Urtarrilak 25. Frantziatik eskutitz bat heldu zait, beste karta sail baten artean (...) Lanari dagozkion karta-estalkiak ireki ditut (osteguna), eta gainerakoak ostiral arratserako utzi. Ez nekien ondotxo Frantziako eskutitz hartan zetorkidan albiste tristea. Jakin izan banu, ez nuen edukiko, noski, egun eta erdi ireki gabe. Eskutitza Txomin Peillen euskaltzale sutsuak egin zidan, munduan izan dudan adiskide onenetakoaren hil-berria emanez: «Badut berri hits bat zueri esateko: Jon Mirande Aiphasorho gure aspaldiko adiskide minaren bihotz ona eta buru kezkatia gelditu dira. Abenduaren 28an hil da, sortu zen hirian, Parisen». Yon Etxaidek idatzia da 1973ko otsailaren 11ko Zeruko Argia-n: «Jon Mirande hil zaigu!». Orri berean, beste artikulu bat, J.A. Arze Hartzabalena, «Jon Mirande hil da», non poema bat ere ageri den, Mirandez, ororen buru.
HILETA
Astelehena, 1973ko urtarrilaren 15a. Bonbazia eta punpeziarik ez da. Auto batean, hilkutxa doa. Aurretik, zenbait ibilgailu. Pariseko Thiais-eko hilerrian ehortzi dute poeta, etxekoen hobiaren ondoan. Thiais, hein bateko mailarik ez duen jende apalaren hil-zelaia. Azken otoitza egin du apezak, kristau federik ez zuenaren arimak bizian ukatu zizkioten bake eta atsedena betiko geroan izan ditzan, inondik ere.
Arrandiarik gabe, Txomin Peillenek Jon Miranderen Ohizko Jainkoari poema bota du kutxaren gainera. «Josu bar Joseph, Nazarethen zinaudelarik / Tenplu heipean itzal eta itz emaiten, / Oi zergatikan ez zaitu judu zaar batek / Judako zuhaitz gazte hori, jo 'ta moztu!»... Harrezkero, Thiais-eko hilerriko 14. alderdiko 12. lerroan, 37. zuloan datza Jon Mirande Aiphasoro. Kristauaren gurutzea du tonba gainean, hari herra, gorrotoa eta borondate gaiztoa bazizkion ere.
Hileta elizkizuna Saint-Antoine-des-Quinze-Vingts elizan izan da, Ledru-Rollin hiribidean. Ez da jendetzarik bildu. Berrogeita hamarren bat arima, hor nonbait. Tartean dira familiari ezagunak zaizkion Miranderen bizpalau adiskide lagun eta beste zenbait pertsona, Jonen —baina beti Jean etxekoentzat—, kidetzat hartu dituztenak. Hantxe da Txomin Peillen ere, baina ez du elizara sartzeko urratsik ez imintziorik egin, elizkizuna poetak zituzkeen sineste, gogo eta nahi zindoenen kontrako dela gogor sinetsirik. Mezak ez du luze jo. Aski zeremonia hotza izan da, eta ez zatekeen aipatzekorik ere, apeza isipua hartu eta hilkutxa benedikatzen ari delarik ez balute bi gizonezkok eskuineko besoa jaso eta nazien keinua egin. Eskandalagarria, zinetan eta minetan. Batzuen haserrea eta besteen narda piztu du itsuskeriak. Jean Miranderen lagun Georges Pinault izan da keinu dorpe hori egin duenetarik bat. Bestea, guztiz argi eta garbiki identifikatu ez badute ere, eskuin muturreko bretoia da, Miranderen lagun hura ere. Apezak ez dio kutxa benedikatzeari utzi, poetaren idatzia arren: «Ez abesti latinik ez ur bedeinkatu apaiz / Ez garbairik anaiak naizenean hilgo / Anaiaren garbaia gezurra baita maiz».
PRIEZ POUR LUI
«Lurraren magalean haizenean sartuko / Alaitu gorputza!, han egongo baihaiz / Nahiz uda, nahiz negu, bakean betiko».
Priez pour lui dio hileta-oharrak. Jean Mirandek ez baitu deus idatzirik utzi, hondar borondaterik ez besterik. Jeanen arreba Simonek familiaren sinesteen arabera ehortzi du poeta, nebaren ustekizun eta heterodoxia zertan ziren aintzat hartu gabe, zeren eta, azkenaz beste, Jeanek ausiabarrik batere gabe esku hartu izan baitu etxean erlijio ospakizunik egin dutenetan; bere loben bataio eta jaunartzeetan, adibidez.
Etxekoak ez dira izan Jean Miranderen arimaren alde otoitz egin duten bakarrak. Pariseko hileta-elizkizunaz beste, Yon Etxaidek, zeina baita Miranderen lagun handienetarik bat, egunero esan du haren aldeko arrosarioa, eta meza ere agindu du, Txomin Peilleni jakinarazi dioenez. «Haren ohoretan Donostiako Jesuiten elizan 1973. urteko martxoaren 4an euskarazko meza emango da, haren arimaren deskantsurako». Izan ere, Etxaidek bestek ez bezalako ustea du Miranderen sinesteaz. «Askok diote fedea arras galdurik zuela. Nik ez nuke hainbeste esango. Gurera urtero edo ia urtero etortzen zen, eskuarki Eguarri inguruan, eta otorduetan errezatzen zen Aitagureari apalki erantzuten zion, eta gurekin beñepein, bai eliz-gizonez eta bai Eliz-Ama-Doneaz begirunez mintzatzen zen, nahiz-ta bide batez euren dotriñen aurka jardun. Kristauen etsai baino gehiago, judu, mairu eta beltzena zen».
Yon Etxaidek meza agindu du Donostian. Pariseko euskaldunek, aldiz, ez, Txomin Peillenekidatzia duenez: «Pariseko Euskal Etxeko elizkizunetan ezjakinarena egin zuten. [Mirandek] Paris sorleku, hazleku, ikasleku eta hil-leku izan zuen hirian, elizkizun bakarra familiarena izan zen».
DENBORALDIA INFERNUAN
1958ko martxoan ama hil zaiolarik, Marie Aiphasoro Arabarko, hasi da hiltzen semea. Zauri bizia eragin dio heriotza horrek Jeani, eritzerainokoa, eta gero eta gehiago da edariari emana. Ezongi, larri, hainbat obsesio eta fobia erakutsi ditu, eta psikastenia diagnostikatu dio sendagileak. Pariseko Pitié-Salpêtrière Unibertsitate Ospitale aipu eta sona handikoan artatu dute, baina eri izango da harrezkero eta hil artean, eta noiznahi jasoko ditu etxean sendagileen bisitak, auzoek kezkaz behin eta berriz eta aunitzetan haiei deiturik.
1967an hil zaio aita. Pierre Mirande Etxebar. Azken aldian aita-semeen harremana koska bat estutu da eta, aita hilik, umezurtz, Jeanek whiskia du adiskide eta eguneroko lagun. Davout bulebarreko 106 zenbakian du beti familiaren bizitokia. Gurasoen etxea izana, beti-betiko habia, hutsik da orain. Horditzar, bigarren solairuraino eskailerak zuzen ezin igorik da Jean behin baino gehiagotan. Eskuak eta zangoak lurrean, lauoinka eta herrestan etxera sartu nahirik da maiz. Bart bai, lortu du ateraino heldu, giltza sarrailan sartu eta etxeratzea. Herenegun ez, herenegun ezkaratzean egin bide zuen lo. Mirande Aiphasoro familiaren auzokide betidanikoek Jean hordia hartu eta etxeraino laguntzea ere ez da arrotz ez estrainio. Beren heinean laguntzen dute auzoa: otorduak prestatzen ohi dizkiote eta etxea garbitzen ere diote.
Aldi honetan, aita hil baino zenbait lehenago, diru-zorroa galdu du Jonek. Hala ere, baten batek aurkitu du Sena ibaiaren ertzean. Simone arrebaren etxera helarazi dute delako zorroa. Lobetarik bat hura Jeani ematera joan delarik Davout bulebarreko etxera, larrubizirik ikusi du otto, depresio sakonak joa, batean eta bestean whiski botilak ageri, soka bat korapiloa eginik eta balkoiko balaustradari loturik. Zaintzako sendagileari hots egin diote. Heldu denean, harritua da Jean Miranderen bibliotekak ageri dituen liburuei begira: batean, nazien lanak erakusten dituzte apalek; bestean, hebreerazko hiztegi eta gramatikak. Fite, medikua eta gaixoa hitz egiten hasi dira, baina Jeanen senideek konprenitzen ez duten hizkuntzan. Hebreeraz ari dira batak besteari. Sendagilea judua izan!
HERIOTZARI BURUZ
Aita hilez gero, estatuak gurasoei utzi etxetik lekutu behar izan du Jean Mirandek. Senideetatik urrunago, bakanago harremanak, ez du loturarik egin etxe berriko auzoen artean. Are, lanean ere ez du kiderik, Pariseko euskaldunen partetik ez du jaso deshore eta arbuio besterik, eta euskal kulturaren munduak ere ez dio gaitzespena baizik erakutsi. Somniferoak eta whiskia ditu lagunmin eta heriotzari buruz daramaten etsai deabruzkoak. Senideak ez dira Jean sustengatzeko gai, sendagilerik zailduenak ere ez baitu asmatzen haren alkoholismo eta depresioari aurre egiten. Ospitalerik klinikara eta klinikarik ospitalera eman du azken urtea, lo galdutik osatzen, aski sendabide bortitzetan barna eta, beti, nardak hartua, bakarrik eta noragabe.
1972ko uztaila da, Jonek Txomin Peillen adiskideari zuzendu gutuna dugu: «Eri izan nauzu. Lehenik, ospitale batean egon nuzu, eta gero Bretainiarat jin nuzu, pertsonalki ezagutzen dudan zain-sendatzen baten klinikarat. Uste dit luzasko heben nizatela».
1972ko hazila. Hondar bidaia egin du Jon Mirandek Euskal Herrira. Sohütako Xaho deitu amaren etxera egin du, urtero ohi duenez. Kusiek diote ontsa dela Jean —gorputzez, bederen—, ibilitzar handia ere egin baitu inguruko mendietan hara eta hona. Eta, zuzen, Zuberoan den egunetan egin du biziko azken gutuna Jon Mirande Aiphasorok: «Peillen'dar Txomin'i. Maule, 1972-XI-6. Agur bat Maulerik. Huna ethorri nintzan Chateaulin-ko [Bretainia] klinika utzi ondoren. Baina asperturik nago, zinez aldi huntan, Euskal Herriaz. Ez dakit noiz sarthuko naizen, ez eta norat. Jean Mirande».
Dena den, Parisera itzuli da, eta laneko tokira joan ere da.
HIL DA
Eguberriaren kari, Simoneren familia osoa Jeanen zain da bazkari ordurako. Ez da, ordea, ageri. Eta nahi eta ere, ezin harekin harremanetan sartu, Jeanek ez baitu etxean telefonorik inoiz izan. «Agian, bidaian da, edo, agian, adiskideren batekin da», pentsatu dute.
Urtats igaran da eta Jeanen berririk ez dute. Jakin dute, haatik, ez diola bere lagun Michel Tauriac idazle eta kazetariaren gomitari erantzun, eta hamabost egun ere badira lanean oinik ezarri ez duela. Horiek hein bat baino gehiago kezkarazi dute Simone. Hartu du semea lagun eta nebaren etxera egin dute. Atea ireki baiko, kiratsak iragarri die, begiek baino lehenago, ikusi dutena: ohean datza Jean, whiski botilak hutsik beti zoruan, barbituriko zenbait gau-mahaiaren gainean. Begiz jo dute paper zati bat: «Jean, nehoiz ez haut ahantziko». Aldi honetako maitale duen Louise Blennyk idatzia da. Hurrengo batean jakingo dutenez, biziaren eta heriotzaren arteko azken borrokan ikusi du Louisek Jean. Bakea emateko, bakarrik uzteko, sendagilerik ez deitzeko agindu dio emakumeari.
La Rappée auzoko Institutu Forentsera, Austerlitz geltoki aurrean, eraman dute gorpua, non egin baitiote autopsia. Zenbait ikerketa egin eta, medikuak erabaki du abenduaren 28an hil zela, itxura guztien arabera, Jon Mirande. Autopsiak erakutsi du haren gorpuan bazela nahi beste alkohol eta barbituriko, eta horixe esanik erabaki du forentseak poetaren heriotzaren kausa. Ezin esan du istripua izan den edo bere buruaz beste egin duen, baina, handik gora, nork bere errotara eraman ditu urak.
Txomin Peillenek adieraziko du Mirandek Henri de Montherlant idazlearen suizidioa miretsi zuela, 1972ko irailekoa, beste noizbait ere saiatu zela bere burua hiltzen, hortxe dela beti poema hori ere, Soneto, 1947koa, olerkaria bere buruaz beste egitera deitzen zuenak... Haatik, bestela esango du Miranderen lagun handi Yon Etxaidek: «Nik ezin esan dut Jonek bere burua hil zuela, eta ukatu ere ezin dut. Ez zen lekukorik izan. Abenduaren 28an hil zela diote, baina urtarrilaren 6 arte ez zuten hilotz aurkitu. Jendeak jakin behar du Jonek intsomnio arazo larriak zituela, pilula loeragileak hartzen zituela. Baliteke dosi handiegi batek eramatea itzalaz beste aldera, berak bere burua hiltzeko asmorik gabe ere».
Jon Mirande hil dela, hil zaigula, erabaki dute biek ere, minaren minez min.
Egiaz eta begiaz
«Jon Mirande hil zaigu!»
Huts egin zuen Eguberrietako jai eta ospakizunetan, ez familiako hitzordura azaldu zen, ez adiskidearen ohiko gomitari erantzun zion. 1972ko urtarrilaren 6an aurkitu zuten Jon Miranderen gorpua Parisen, bizi zen etxean, eta, autopsia eginik, abenduaren 28an hil zela erabaki zuen sendagileak. Txomin Peillenek helarazi zion berri lazgarria Yon Etxaideri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu