Jolasaren balio hezitzailea

Amarauna aisialdi taldeen arteko sare bat da, eta 'Jolasaz hezi, kalea bizi' egun osoko festa antolatu dute gaurko, Zarautzen, aisialdiaren garrantzia aldarrikatzeko.

Amarauna sareko kideak, euren artean jolasten; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hemezortzi aisialdi taldek osatzen dute sarea. AMARAUNA.
Ilargi Agirre.
Donostia
2015eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Aisialdiaren garrantzia aldarrikatu eta jolasa plazaren erdira atera, dagokion balioa berreskuratzeko. Horixe egingo du Amarauna aisialdi taldeen arteko sareak gaur, Zarautzen (Gipuzkoa). Jolasaz hezi, kalea bizi lelopean, jaialdi bat antolatu dute, lehen aldiz, eta euren artean harremanak ehuntzen joatea da xedea. Adin guztientzako egitarau oparoa antolatu dute egun osorako.

Euskal Herrian hezkuntza ez-formalean euskara eta euskal kultura ardatz hartuta lan egiten duten aisialdi taldeak biltzen ditu bere barnean Amarauna sareak. Hasteko, aisialdia ere hezkuntza dela aldarrikatu nahi dute. «Balio askatzaileen hezkuntza sustatu nahi dugu; euskara, elkarbizitza, hezkidetza eta parte hartzean oinarritzen gara... Balio horiek defendatzen ditugu gure egunerokoan», esan du Irati Seijo Amarauna sareko koordinatzaileak.

Urtxintxa eskolaren proiektu bat izan zen sorreran Amarauna. Aisialdiko hezitzaileei, bai begiraleei eta bai zuzendariei prestakuntza ematen die Urtxintxa eskolak. Baina hutsune bat antzematen hasi ziren. «Ohartu ziren gazte askori prestakuntza ematen zietela, baina teorian emandako balio horiek lanean hasten zirenean galdu egiten zirela, enpresa pribatuetan jarduten zutelako edo bestelako arrazoi batzuengatik», jarraitu du Seijok. Hala, ikasitakoa praktikan jarri eta aisialdi taldeen artean harremanak izateko erabaki zuten Amarauna sortzea. Denborarekin Urtxintxa eskola Amaraunaren beste partaide bat baino ez da.

Lehendabiziko aldiz antolatuko dute festa, aurten. «Jai giroan harremanak landu nahi genituen gure artean». Horrez gain, festak jende gehiago erakartzeko ere balioko duela uste dute. Aisialdi taldeetako guraso eta haurrak ereZarautzen biltzea espero dute. Edonork parte hartzeko aukera du, edonola ere. «Esperimentu gisa hartu dugu aurten. Ea zer moduz ateratzen den».

Jolasa hartu dute ardatz, eta Jolasaz hezi, kalea bizi leloa izango du festak. Jolasa haurtzaroko kulturaren funtsa dela uste dute Amarauna sareko kideek, eta garapen prozesuan garrantzi berezia duela. Ikasketa prozesuaren motorra da jolasa, mundua behatu eta harremanak sortzeko ezinbestekoa. Baina zokoratuta dago, Seijoren arabera. «Jolasa denbora galdutzat hartzen da, askotan, egungo gizartean. Ez da gauza serio bat, eta ez zaio behar duen garrantzia ematen. Zeregin garrantzitsuak amaitzen direnean dago tartea jolaserako».

Jolasarekin batera, kalearen erabilera aldarrikatu nahi du Amaraunak. Seijok azaldu duenez, kaletik atera egin baita jolasa azkenaldian, eta leku itxi eta babestuetara pasatu da. «Jolasa kalera atera nahi dugu. Kaleari bizitasuna emateko, eta heziketa balio askatzaileak plazaren erdigunean jartzeko aukera izateko».

Gaur egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hemezortzi taldek osatzen dute Amarauna, baina elkarte berriak sartzeko irekita daude. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako UdaLeku elkartearekin harremana dute, esaterako, oraindik sareko partaide ez den arren.

Talde guztiek lan ildo berberarekin jardutea dute xede, eta heziketa eta eztabaida saioak antolatzen dituzte, tarteka. Urtero, azaroan hezitzaile topaketak egiten dituzte. Ikasturtean landuko dutena adosten dute topaketa horietan, eta prestakuntza saioak egiten dituzte gai batekin lotuta. «Haurren parte hartzearen, hezkidetzaren, zaborren kudeaketaren eta beste hainbat gairen inguruan hitz egiten dugu».

Horrez gain, bi-hiru hilabetetik behin batzarrak egiten dituzte. Aisialdi talde bakoitzeko ordezkariak bakarrik biltzen dira bertan, nekeza baita beti guztiak batzea. «Denak batzeak aisialdi taldeen dinamikarekin apurtu dezake. Taldeek dituzten oztopoei aurre egiteko bitartekoa izan nahi du Amaraunak, azken finean, eta ez alderantziz».

Adin guztietako lagunengan pentsatuz antolatu dute gaurko festa eguna. Zarauzko gaztelekuan goizetik hasiko dira ekitaldiak. Leku estalia da, eta frontoia du gaztelekuak. 12:00etan, Irrien Lagunen emanaldia egongo da, eta bazkalordura arte jolasak eta tailerrak antolatu dituzte haurrentzat. Puzgarriak ere egongo dira, eta eskulangileen azoka eta hezkuntza munduko hainbat eragileren merkatua.

Bazkaria eta kontzertuak

Bazkaria iritsiko da gero, 14:00etan. Gaur bertan ere erosi ahal izango dira sarrerak, helduentzat hamabi eurotan eta haurrentzat sei eurotan. Indarrak hartu ondotik, ipuin kontalaria egongo da haurrentzat, eta bertso show-an umore puntua jarriko diote egunari. «Aisialdi munduan ibiltzen diren bertsolariek kantatuko dute», esan du Seijok. Erromeriarekin dantzan jarriko dira guztiak, 17:30ean, eta 19:00etan amaituko da gaztelekuan festa.

Horrek ez du esan nahi, ordea, jaia etengo denik, trikipoteo kalejira bat antolatu baitute herriko erdiguneko kaleetan, eta, ondoren, Putzuzulo gaztetxera joango dira, kontzertuak izango baitira han, 21:00etan. Uluka, Pixontxis, Bidelapurrak eta Atxurre taldeek joko dute. Bazkaria kenduta, gainerako ekitaldi guztiak doan izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.