Bilboko Aste Nagusiko astelehena da. Lasaitasuna da nagusi itsasadarraren ondoan, nahiz eta laster ez den hala izango. 12:00ak dira, eta eguzkiak gogor jotzen du. Ez dago jende asko kalean. Turista batzuk astiro-astiro dabiltza pasealekuan. Langile batzuk asteburuko parrandak lagatakoa garbitzen ari dira; beste batzuk, datozen kontzertuetarako agertokia prestatzen. Ia ez dago zaratarik txosnagunean. Erripa kaian, hala ere, ezberdina da giroa. Urrutitik entzuten dira umeen oihuak eta barreak. Kontzertuetatik eta beste ikuskizun jendetsuetatik urrun, lasaiagoa da jaiguneko eremu hori, baina giroa badago; han elkartzen dira ume eta guraso asko jaiak beste modu batean gozatzeko.
Hurbilduz gero, puzgarriak ikus daitezke. Bi dira, eta horien ondoan pista bat dago, pedalak dituzten ibilgailu batzuekin ibiltzeko. Jolasak umez beteta daude. Batera ari dira jolasean, nahiz eta ez duten elkar ezagutzen. Elkar besarkatu dute, batak bestea bultzatu du, eta, erortzean, ume guztiak barrez lehertu dira. Kanpoan, gurasoak begira daude, erne, eta den-denek dute irribarre handi bat aurpegian. Batzuek seme-alabekin hitz egiten dute, jolasean dabiltzan bitartean. «Kontuz ibili!» eta «Ondo portatu!», agindu diete, baina umeak, pozez gainezka, ez dira kasu handirik egiten ari.
Ilara luzeak daude jolasetan sartzeko, eta haur askori nekeza egiten ari zaie itxaronaldia: kanpotik, inbidiaz begiratzen diete jolasean daudenei
Ilara luzeak daude jolasetan sartzeko, bai puzgarrietan bai pistan, eta haur askori nekeza egiten ari zaie itxaronaldia: kanpotik, inbidiaz begiratzen diete jolasean dauden horiei, begiak dir-dir. Gurasoek, berriz, elkarrekin solastatzeko aprobetxatzen dituzte tarte horiek: oporrez mintzo dira, batik bat, baita eskolarako itzuleraz ere. Bat-batean, gurasoen elkarrizketa moztu du ume batek. «Aita, ama, begira!», oihukatu die, puzgarrietan saltoka dabilen bitartean.
Bilboko Konpartsetako begiraleak alde batera eta bestera dabiltza, lanez lepo. Ia ez daukate atsedena hartzeko astirik, ezta hitz erdi esateko ere. Hiru begirale dira, jolas bakoitzeko bat. Haurrak jolasean ikusita, pozik daude haiek ere, baina erne dabiltza, halere, umeak zaintzen. Hainbat egunetarako lana dute, dena den: puzgarriak zabalik egongo baitira asteartean eta ostiralean ere, 12:00etan hasita.