Osasuna. Aro berriak. Psikologia

Jolasak eta psikologia

2013ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Gabonak bukatu dira, eta gure apaletan eta oroitzapenetan dauzkagu Olentzerok eta Hiru Erregeek ekarritako jolas berriak: batzuk betikoak (domino, kartak, margoak, sukaldetxoak eta abar), bestetik kirolak, edota teknologia punta-puntakoak (kontsolak eta ordenagailuak). Gure artean ezagunenak umeen jolasak dira, umeekin gustura egoteko tresna eta bidea jolasa dela jakitun. Baina helduok ere gureak dauzkagu, ezta? Batzuentzat kirola, beste batzuentzat argazkiak ateratzea, besteontzat plater goxoak prestatzea, txantxetan aritzea… Ugariak ere gureak.

Jolasa ez da bakarrik atsegin edo atseden hartzeko edozein jarduera. Besteekin eta gurekin harremanetan jartzeko bidea, gaitasun berriak ikasteko modua, elkarlanean aritzeko modu berria, fantasia martxan jartzeko modua, laguntza eskaintzeko eta emateko bidea, eguneroko errealitate eta arazoetatik ihes egiteko bide laburra, frustrazio tolerantzia lantzeko entrenamendua eta laguntza, emozio ezkorretatik alde egiteko modua eta emozio baikorren iturria eta abar ere bada. Ez da gutxi, ez.

Gure mundu globalizatu eta moderno honetan, jolastea ez dago ongi ikusita. Idatzi gabeko arauen kontra doa denbora helburu barik ematea, gastatzea, «alferrik galtzea» esaten dugu. Baina saio honetan sarritan aipatu dugunez, gure osasunak lana eta jolasa behar ditu. Jolasa gure bizimoduak sortzen duen herstura lasaitzeko bidea izan daitekeelako.

Alderantziz, psikologian aspaldian jolasa garrantzi handikoa da. Gaur egun, barre terapia ikastaroak ugari dira, jokoa eta barrearen inportantzia gero eta argiago daukagulako. Umeekin lan egiten dugunean, haurren diagnostikoa eta tratamenduaegiteko, jolasa harremana sortzeko tresna lagungarria da oso. Baina kontsultatik kanpo ere hona hemen proba sinple bat: umearen adinaren arabera, prestatu lau edo bost joko edo jostailu, eta umeak aukera dezala zeinekin hasi. Eta zu nagusi, jarraitu umearen aginduak. Haurra oso txikia denean, azaldu hitzez hitz umea sortzen ari dena, egiten duena. Ikaragarri gustatuko zaio!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.