Jotari airea eman nahi diote

Nafarroako jota kantatua eta dantzatua Nafarroako ondare immaterialeko kultur ondasun izendatu dute. Arrisku larririk ez duen arren, badira heldu beharreko erronkak: kantatzen denari dagokionez, ikerketa, galdutako estiloak berreskuratzea eta berritzea; dantzari dagokionez, eredua zabaltzea.

Jota kantari bat besoak gerrian eta jantzi zuri-gorria soinean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Eskuak gerriari helduta edo eskuak airean goratuta. Aldakari eutsiz zein kriskitinak joz, eskuekin ere kantatzen eta dantzatzen da jota. Nafarroako koreografia eta musika ondare garrantzitsua da, besta egile, identitate sortzaile, eta, orain, Nafarroako ondare immaterialeko kultur ondasun ere bai, Nafarroako Gobernuak izendapen hori eman ondoren. Jotari domina paratuta, praktikara igarotzeko garaia da: aurrerantzean zer? Hausnarketa bultzatzeko balio beharko luke aitortzak, eta, jotak dituen mehatxu edo arriskuak identifikaturik, haiei heltzeko.

Jotak bere osoan jaso du izendapena: kantatzen denak eta dantzatzen denak. Bi urteko lana izan da, Navarjota elkarteak egin duena. Maria Angeles Gonzalez gitarra jotzaileak eta Laly Jausoro jota abeslariak sortu dute elkarte hori, izendapena lortzeko lanak egiteko, eta, orain, jotaren mundua batzeko asmoz. Alfredo Asiain NUPeko Ondare Immaterialaren Artxiboko zuzendaria ere izan dute bidelagun. Egin beharren artean, hiru foro osatu zituzten Iruñean, Tuteran eta Tafallan (Nafarroa) jotaren inguruan ari direnekin. Han bildutako gogoetek argitu dezakete etorkizuna.

«Jota barnetik ateratzen den sentimendu bat da. Sentitzen duzu; etxean jasotzen duzu, eta ondorengoei ematen diezu. Zurea den zerbait da, barnetik botatzen duzuna». Hala definitu du Gonzalezek. Horregatik, garrantzia eman dio izendapenari: «Orain, Iruñeko katedralak duen aitortza bera du jotak». Hala ere, argi du aitortza ez dela «panazea»: orain babes neurri batzuk hartu behar direla uste du. Kultura kontseilariarekin biltzea dute hurrengo urratsa.

Kanpotik heldu zen jota Euskal Herrira, eta bertakotu, gaur egun euskal kultura tradizionalaren elementu esanguratsu izateraino. «Jotak XIX. eta XX. mendeetako Nafarroako historiaren kronika dira», azaldu du Asiainek. Oraingo erronka XXI. mendekoak ere izatea litzateke. Patxi Laborda dantza maisuak esan duenez, ez dago argi nondik heldu den jota, baina XIX. mendean dantzatzen zela dokumentaturik dago. Joan Ignazio Iztueta dantzari eta idazleak berritzat hartzen zituen, esaterako. 1903an Lizarrako (Nafarroa) larrain dantza osatu zutenean, dantzari buruzko azalpenak bildu zituzten panfleto batean. Jotaren atalean, baina, zera idatzi zuten: «Ibiltzen denez, ezabatuko dugu». Ez zuen azalpenik behar, boladan baitzen dantza hura.

«Ez zen bat-batean iritsi. Jota erritmoa leku askotan topatzen dugu: foliac, chacona, gallarda... jotaren oinarriak izan zitezkeenak dituzte», azaldu du Labordak. «Erritmikoki, jotaren oinarria oso lotuta dago flamenkoarekin ere: hemiolia sistema da, hirukoak eta bikoak uztartzen dituena. Hori flamenkoan eta jotan topatzen dugu». Kontua da gero leku bakoitzean bere kolorea hartu zuela.

Bai kantuan eta bai dantzan ere, jota estandarizatu egin zen joan den mendean. Dantzari dagokionez, Labordak azaldu du 36ko gerraren aurretik hasi zela prozesua, baina batez ere gerra ondoan gertatu zela. Txapelketek eta dantza taldeen sorrerak izan zuten eraginik horretan. Dantzatzeko modua aldatu zen, eta koreografiak sortu: Lizarrako jota zaharra, Tafallako Pilindros jota, Tuterakoa, Zangozakoa... (Nafarroa). Herri identitate bilakatu dira denak, zaharragoa den Otsagabiko (Nafarroa) jota bezalaxe.

Berdin gertatu da kantatzen den jotarekin, Jausororen arabera: «Lehen, estiloa ezberdina zen Tuteran, erdialdean eta iparraldean, baina orain dena berdina da: berdin du zer eskolari aditzen diozun kantuan». Gaiak ere, beti berak. Jotaren parte nagusietako bat hitzak dira, eta horri ere erreparatu beharra azpimarratu du Jausorok: «Garai batean, zenbait gai zalantzan jartzeko kantatzen zuten herrietan. Badira, adibidez, 36ko gerrako panorama agertzen duten jotak. Orain ez dira gaur egungo gaiak kantatzen, beti berak dira, monotonoak». Beraz, jota fosil bihurtu aurretik gaurkotzeko deia egin du.

Asiainek ere uste du garai bateko funtzioa berreskuratu beharra duela jotak. Ikuskizun bihurtu dela dio, eta hori kalterako ez ote den, soilik jaialdien eta txapelketen bidea urratzen bada: «Jota herri musika da: ezaugarri hori du. Espektakulu huts bihurtzeak arriskuan jartzen ditu haren freskotasuna eta haren eguneroko testuinguruak». Horri lotuta ikusi du gazteak erakartzeko beharra, publikoa zahartzen ari delakoan. «Bitxia da hip-hop buruz burukoen eskari handia dagoelako gazteen artean; badute inprobisatzeko eta poesia kantatua egiteko gogoa, baina jotaren lekukoa ez da iragan herri musikagileei, ahots berriei eta kopla berrien sortzaileei».

Haiku baten moduan ikusten du Asiainek kantatzen den jota: «Kopla, lau bertso horiek, haiku japoniarrekin alderatu litezke erabat: emozioa nola sintetizatzen duen, norberak transmititu nahi duena... herri poesia da. Hori berreskuratu beharra dago, jendeak horren beharra baitu: poesiaihesbide bat da. Mezuari heldu behar zaio, ez soilik kantuari».

Hori egiteko, baina, jendeak ez du baliabiderik. Horixe salatu du Jausorok. «Ikerketa, bilketa, dokumentazio eta klasifikazio lan handia egin behar da. Asko dago egiteko». Lan hori gabe zaila izanen baita arestian aipatutakoei heltzea. Baita transmisioa modu egokian egitea ere. Gaur egun, jota eskola asko daude Nafarroan, baina norberak ahal duena egiten duela ohartarazi du Jausorok. «Lan ona egiten dute, jende gaztea erakartzen dutelako, baina gidalerroak zehaztu behar dira eskoletarako».

Eredua ez dadin muga izan

Dantzari dagokionez, jota Nafarroako hizkuntza koreografikoetako bat dela dio Labordak, nafarrek komunean dutena. Izan ere, beste hizkuntza batzuetan ere erroturik dago jota, hegoaldean zein iparraldean. Dantzatzeko modua aldatu egin da urteen poderioz: «Ez dakigu nola dantzatzen zuten jota duela berrehun urte, ez delako bideorik. Dantzatzeko manera asko egon dira, eta seguru jota sistema aske bat zela, inprobisazioa zela nagusi». Gaur egun herriei atxikitzen zaizkien aldaerak aldaera pertsonalak izanen zirela uste du. «Jota harremanetarako hizkuntza bat zen. Gehienek zerbait oso sinplea egingo zuten, eta, gero, beti artistak egongo ziren».

Egun, estandarizazioa da nagusi. Koreografiek berpiztu zuten jota, Labordaren ustez, baina asko utzi zuten bidean: aniztasuna eta askatasuna. «Hori polita litzateke berreskuratzea». Aniztasuna bai, baina aukeran. Aiko taldearekin dantzaldietan jota dantzatzeko moduan eragin nahi izan dute, eta autokritika ere egin du: «Gu ahalegintzen gara islatzen aniztasuna badagoela, baina oso zehatzak izan behar dugu edukietan, jendeak uler dezan aniztasuna aukera bat dela, ez helburua». Alegia, hiru urratsekin egin litekeela jota ona; ez da behar bederatzi menperatzea. «Aniztasunean soiltasuna ere badago, eta hori ulertu behar da».

Etorkizunari begiratuta, jota sasoiko dagoela uste du Labordak, baina garai kritiko batean ere: dantzaldi asko daude, eta jendea badoa, baina nahiago izaten dute jauzietan aritu jotan baino. «Jotak jotzen direlarik, jende askok aprobetxatzen du momentu hori garagardo bat hartzeko». Estandarizazioaren ondorioa izan litekeela uste du dantza maisuak: «Segur aski, hori da: eredu bat jaso dugu, eta sakralizatu dugu, eta eredu horrek mugatzen gaitu. Gai izan behar dugu eredu hori kolokan jartzeko».

Hala, jotak jaso duen izendapena hausnartzeko aprobetxatu beharko litzatekeela uste du, pentsatzeko ea eredu hau nahikoa ote den norberaren beharretarako. Berdin jota kantatuarekin, Asiainen aburuz: «Tradizioak eboluzionatu egin behar du; bestela, fosil bihurtzen da, eta XXI. mendeko jendearen identitatea ordezkatzeari uzten dio». Navarjota elkarteak jotaren mundua batu, ikerketa egin eta jota zabaltzea izanen du helburu hemendik aurrera, Gonzalezen esanetan. Garrantzitsutzat jo du Nafarroako Parlamentuan otsailean egin zuten ekitaldia. Orain, Jotaren Eguna nahi dute, urtero jotari gorazarre egiteko. Airea behar du jotak. Eta aritzea. Jendea jotan aritzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.