Sabino Arana fundazioak Juan Beistegi Ugalde eibartarraren memoriak argitaratu ditu: 366 egun borrokan Euzkadiren alde. Loyola batailoiko komandantea izan zen Beistegi 1936ko gerran. Komandante bihurtu zen bulegaria. Aitor Miñambres (Bilbo, 1969) Berangoko Burdin Hesiaren Memoriaren Museoko zuzendaria arduratu da memoriak egokitzeaz eta zenbait pasarteri testuingurua gehitzeaz. Pertsona nabarmena eta kontalari bikaina izan zen Beistegi. Euskal Herriaren XX. mendeko lehen erdiko historiaren lekuko eta protagonista.
Beistegik 1972an eman zion bere memorien berri William Smallwood Egurtxiki AEBetako biologo eta gerrako pilotu ohiari. Zergatik behar izan dira ia 50 urte haren oroitzapenak zabaltzeko?
Ziurrenik urte batzuetan gizartea ez zegoen hain irekia memoria historikoa lantzeko, gaur egun dagoen moduan.
Beistegik ingelesez eta kaseteetan grabatuta eman zizkion.
Bere bizitza osoa grabatu zuen kaseteetan, ingelesez. Oso ondo hitz egiten zuen ingelesez. Ingalaterrara bidali zuten ingelesa ikastera, esportazioetan-eta jarduteko beharrezkoa baitzen ingelesa jakitea. Norbaitek kasete horiek hartu zituen, eta Beistegik esanak gaztelaniara itzuli eta makinaz idatzi.
Memoria horiek ezagunak ziren?
Artxiboan zeuden, eta familiak ere bazeuzkan. Lehen aldia da gizartean zabaldu direla; orain arte ez ziren argitara atera.
Historiagileentzat altxor bat dira; zuzenean kontatzen du ikusitako eta bizi izandako guztia.
Bai. Memoria bikainak dira, eta hainbat pasarte historiko ulertzen eta argitzen laguntzen dute. Mende hasierako Eibarko bizimodua nolakoa zen ere jakin dezakegu.
Pertsona berezia zen: frantsesa eta ingelesa ikasi zituen, baserriko lanetan zaildua zen, umetatik armekin iaioa (familiak arma fabrika bat zeukan), liderra...
Nabarmenduko nuke oso zintzoa zela, bai bere buruarekin, bai gainerakoekin. Faxisten erasoa hasi eta berehala jokatu zuen bere printzipioen arabera, Euzkadiren askatasunaren alde: aurrena, aitaren fabrikako armak banatu zituen; gero, euskal milizietan sartu zen, Eusko Gudarostean, Azpeitian.
Gerrari buruzko kontaketa soila eta gordina da. Benetan jabetu ziren gerra bat zer zen?
Ziurrenik ez zekiten non sartu ziren. Testigantzan ikusten da uste zutela gerra motza izango zela. Egunez egun ikusten dute, eta harritu egiten dira gerra luzea delako eta etsaia uste baino indartsuagoa delako.
Lanbidez bulegaria zen, eta 25 urte zituen. Hala ere, komandante ere izan zen. Nola uler daiteke?
Batailoi oso bat izan zuen bere aginduetara, 700 pertsona inguru. 700 gudari horietatik bera komandante izateak esan nahi du gaitasuna zuela lanerako eta sakrifiziorako, eta lider eta eredu zela. Guduan ez zela ezkutatzen.
Epika gutxi du kontaketak. Gehiago dira miseriak, zalantzak, ahultasunak... Ezohiko gerra liburu bat da?
Gertaerak bizi bezala kontatzen ditu, apaingarririk gabe. Ez da testigantza hiperbolikoa, heroi batena. Apaltasunez kontatzen du gerra. Kontaketaren atzean, ordea, epopeia bat dago.
Oso baldintza kaskarretan, soldadu eta baliabide gutxirekin, Francoren armadari aurre egin ziotelako?
Francok hiru astean bereganatu nahi zuen Bilbo, baina hiru hilabete behar izan zituen.
Duintasunaren ikur bat da Juan Beistegi?
Bai. Preso zegoenean ere, bere arduragatik kartzelatik ateratzeko edo mesedeak jasotzeko aukera izanda ere, uko egin zien, bere gudariekin jarraitu nahi zuelako. Hiltzeko prest zegoen. Kartzelatik ateratakoan ere, ekitaldi publiko batean uko egin zion besoa altxatzeari eta agur faxista egiteari, horrela berriro kartzelara itzultzeko arriskua bazuen ere. Harentzat ezinezkoa zen bere gudarien aurrean gaizki geratzea. Hil arte eutsi ziren bere ideiei eta printzipioei. Hark esaten zuen moduan, lubaki txiki batean bizi zen. Asko estimatzen zuten.
ATZEKOZ AURRERA. Aitor Miñambres. Berangoko Burdin Hesiaren Memoriaren Museoko zuzendaria
«Juan Beistegi oso zintzoa zen bere buruarekin eta besteekin»
Altxor bat izan du esku artean: Juan Beistegi komandantearen memoriak, 1936ko gerran oinarrituak. Kontaketa soila, baina oso aberatsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu