Ramon Agirre aktorea (Donostia, 1954) egunero ahalegintzen da hondartzara joaten. Etxetik gertu du, eta nahikoa izaten du hogei minutuko bustialdi batekin. «Hondartzarik gabeko eguna alferrik galdutako eguna da», Agirreren arabera. Izan ere, Donostiako hondartzak dira bere leku kuttunak.
Zergatik dira Donostiako hondartzak zure lekurik gustukoenak?
Hondartza delako nire bizitzako une gozoenetako askoren agertokia, bereziki haurtzaroan eta gaztaroan. Orain ere ahal dudan guztietan jotzen dut hondartzara, oraindik oroitzapen asko ekartzen dizkidalako. Gainera, eskura daukat.
Zeintzuk dira hondartza horietan dituzun bizipen kuttunenak?
Gaztetan, jolaslekurik ederrena eta osoena zen: niretzat, dena zegoen han. Hondartzak izugarrizko aukerak ematen ditu jolaserako. Han egonean egotea ez zait inoiz gustatu, ez lehen, ez orain. Hondartza beti mugitzeko eta jolaserako lekua izan da.
Zertan jolasten zinen?
Futbolean jokatzen nuen hondartzan; nire bizitzan, plazer iturri handienetakoa izan da. Palan ere jokatzen genuen, olatuekin jolastu... Hondartzako momentuak ziren gozoenak. Egun, itsasertzean ibiltzea dut gustuko: hori ere jolasa da, oso atsegina. Beraz, oraindik ere hondartza oso leku gozoa da niretzat.
Igeri egiteko ohitura ere ba al duzu?
Bai. Igerian ere ikasi nuen Ondarretako gabarroian: Ioldi izeneko gizon batek irakasten zuen igeri egiten.
Sarri joaten zara hondartzara?
Ahal dudan guztietan. Udan, Donostian nagoenean, hondartzarik gabeko egun bat alferrik galdutako eguna da niretzat. Hondartzako itzulia hogei minutuan egiteko gai naiz: etxetik gertu daukat, eta bustialdi bat egiten dut, eta buelta etxera.
Eguraldi onarekin, noski.
Baita txarrarekin ere. Txikiak ginenean, ez zen garrantzizkoa zer eguraldi egiten zuen: euritan ere joaten ginen. Momentu horietan, hondartza zuretzat bakarrik duzu. Niretzat, eguraldiak ez du asko inporta.
Eguneko zer momentu duzu gogokoen hondartzara joateko?
Ni beti izan naiz goiz zalea. Behin edo behin, gauza berezi gisa, gaueko bainu horietako bat egin izan dut. Gauez oso polita da, baita egunsentian ere. Baina, normalean, goizez joaten naiz.
Bakarrik joatea gustatzen zaizu ala taldean?
Gustatzen zait bakarrik joatea, baina konpainia onean beti hobe. Beste pertsona batekin joatea nahikoa da konpainia ona izateko.
Gidoiak ikasteko baliatzen duzu hondartzako lasaitasuna?
Gidoiak ikasteko ez da leku ona, niretzat. Kontzentrazio handia behar da, hasieran batez ere, eta, hondartzan, estimulu asko daude kontzentrazioa kentzen dutenak. Nik etxean ikasten ditut gidoiak, horretara bakarrik jarrita.
Aupa Etxebeste filmean ere hondartzak presentzia zeukan...
Bergararrek ez zekiten hondartza koxkor bat zeukatenik... Barregarria zen etxean nola atondu genuen hondartza koxkor bat, eta Elena Iruretak eta biok hor erakutsi genuen gure trebetasuna palan.
Nautikoko pasarela eta behera jaisteko eskailerak itxita egoten dira batzuetan. Zer deritzozu?
Ni oso hondartzazalea naiz, eta hori da uretara sartzeko leku ederrenetako bat, gure kuttunenetako bat. Batzuetan, ireki egiten dute, eta, beste batzuetan, itxi. Beste leku batzuekin ere gauza bera gertatzen ari da: hondartzako sarrera ixten ari dira.
Zergatik egiten dute hori?
Arrazoia ez dago argi, eta arrazoiak ez dizkigute oso ondo azaltzen. Pribatizazioaren arriskua ikusten dut edonon: jaramon handiagoa egiten zaiela beste interes batzuei donostiarren bainuari edo erosotasunari baino. Beste kezka bat ere badaukat: metroa egiteko egiten ari diren zulo erraldoi hori. Garesti ordainduko dugu denok inor gutxik behar duen obra erraldoi hori. Neurriz kanpokoa iruditzen zait. Ez al gaitu zulo erraldoi horrek denok irentsiko!
MAITE DUT MAITE... HONDARTZA. Ramon Agirre. Aktorea
«Jolaslekurik ederrena eta osoena zen hondartza»
Berdin diote eguraldiak eta adinak; Ramon Agirre egunero saiatzen da Donostiako hondartzaren batera joaten. Kezka bat ere badauka: bere leku kuttunean pribatizazio arriskua ikusten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu