Jaiak. Iruñeko sanferminak

Jostetak, algarak eta euskarak

Zubiri atzean utzita, Euskarabentura espedizioa Iruñera ailegatu da San Fermin egunaren biharamunean. Oinez Txokoan izan dira ‘jizioquitarrak’, eta festak ezagutzeko eta dibertitzeko aukera izan dute. Udalak harrera egin die aurreneko aldiz.

(ID_14057058) (Idoia Zabaleta/@FOKU) 2024-07-08, Iruñea. Euskarabenturako gazteak Iruñera ailegatu dira  eta  Udalak eman die ong...
Euskarabentura espedizioko kideak, Takonera parkean, Oinez Txokoaren bazter batean atseden hartzen. IDOIA ZABALETA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2024ko uztailaren 8a
19:36
Entzun

Nahita ere, nekez izan liteke diskretua Euskarabenturaren iritsiera Iruñean. Are gutxiago sanferminetan. Hiria jantzi zuri-gorriz josia denean, ezinbestean nabarmentzen dira, bizi-bizi, espedizioko kideen kamiseta koloretsuak: laranjak gehien-gehienak, 127 gazte parte hartzaileenak; urdinak beste batzuk, antolatzaileenak eta langileenak. San Fermin egunaren biharamunean ailegatu dira hirira, Zubiri (Nafarroa) atzean utzita, eta berekin ekarri dute tona bat ilusio eta umore. Hamaika azentu eta hizkera. Eta, batez ere, are eta euskaldunagoa egin dute Iruñea. 

Oinez Txokoan egin dute geldialdia, eta, bertan, Iruñeko Udalak harrera egin die, lehenbiziko aldiz. Alkate Joseba Asiron joatekoa zen, baina azkenerako ezin izan da azaldu, eta, ondorioz, Herritarren Partaidetza eta Euskara zinegotzi Aitziber Campionek helarazi dizkie haren mezuak gaztetxoei. Campionek nabarmendu du «ohorea» dela espedizioa «Hiri Buruzagian» izatea, noiz eta sanferminetan. «Ez duzue data txarra aukeratu!», esan die, umoretsu. 

Nafarroako Gobernuaren izenean, Ana Ollo lehendakariorde eta Oroimen eta Bizikidetza kontseilaria, eta Jabi Arakama Euskarabideko zuzendaria izan dira Euskarabenturakoekin. Ollok adierazi du «plazer bat» dela jizioquitarrekin hirian izatea, eta azpimarratu du, gainera, berezia dela hain justu ere uztailaren 8an heldu izana, German Rodriguezen hilketaren urteurrenean. Gogora ekarri du hura gertatu zen urtean –1978an– festak bertan behera gelditu zirela, halabeharrez, baina gaur egungo egoerarekin alderatzeko ekarri du akordura hori, batez ere: «Gaur egun, ospatu dezakegu bizikidetzaren hiria dela Iruñea, eta zuek ezagutu dezakezue hori», esan die gazteei. 

Konplizitateak agerian

Izan ere, bistan da jendea ez ezik Euskal Herriko askotariko txokoak ezagutzeko parada dela Euskarabentura, eta, are gehiago, gazteen elkarrizketetan eta egiten dituzten galderetan aise sumatzen da jakin-mina. «Atzo neska bat bortxatu zuten hemen, ezta?», galdetu du neska batek, kezkatu samar, kazetaria haiekin eseri eta gutxira. Eta galdera horrek errenkadan ekarri ditu, segidan, urteotan sanferminetan sona handia izan duten zenbait erasoren kasuak elkarrizketara: hala nola Nagore Lafaggeren hilketa eta 2016ko talde bortxaketarena. 

Instituzioetako ordezkarien ekitaldiaren ondotik, bazkaltzeko ordua. Laster batean, taldeka eseri dira jizioquitarrak —horrela antolatzen dira gauza askotarako—, eta hasi da bokata joan-etorria. «Solomo gazta!», batek oihuka; «Errepikatzen ahalko da?», beste batek galdezka, irribarrez. Eta, bitarte horretan, bokatak noiz iritsiko zain, argi bistaratu da Euskarabenturako osagai nagusietako bat: josteta. Eta hori ere bada, aldi berean, astebetean dagoeneko sortu diren harreman eta konplizitateen isla zintzo bat. Hirura arte zenbatu, eta elkarri nork begiratzen dion da inportanteena jolasetako batean; beste batean, biribilean eseri eta ekintza zoroak egitea. Edonola ere, irri algarekin amaitzen dira beti. 

Zortzi egun baizik ez dira Atharratzen (Zuberoa) espedizioa abiatu zutela —hurrengo bisita Irulegira eginen dute—, baina orain arteko hoberena zer izan den galdetuta, ziztuan erantzun dute batzuek: «Lagunak!». Kontu kuriosorik aipatu dituenik ere bada: «Dutxa!», «Larzabalen Altxalilik egin zuen ikuskizuna!», «Goizeko kanta; Neomaken Hor gaude jartzen digute altxatzeko!».

Ohartarazpena egin diete antolatzaileek gazteei: goza dezatela bideaz, aurrerantzean «ziztu bizian» pasatuko baita esperientzia, eta ohartzerako Getxon (Bizkaia) izanen baitira, ibilbidea bukatuta. «Orduan etorriko dira negarrak, baina baita gureak ere», esan du Iholdi Urkiza begiraleak, Euskarabenturak guztiei utziko dielakoan arrastoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.