Sanferminak

Juan Carlos Unzuek botako du txupinazoa, sanferminak ospatzen badira

Enrique Maia alkateak hartu du erabakia, herri galdeketa bazter utzita. Gaur jakinarazi die gainerako alderdiei.

Juan Carlos Unzue Tartiere futbol zelaian egin zioten omenaldian. ELOY ALONSO / EFE
Iker Tubia.
2022ko otsailaren 25a
11:50
Entzun

Sanferminak hizpide izan ditu, berriz ere, Enrique Maia Iruñeko alkateak. Gaurko eledunen batzarrean gainerako alderdiei jakinarazi die zein den bere asmoa, sanferminak ospatuko balira: Juan Carlos Unzue futbolari ohiak txupinazoa botatzea. Azkenengo txupinazoetan herri galdeketa bidez aukeratu da suziria nork botako zuen, baina Maiak argi utzi du azken asteetan ez duela maite formula hori. Alkateak du hori erabakitzeko eskumena, beraz, Unzuek botako luke suziria aurten.

Futbol jokalari eta entrenatzaile ohia da Unzue (Orkoien, Nafarroa, 1967). 2020an AEA alboko esklerosi amiotrofikoa zuela jakinarazi zuen, eta orduz geroztik gaixotasunari buruz aritu da hitzaldietan, kanpainetan, dokumentaletan eta liburuetan. Iruñeko Udalaren arabera AEA «ikusgarri» egiteko modua izanen da, baita gaixotasuna dutenak «babesteko» manera ere. Futbolari ohiak gaitzari aurre egiteko duen modua «bizitza irakasgai» bat dela zabaldu dute ohar baten bidez, eta suziria botatzeko aukerarekin haren lan ibilbideari balioa emanen diotela, atezain nafar «onenetako» bat delakoan.

Joseba Asiron EH Bilduko zinegotziak gogor kritikatu du alkatearen jarrera. Unzue hautagai «ezinhobea» dela esan du, baina aukeratzeko manera kritikatu du: «Zoritxarrez, alkate txar batek izendatu du horretarako, bere protagonismo nahiak bultzatuta, udal gehiengoaren iritziaren aurka, eta hiritarrei ahotsa bahituz». Asironek uste du herritarrek aukeratu beharko luketela suziria nork botako duen, eta alkateak modu «autoritarioan» jokatzen duela salatu du: «Era zikin batez erabiltzen ari da hautagaiaren irudia, bere nahi pertsonala lortzeko eta ez gaixotasun baten kontrako borroka bultzatzeko».

PSNren arabera hautagai «bikaina» da: «Giza eta kirol balioak ordezkatzen ditu, eta gaixotasunaren kontrako borrokaren eredu da, AEAri buruzko informazioa zabaltzen baitu, ikerketa bultzatuz». Hala ere, ohar batean azaldu du nahiago zutela herri galdeketa egin izan balitz. Joan den astean oposizioko alderdiek herri galdeketari eusteko eskatu zioten Maiari, baina honek argi utzi zuen entzungor eginen ziela. Geroa Bai ere «haserre» agertu da erabakia hartzeko manerarekin, eta galdeketaren alde agertu da, herritarren parte-hartzea «bermatzen» duelakoan.

Unzueren ibilbidea

Osasunako atean debutatu zuen Unzuek 1986-1987ko denboraldian, eta 300 partida baino gehiago jokatu zituen Espainiako Ligako Lehen Mailan. Bartzelonan, Sevillan, Tenerifen eta Real Oviedon aritu zen ondoren. Entrenatzaile gisa ere aritu zen Numantzia, Racing, Zelta eta Girona taldeetan, eta entrenatzaile laguntzaile gisa Zelta eta Bartzelonan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.