ATZEKOZ AURRERA. Mikel Urrutia. Hutsun Txalapartako kidea

«Jotzeko moduak bere nortasuna ematen dio musika tresnari»

Txalapartak Euskal Herrian duen garrantziaz aritu da Urrutia, baita haren eboluzioaz ere: «Gelditu izan bagina ohol batekin eta jotzeko modu bakarrarekin, batek daki non egongo litzatekeen gaur egun».

IÑIGO URIZ / FOKU.
itsaso jauregi 2
Iruñea
2023ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Iruñeko Arrotxapea auzoan hartu zituen lehendabiziko aldiz Mikel Urrutiak (Iruñea, 1982) txalapartaren makilak, duela 23 urte. Txalaparta izan du ogibide harrezkero, eta, Anai Gambrarekin batera, Hutsun Txalaparta taldea sortu zuen 2011n. Orain, Piztuta! Euskal Kultur Begirada egitasmoan hasiberrientzako txalaparta tailerrak eskaintzen ditu, bere ibilbide musikalarekin jarraitzeaz gain. Hutsun Txalaparta taldea Sanduzelaiko Civivoxen egongo da, JEL triorekin batera, apirilaren 28an, 19:30ean.

Nola definituko zenuke txalaparta ezagutzen ez dutenentzat?

Definizio asko egon daitezke, baina, niretzat, lehenik eta behin, jolas bat da. Niretzat txalaparta musikarengana hurbiltzeko oso modu polita izan zen; lagunekin batera, jolasen bitartez hurbildu nintzelako.

Zer dakite txalapartari buruz tailerrean ari diren hasiberriek?

Gehienek instrumentua noizbait ikusi dute, baina gutxik jo dute noizbait. Txalapartaren ideia orokor bat badute: badakite bi pertsonen artean jotzen den instrumentua dela, baina orokorrean deus gutxi dakite.

Ezjakintasuna nagusitzen da, beraz?

Bai. Alde batetik, gizartearen errua da, baina, bestetik, azpimarratzekoa da instituzioek oraindik ez dutela txalapartaren aldeko apusturik egin. Txalaparta oraindik Euskal Herriko musika eskola gehienetan ezin da ikasi, eta ezjakintasuna hortik dator. Guztiok badakigu oinarrizkoa, baina benetan nondik datorren eta zergatik jotzen den, hori jendeak ez daki.

Euskal Herritik kanpo txalaparta ezaguna da?

Orokorrean ezjakintasuna nagusitzen da, baina hemen bezala. Atzerrian asko eskertzen dute tresnaren historia ezagutzea: txalaparta debekatuta egon da berrogei urtez, Franco hil arte. Harritzen dira hori entzutean. Jendeak txalapartaren historia ezagutzean instrumentua berea egiten du.

Musikari lehen eta irakasle orain. Nolakoa izan da aldaketa?

Ni txalapartaria naiz, baina betidanik, nolabait, txalapartari irakaslea ere izan naiz. Iruñean oso txalapartari gutxi zeudenez, ikasten genuenok berehala irakasten genuen.

Txalaparta Euskal Herriaren identitatearen parte da?

Bai, txalaparta gure identitatearen zati handi bat da. Argi izan behar dugu txalaparta bere garaian desagertzear egon zela, 1960ko hamarkadan batez ere. Horregatik, gizarteak gure identitatea bihurtu du.

Folklore hitza kaltegarria edo onuragarria da?

Hutsun Txalaparta taldean hasi ginetik saiatu gara folklore eta politika etiketetatik aldentzen. Azkenean, txalaparta etiketa horietara bakarrik mugatuko delako. Ni ezker abertzalekoa naiz, eta beti jo izan dut zenbait ekitalditan eta manifestaziotan, baina gizartearen parte batek hori bakarrik ikusten du.

Txalapartan eboluzio bat egotea beharrezkoa da, beraz?

Bai. Gu saiatu gara kanta ezagunen bitartez erakusten musika tresna horrekin egin daitezkeela beste gauza batzuk. Gelditu izan bagina ohol batekin, eta jotzeko modu bakarrarekin, batek daki non egongo litzatekeen txalaparta gaur egun.

Ohol batetik txalaparta afinatura. Eboluzioa Hutsun Txalaparta taldeko kontzertuetan erakusten duzue?

Bai. Ohartu ginen gizartean behar hori zegoela. Horregatik sortu genuen Txalaparta hutsa izeneko kontzertu didaktikoa, eta oraindik horretan ari gara. Instrumentuak izan dituen aldaketak azaltzen ditugu, eta jendeak eskertzen du.

Aldaketak beti eskertzen dira?

Ez. Betidanik egon dira ahots batzuk esaten dutenak hori ez dela txalaparta. Hasi zirenean egurra burdinekin nahasten, esaten zuten txalaparta betidanik egurrarekin izan dela. Hasi ginenean txalaparta afinatuekin, ahots kontserbadore horiek esaten zuten hori xilofonoa zela. Baina jotzeko moduak ematen dio musika instrumentuari bere nortasuna; ez egurrak edo harriak.

Txalapartari gazte ugari daude?

Gure tailerrean gazteenak 35 urte ditu. Txalapartariok elkartzen garenean beti aipatzen dugu: ez daude txalapartari gazteak. Ez gara 2008an bizi, eta orain gazteek beste gauza batzuk egiten dituzte. Beste musika tresnekin ere gertatzen da, baita dantzekin ere. Nik uste dut gazteak erakartzeko musika eskolek modu duin batean eskaini beharko lituzketela txalaparta eskolak.

Oraindik urduri jartzen zara kontzertu bat baino lehen?

Beti. Espero dut hori inoiz ez galtzea. Beti sentitu behar duzu urduritasun puntu bat sabelean; oso garrantzitsua da. Betidanik esan dut: noizbait hori galtzen badut, seinale txarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.