Gorka Santesteban. KKinzona irratiko esataria

«Jotzera ekarri nahi ditut bikoteak trikiti saiora datorren denboraldian»

Zumarragako eta Urretxuko irratian 'Gu ta gutarrak' saioa hamar urtez gidatu du Santestebanek, ekainean bukaera eman dion arte. Trikitiari eskainitako 'Eromerian' saioarekin jarraitzen du, igandero, 17:00etan.

ASIER ZALDUA / BERRIA.
urtzi urkizu
2016ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Irratigintzan lehen pausoak Gipuzkoa FM irrati komertzialean eman zituen Gorka Santestebanek (Zumarraga, Gipuzkoa, 1979). Irrati horretan, urte eta erdiz magazin bat egin zuen, Zumarraga eta Urretxuko KKinzona irratira iritsi aurretik. Euskaldun berria da, eta naturaltasun handiarekin aritzen da euskaraz mikro aurrean.

Hamar urteren ostean, amaiera eman diozu Gu ta gutarrak irratsaioari. Pozik zaude egindako bidearekin?

Balantzea oso ona da. Hasierak eta amaierak ez dute zerikusirik izan. Lehen zazpi urteetan programa Aitor Lizarazurekin batera egin nuen. Agenda ematen genuen, albisteen berri eman, eta herriko pertsona bat elkarrizketatzen genuen. Pixkanaka-pixkanaka, kolaboratzaileak iritsi ziren, baita beste atal batzuk ere. Lizarazuk saioa utzi egin behar izan zuen, eta azkeneko hiru urteetan ni bakarrik aritu naiz saioan.

ETB1en bada izen bereko programa bat. Ez al dizute copyright-agatik ezer ordaindu?

Ez. Elkarrizketa batean galdetu zidaten ea zergatik ez dugun izena aldatu urteotan. Lasai erantzun nuen, izen horrekin hasi ginela eta izen berari eutsi diogula.

Ikusten al duzu ETB1eko Gu ta gutarrak?

Hasieran ikusten nuen, baina azkeneko denboraldia ez. Azkenaldian, Tele5ko Mujeres, hombres y viceversa saioaren tankera hartzen diot. Lehiakide batzuk lagunak ditut. Baina azken boladan ez zait batere gustatzen.

Irratian egin izan dituzunak eramango al zenituzke telebistara?

Ba, ez zen txarra izango. Dena den, irratian mikro aurrean egotea eta kamerarik gabe, ondo dago. Kamera aurrean pixka bat urduri jartzen naiz.

Denboraldi honetan trikitiari buruzko saioarekin hasi zara. Horrekin jarraituko duzu, ezta?

Bai, bai horixe. Uztailaren amaiera arte jarraituko dugu igandero saioa egiten, eta gero abuztuan errepikapenak jarriko ditugu. Datorren denboraldiari begira, nire asmoa da bikoteak estudiora ekartzea zuzenean pieza batzuk jo ditzaten. Esango nuke gaur egun irratietan gutxi entzuten dela trikitia.

Gu ta gutarrak irratsaioaren amaiera iritsi dela eta, egindako bidea aitortzeko ekitaldiren bat antolatzea pentsatu al duzu?

Bi kontu ditut buruan. Irratsaiotik pasatzen ziren gonbidatu guztiei argazki bat ateratzen nien, eta, ondorioz, argazki pila bat dauzkat. Argazki horiekin erakusketa bat jartzeko asmoa dut, gaztetxean, urri aldera. Beste ideia litzateke Igor Elortzak eta Unai Iturriagak osatutako Gu ta Gutarrak musika taldea gonbidatzea gure herrian kantatzera. Sekulakoa litzateke, baina hori zailago ikusten dut. Ikusiko dugu.

Euskarari oso lotuta dago zure egunerokoa. Zer da zuretzat euskara?

Euskara, niretzat, lehen hizkuntza da, nahiz eta euskaldun berria naizen. Gurasoak erdaldunak dira, eta ikastetxe elebidun batean ikasi nuen. Maizpide euskaltegian ikasi nuen euskaraz ongi.

Zer ekarpen egiten diote euskarazko irrati txikiek euskararen normalizazioari?

Iruditzen zait Arrosa sarean dauden irratiek ekarpen handia egiten dutela. KKinzona irratikoek badugu harremana beste irrati batzutekin: Bergarako Txapa irratia, Zarauzko Arraio irratia, Gasteizko Hala Bedi...

Zeintzuk dira zure irrati esatari gogokoenak?

Segura Irratiko Lierni Elorza, etaArrosa irrati sarean, Zebrabidea magazina aurkezten duena, Nekane Zinkunegi.

Gaur egun, ikus-entzunezkoak dira jaun eta jabe munduan. Hala ere, irratiak etorkizuna duela uste duzu?

Gaur egun, eduki guztiak Interneten daude. Ivoox plataformanjartzen ditut elkarrizketak, eta esango nuke entzule gehiago dituztela Interneten FMn baino. Irratia etxean entzuteko ohitura dute oraindik adineko pertsonek, baina gazteek ez. Gazteek Internet bidez entzuten dituzte irratiko edukiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.