Jolasetik jokora

Euskarazko palindromoen lehiaketara esaldi ugari aurkeztu dituzte; otsailaren bukaeran emango dute saridunen berri. Partaideetako bi Idoia Bengoetxea eta Igor Martin izan dira. Hizkuntzarekin jolastea aldarrikatu dute.

PALINDROMOAK
Euskarazko palindromoen lehiaketara aurkeztutako zenbait adibide. BERRIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko otsailaren 7a
05:00
Entzun

«Ero makina, ta nik amore». Palindromogintzak izan ditzakeen ondorioak iradokitzen ditu Markos Gimenoren palindromo horrek. Hitzekin jolastea da palindromoen funtsa: ezkerretik eskuinera eta eskuinetik ezkerrera berdin irakurtzen den hitz edo esaldia da, eta proba ugari egin behar izaten dira sortzeko; are gehiago zentzua duen bat egiteko. Ero makina bat izan daiteke palindromogintza, hitzen munduan sartzeak eragin ditzakeen buruhausteengatik. Izango dira saiatu ostean amore eman dutenak ere.

Dena den, palindromozale askok ez dute amore eman, eta parte hartu dute Gimenoren ingurukoek, Rober Peramentok eta Bigara elkarteak antolatutako euskarazko palindromoen lehiaketan; BERRIAk babestu du. Erotzea edo amore ematea baino gehiago, ondo pasatzea eta gozatzea da hitzekin jolastearen helburua, baita palindromogintzarena ere. Jolasa joko bihurtu dute euskarazko palindromoen lehiaketan, eta guztira 477 palindromo aurkeztu dituzte partaideek. Aurreko ostiralean bukatu zen palindromoak bidaltzeko epea, eta saridunen berri otsail bukaeran emango dute.

Lehiaketa duela mende bat antolatutakoaren oinordekoa izatea nahi dute. 1923ko abenduaren 16tik 1924ko otsailaren 29ra egin zuten, eta data berak mantendu dituzte aurten ere. Lehiaketa hura Euzkadi aldizkariak antolatu zuen, eta Ebaristo Bustinza Kirikiño idazleak gidatu zuen. Aurtengo norgehiagokaren antolatzailea Itziar Aranburu Bigara elkarteko kidea da, eta nabarmendu du helburu nagusiak betetzen ari direla: «Batetik, euskal komunitatean palindromo eta hitz jokoen zaletasuna piztea; eta, bestetik, zaletasuna duten pertsonak lokalizatu eta hartu-emanak sendotzeko bideak irekitzea».

Duela mende beteko ohiturari jarraitu diote euskarazko palindromoen lehiaketako parte hartzaileek, eta ezizenak baliatuta bidali dituzte palindromoak. Ezizen horietako batzuen atzean Idoia Bengoetxea dago. Tolosan (Gipuzkoa) bizi da, eta Andoaingo (Gipuzkoa) euskaltegian egiten du lan. Dozenaka palindromo bidali ditu. Lehiaketak oporretan harrapatu du, eta baliatu du aukera: «Lehendik eginda neuzkan palindromo batzuk, aspaldian ez, eta gustatzen zitzaizkidan. Pentsatu nuen: hauxe aukera ederra. Denbora neukan, eta pare bat egitea pentsatu nuen. Hasi nintzen, eta azkenean pila bat atera zitzaizkidan. Ez dakit zenbat bidali ditudan, baina dezente».

Hau da bidali duen palindromo bat: «Atomo sasti, itsaso mota». Bengoetxearentzat «oso dibertigarria» da palindromoak egitea: «Oso esanahi koherentea izatea zaila izaten da, baina zentzu bat edo osotasun bat edukitzea bilatzen dut. Hori da lortzen zailena».

477

Lehiaketara aurkeztutako palindromoak. Pertsona ugarik hartu dute parte euskarazko palindromoen lehiaketan, eta 477 palindromo aurkeztu dituzte guztira; azken egunean, 150.

Autore erotua ezizena baliatu du Igor Martin bilbotarrak palindromo lehiaketan parte hartzeko. «Inoiz eginda neuzkan palindromoak. Ni irakaslea naiz; inoiz horrelako jolasak egin izan ditut ikasleekin. Egia esan, aspaldi egiten nituen, orain dela urte batzuk. Baten bat gogoratzen nuen, eta apuntatuta neuzkan koaderno zaharren batean. Animatu nintzen. ‘Baten bat idatziko dut’. Eta tontoka-montoka, ez dakit zenbat idatzi ditudan, baina hogei baino gehiago bai», azaldu du. Guztira 87 bidali ditu.

Aitortu du erabili duen ezizena —palindromoa hori ere— ez dela berak sortua: Joseba Sarrionandiaren Markos Gimenoren 101 Letrakartel liburutik hartu du. Gimeno oso emankorra izan zen palindromoak eta beste hitz joko batzuk egiten, baita haiek egitea sustatzen ere. «Markos Gimenoren berri liburuaren bitartez izan nuen. Oro har hizkuntzarekin egiten zituen jolasak zoragarriak iruditu zaizkit. Uste dut Sarrik momenturen batean esaten duela jenio bat zela, eta erabat ados nago», esan du Martinek. Bengoetxeak bazuen Gimenoren berri, eta haren lanari jarraituta iritsi zen palindromoen mundura. Nabarmendu du euskarazko palindromoen lehiaketa «aitzakia bat» izan dela lehenagotik zuen zaletasunari berriro ekiteko.

Palindromoak sortzeko prozesua denetarikoa izan daiteke. «Zein hitzekin hastea izan liteke iradokitzailea?», galdetzen dio Bengoetxeak bere buruari. «Hitz askorekin ezin da ezer egin. Askotan, behin palindromo bat egiten hasita, hitz berak bueltatzen dira burura», azaldu du.

Martinek bere metodoa azaldu du: «Askotan erabiltzen dudan metodo bat da testuak alderantziz irakurtzea. Hor ateratzen dira berba batzuk ideiak ematen dituztenak». Beste batzuetan bat-batean bururatzen zaizkion palindromoetatik abiatzen dela azaldu du. Horiek hitz laburrak izan ohi dira: ere, ama, ala... Esaterako, «ni aroa orain» palindromoa sortu du: «Gaur egungo indibidualismoari kritika egiten dion palindromoa da, eta horrekin gustura geratu naiz».

Palindromogintza aldarrikatu du Martinek: «Ondo pasatzea da hizkuntzarekin egin daitezkeen gauzetako bat. Bide batez, gauzak esateko erabiltzen baduzu, politagoa oraindik. Zure hizkuntzarekin ondo pasatzen baduzu, zure hizkuntza gehiago maitatzeko modu bat izan daiteke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.