Josu Camara aktorea eta Oihana Bartra bertsolaria izango dira Bilboko aratusteetako Farolin eta Zaranbolas

Hilaren 27tik martxoaren 4ra ospatuko dira Bizkaiko hiriburuko inauteriak. Otsailaren 28an epaituko dituzte Farolin eta Zaranbolas.

Oihana Bartra Bilboko azken Aste Nagusiko bertso saio batean, abuztuaren 19an. JON URBE / FOKU
Oihana Bartra Bilboko azken Aste Nagusiko bertso saio batean, abuztuaren 19an. JON URBE / FOKU
amaia igartua aristondo
2025eko otsailaren 14a
11:50
Entzun

Hil honen hondarrean hasiko dira Bilboko inauteriak: otsailaren 27tik martxoaren 4ra egingo dituzte aurten. Konpartsakideak entseatzen ari dira kopla txikien lehiaketarako, prest dituzte mozorroak Kale Nagusian egingo duten desfilerako, eta iragarri dute nortzuek jokatuko duten aratusteetako bi pertsonaia nagusien rola: Josu Camara aktore eta zuzendaria izango da Farolin, eta Oihana Bartra bertsolaria eta konpartsakidea Zaranbolas.

Jai Batzorde Mistoak aukeratu ditu. Batzorde horretan, Bilboko Udaleko, Bilboko Konpartsetako, Fekoor elkarteko eta Zazpikaleetako Merkatarien Elkarteko ordezkariek parte hartzen dute.

Bilboko auzo batzuetan hazitakoa eta bizi izandakoa da Camara. Irakaskuntzan ekin zion ibilbide profesionalari, baina Kukubiltxo antzerki taldean sartzeko aukera baliatu zuen, eta antzerkian egin da ezaguna. Ia 45 urteko ibilbidea dauka. Farolin bilbotar harroarena egitea egokitu zaio aurtengo aratusteetan.

Landa eremuko inauteri tradizionalaren ekitaldietako bat zen gaiztoen epaiketa, eta Bilboko Konpartsek 1984an berreskuratu zuten ohitura, baina tonu umoretsua emanda

Oihana Bartra, berriz, Zaranbolas alaiaren tokian ariko da. Bilboko Santutxu auzoan jaio zen Bartra, 1984an, eta irakaslea da ofizioz. Bertsolaria ere bada, gaztetatik: 15 urterekin hasi zen, auzoko bertso eskolan. Bizkaiko Bertsolari Txapelketan parte hartu izan du, besteak beste. Bilboko Konpartsen parte ere bada. Bira kultur gunearen sorreran parte hartu zuen.

Biak ala biak epaituak izango dira aratusteetan, hilaren 28an, urtero legez. Landa eremuko inauteri tradizionalaren ekitaldietako bat zen gaiztoen epaiketa, eta konpartsek 1984an berreskuratu zuten ohitura, baina tonu umoretsua emanda. Bilboko Plaza Barrian egiten da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.