Joxe Mari Iriondo kazetaria saritu dute, eginiko ibilbideagatik

Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak ebatzi dituzte sariak. Cesar Coca eta Euskaltzaindia daude sarituen artean

Joxe Mari Iriondoren «ibilbide profesional bikaina» saritu dute. JON URBE / FOKU.
Edu Lartzanguren.
2018ko urriaren 19a
00:00
Entzun
«Saria ikaragarrizko ustekabea izan da, baina 80 urterekin gozo batek ez du inor mikazten», esan du Joxe Mari Iriondo kazetari beteranoak. Aurtengo Euskal Kazetaritza Sarietako irabazleen izenak jakinarazi dituzte Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak, eta Iriondoren ibilbidea saritu dute. Harez gain, Cesar Coca, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Carmen Sarmiento eta Doce Miradas bloga saritu dituzte.

Iriondo Loiolako Herri Irratian aritu zen 22 urtez, 1961etik. «Herri Irratian asko sufritu genuen zentsurarekin, baina nik beti gozatu egin dut nire lanarekin», esan du saria baloratzean. Herri Irratian Euskal kultura landu zuen uhinetatik, eta bertso, erromeria eta kantaldi saioen fitxategi oparo bat bildu zuen urte horietan. TVEn eta EITBn ere egin zuen lan. 1985. urtean ETBko zuzendari izendatu zuten, eta EITBko irratietako zuzendaria izan zen 1989. urtetik 1998ra. Ohorezko euskaltzain izendatu zuten 2010. urtean. Iriondoren «ibilbide profesional bikaina» goraipatu du epaimahaiak.

Cesar Cocari Euskal Kazetariak saria eman diote. Kazetaritzako doktorea da Coca, eta irakaslea EHUn. El Correo egunkarian egin du ibilbide profesionala, eta zuzendariaren albokoa da egun. «Euskal Herrian kalitatezko kazetaritzaren erreferente izateagatik» eman diote saria, epaimahaiak ohar batean adierazi duenez.

Iaz, Ane Irazabalek jaso zuen Euskal Kazetariak saria, Ekialde Hurbilean eta errefuxiatuen krisiaren inguruan eginiko lanarengatik. Euskarazko hainbat hedabiderentzat aritu da lanean Irazabal; besteak beste, BERRIArentzat.

Beste kazetari euskaldun bati eman zioten saria 2015ean: Mikel Aiestarani. Dozena bat urte daramatza Ekialde Hurbilean lanean, freelance gisa.

Emakumeekiko «ardura»

Adierazpen Askatasunaren Jose Maria Portell saria Carmen Sarmiento kazetari madrildarrari eman diote. Espainiako telebista publikoan aritu da Sarmiento 1968. urtetik; batez ere, nazioarteko informazioa lantzen. Besteak beste, Informe Semanal, Primera página eta Objetivo saioetan egin zuen lan. Horrez gain, munduko pobreenen bizimodua erretratatzen aritu da Los marginados eta Los Excluidos saioekin. Herrialde pobreetako emakumeen egoera azaldu du Mujeres de America Latina saioan. Izan ere, emakumeekin eduki duen «ardura berezia» eskertu dio epaimahaiak Sarmientori.

Aurtengo saioan Pertsonaia edo Giza Instituzioaren saria Euskaltzaindiari eta Eusko Ikaskuntzari eman diete, «euskararen kontserbazio eta defentsaren alde egindako aparteko lanarengatik eta beren 100. urteurrenagatik».

Kazetaritza Digitala atalean, Doce Miradas blogarentzat izan da saria. Hamabi kazetari emakumezkok egiten dute bloga. «Gizarte ezberdina irudikatzen dugun amesdun pertsonak gara. Emakumezkoentzat eta gizonezkoentzat espazio partekatua justuago eta orekatuago eskatzen duen jendea», esaten dute egileek euren buruez. Tartean dira Pilar Kaltzada eta Ana Erostarbe kazetariak.

Sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 7an egingo dute, 19:30ean, Bilboko BBK aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.