikusi egin zitekeen. Horrek erakarrita hasi nintzen margotzen.
Katalunian indar handia izan zuen informalismoak XX. mendearen erdialdera.
Joan Josep Tharrats, Modest Cuixart, Antoni Tapies... han zebiltzan horiek guztiak, eta ezagutzeko aukera izan nuen. Bueno, Tapies ez, ezinezkoa zelako harengana hurbiltzea. Baina Tharratsekin adiskidetasun handia egin nuen, eta haren estudiora sarri joaten nintzen. Artearen inguruan hitz egiten genuen. Artista bat asko aberasten da artista gehiagoz inguratzen denean. Eta nolako artistak! Cuixart ezagutu nuenerako, Sao Pauloko [Brasil] biurtekoan bere lanak erakutsitakoa zen.
Madrilen ere izan zinen.
Bartzelonako egonaldia baino lehenago izan zen hori. Madrilera ere Arkitektura ikasketek eraman ninduten. Goi mailako marrazketa akademia batean egoteko aukera izan nuen. Oso oroitzapen ona dut. Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan ikasitakoarekin oinarri sendoa nuen, eta nabarmentzeko aukera izan nuen. Asko eman zidan. Baina Bartzelona aurreratuago zegoela esango nuke, oso hiri irekia eta abangoardiakoa zelako.
«Pintore izateko ideia burutik kentzeko erantzun zidan aitak, baina ezinezkoa zen»
Noiz erabaki zenuen arkitekto ez baizik pintore izan nahi zenuela?
Marrazketa gainditu nuen, baina ikasgairen bat falta izan zitzaidan titulua eskuratzeko. Egia esan, ez zidan axola. Margotzen hasi nintzenetik, ez dut besterik izan buruan.
Zure aita, Miguel Mieg, arkitektoa izan zen. Ia berrogei urtez Gasteizko Udaleko arkitektoa izan zen. Are, anaia bat ere baduzu arkitekto izandakoa. Zer esan zizuten etxean?
Aitari esan nionean pintorea izan nahi nuela, ideia horiek burutik kentzeko erantzun zidan, baina ezinezkoa zen; barru-barruan daramat.
Zer egin zenuen?
Parisera joan nintzen, distantzia apur bat hartzeko.
Artearekin lotura estua duen beste hiri handi bat.
Iritsi bezain pronto, dekorazio arteen inguruko erakusketa baten berri izan nuen. Margolari informalistek euren atal propioa zuten, eta hara joan nintzen. Iritsi, eta ikusi nuen lehen koadroa ez zen, bada, Tapies txiki bat! Koadro bikaina zen, artelan hutsa. Baina neure buruari galdetu nion ea inolako zentzurik ba ote zuen Parisen egon eta Bartzelonako artisten lanak ikusteak.
Itzuli egin zinen.
Herrimin handia ere banuen. Zerbitzu militar malapartatua egin behar izan nuen, beste erremediorik gabe. Bukatutakoan, Carmelo Ortiz de Elgea ezagutu nuen.
«Oteiza jenio bat zen. Hitz egiten zuenean erakarri egiten zintuen»
Orain taldearen ernamuina izan zen?
Ortiz de Elgearekin Madrilera joan nintzen garai batean. Unibertsitatearen atzealdean bazegoen Espainiako Errepublikaren garaiko eskola zahar bat, eta bertan bizi zen Logroñoko [Espainia] margolari bat. Estudio bat ere bazuen. Han jardun genuen hilabete batzuetan, urtarriletik ekainera arte. Itzulitakoan, Jorge Oteizarekin egin genuen topo. Jator hartu gintuen. Ordurako, Euskal Eskolaren ideia buruan zerabilkien. Kontatu zigun Gipuzkoako artistak bilduko zituen talde bat sortu zutela, eta guk gauza bera egin behar genuela Araban. Joaquin Fraileri deitu genion, margolaria zelako eta gure laguna zelako. Alberto Schommer argazkilariari ere hots egin genion, eta Oteizak esan zigun Jesus Etxebarria ere taldean sartu behar genuela. Kanbon [Lapurdi] bizi zen ordurako, erbesteratuta, baina urte batzuk atzera erakusketa bat egin zuen Donostian, eta txundituta utzi zuen Oteiza.
Kosta zitzaion Oteizari zuek konbentzitzea?
Oteiza jenio bat zen. Hitz egiten zuenean erakarri egiten zintuen.
Nola gogoratzen duzu Orain taldea?
Oroitzapen onak ditut. Donostian egin genuen lehen erakusketa, Euskal Eskolaren barruan. Bigarrenak Arabako Arte Ederren Museoan izan behar zuen, eta gure ardura izan zen antolatzea. Arte Ederren Museoko arduradunak oso atzerakoiak ziren, eta kosta zitzaigun haien oniritzia lortzea. Frankismoa azkenetan zegoen, eta politikariek ikusten zuten aldaketa zetorrela, eta horrela lortu genuen.
Arazoak ez ziren bukatu, ordea.
Gipuzkoan Gaur taldea sortu zen; Bizkaian, Emen; Nafarroan, Denok; eta, iparraldean, Baita. Emen taldearen eraketa eskandalu hutsa izan zen, ehun lagun baino gehiago zirelako. Agustin Ibarrola zegoen atzean, eta joera populista hartu zuen, artearen kaltetan. Talde bakoitzak manifestu bat kaleratu genuen, gure artearen helburuak zehazteko, eta Orain eta Emen taldeenak ez zetozen bat. Erabaki genuen ezin genuela aurrera egin, hori ametituz gero ezer esateko autoritate moralik gabe geldituko ginelako. Oteizari deitu, eta esan genion horrela ez genuela egingo.
Baina erakusketa egin egin zen.
Uste genuen gure lana erakustea garrantzitsua zela, eta gure manifestuaren arabera antolatu genuen. Gaur taldeko kideak gonbidatu genituen —Eduardo Txillida, Nestor Basterretxea, Oteiza, Remigio Mendiburu, Jose Luis Zumeta, Rafael Balerdi, Jose Antonio Sistiaga eta Amable Arias—, eta Emen taldetik interesgarrienak iruditzen zitzaizkigunak hautatu genituen. Bitxikeria gisa, orduko hartan ez genuen hautatu Vicente Larrea eskultorea; Kristo erromaniko batekin azaldu zen, eta nondik erori ote zen pentsatu genuen. Azkenean, lagun onak bihurtu ginen.
Euskal Eskolak ez zuen jarraipenik izan.
Dudan pena bakarra da gutxi iraun genuela. Batzar bat egin genuen, eta Ibarrolak gogor hitz egin zuen; gu ere ez ginen isilik gelditu, eta horri buelta emateko modurik ez zegoen. Baina Orain taldeak, behintzat, segitu zuen.
Zuen lana erakusteko aukerarik izan zenuten?
Gipuzkoan egin genituen gehienbat erakusketak, Gaur taldearen oso lagunak ginelako. Iruñean ere egin genuen beste erakusketa bat, Euskal Eskolaren hurrengo erakusketak han izan behar zuelako.
Asko esatea al da euskal artearen berpizkundearen motorra izan zinela?
Parte izan nintzen, baina benetako motorra Oteiza izan zen.
Oteizarekin ere haserretu zinen.
Bidali behar ez diren gutun horietako bat bidali nion, eta gure arteko harremana gaiztotu egin zen. Baina, urte batzuen ondoren, Oteizari omenaldi bat egin genion eta koadro baten atzealdean eskaintza goresle bat egin zidan. Estimu handiarekin gordetzen dut.
«Pentsatzen dut egongo dela bere bizitza arteari ematen dionik, baina erakundeak ez dira ongi ari»
Gaur egun, nola ikusten duzu kultur mugimendua?
Egia esan, oso deskonektatuta nago. Beharbada horregatik, baina ez dut iraganeko mugimendurik nabari. Pentsatzen dut egongo dela bere bizitza arteari ematen dionik, baina zein aukera dituzten ere ez dut argi. Erakundeak ez dira ongi ari.
Amarika plazakoa zara zu. Bertan bazegoen galeria bat, erdira murriztu zutena eta orain deuseztatu egin nahi dutena. Pena ematen dizu?
Garai bateko Amarika sala izugarria zen, ezin hobea. Egungoa horren itzala besterik ez da. Eta hori ere kentzea...
Arte kontsumitzailerik badago?
Arteak ez du dirurik ematen. Lehen, banku entitateek euren galeriak zituzten, eta lanak erakusteko aukera ematen zuten. Kudeaketa pribatuko galeriak ere bazeuden. Baina diruak agintzen du hemen.
Uste duzu iragana oparoagoa zela? Zorteko sentitzen zara?
Euskal Eskolarekin kointziditzea bai izan zen zortea, baina gogotik borrokatu behar izan genuen.
Nolakoa da margolariaren bizitza? Uste bezain erromantikoa da?
Bizimodu gogorra da. Hilabete bukaeran ez duzu soldata ziurtatua, eta asko arriskatzea izan daiteke hori. Abentura bat da. Baina, lan eginez gero, gauzak ateratzen dira pixkanaka.
Non bilatzen duzu inspirazioa?
Nire barruan. Hori da artearen oinarrizko zioa.
Introspekzioa asko lantzen duzu?
Buruak buelta asko ematen ditu, eta menderatu egin behar da. Laguntzailea izan behar da, ez protagonista. Gogoa zurian utzi, eta, barren-barrenetik, igorri. Topatzen dudan lehen tresnarekin marrak egiten hasten naiz; gero, kolorea gehitzen diot. Eskura dudan edozein, pentsatu gabe; konplexutasuna hartzen du pixkanaka, eta esangura duen zerbait lortzen da denborarekin.
Koadroak bukatu ala abandonatu egiten dituzu?
Koadroak ere hitz egiten dit, eta berak esaten dit noiz dagoen bukatuta.
87 urte izan arren, pintatzen jarraitzen duzu?
Adurtza auzoan badaukat estudio txiki bat eta ahal dudanetan joaten naiz. Baina orain lasaiago hartzen dut. Gaztea nintzenean, aldi berean sei koadro margotzeko gai nintzen; orain, nahikoa dut bakarrarekin. Duela gutxi hasi dut azkenekoa. Marrak besterik ez dut egin oraingoz, baina bata bestearekin lotutakoan, bide bilakatu dira.