Andres Osa, 'Sakona'. Herri kiroletako aditua eta kazetaria

«Jokoan galtzen duenak beti esaten du iruzur egin dela; mitifikatu egin da hori»

Euskadi Irratiko mikrofonoa eskuan, hogei urtez jarri die ahotsa herri kiroletako probei. Kirolari asko ezagutu ditu plazan, eta tartean mito handiak, «pertsona modura monumentuak». Mundua ikusitakoa da, eta gustura dago bizitakoarekin.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2015eko urriaren 25a
00:00
Entzun
Goizean goiz sagardoa egiten ibili dela azaldu du Andres Osa Sakona-k (Bergara, Gipuzkoa, 1940). Ez zuen azalpenik behar, jarritako hitzordua baino lehenago iritsi baita. Bilboko Santutxu auzoan bizi da gaur egun. «Botila gehienak oparitu egiten ditut. Beste batzuk Elantxobera eramaten ditugu. Emaztea maljueza da». Maljueza? «Bai. Izaro irla estropada apustu batean jokatu omen zuten bermeotarrek eta mundakarrek. Epaileak elantxobetarrak ziren. Mundakarrek apustua galdu eta, noski, epaileei bota zieten errua. Geroztik, mal-juezak [epaile txarrak] deitzen diete elantxobetarrei». Solasean eseri orduko, apustuak, lehiak eta tranpak atera ditu mahai gainera.

Elantxobe, Bermeo, Mundaka...Herrien arteko lehia hori oso hemengoa da.

Baina oso inportantea da. Horrelakoak aurrez aurre jartzen baditugu proba batean, egon seguru hor jendetza ikaragarria bilduko dela. Hori indartu egin behar da, jendea eramaten duelako. Ez da publizitatea egin beharrik ere.

Kostatzen da, bada, jende gaztea plazara eramatea.

Ez pentsa. Idi probetan, esaterako, lehen baino gazte gehiago ikusten da plazan. Giza probetan ere neska eta mutiko asko hasi dira, eta horrek ere gazteria mugitzen du. Zizurkilen bertan, hiru mila pertsonatik gora ikusi izan ditut, duela ez asko. Aizkoran ere badator gazteen olatu bat.

Nola sortu da olatu hori? Beherakada nabarmena izan da azken urteetan.

Herri kirolak baserritik sortu dira, baina gaur egun kaleko jendea ibiltzen da. Hor, galera bat egon da. Baserriko kultura bat urbano bihurtu denean, krisia sortu da. Jende gaztearekin kaleko jendea mugitzen hasi denean, olatu hori sortu da. Hori seinale ona da. Egia da baserri giroko munduan asko jaitsi dela. Kaleko eta baserriko gazteak integratzea izan daiteke salbazioa. Gastuak dituzten kirolak kinka larrian daude: aizkora, adibidez.

Gastuak?

Aizkoran egiteko egurra behar da. Baserritik bizi zen jendea mendira joaten zen aizkorarekin. Orain, kamioikada egur ekarri behar dituzte. Hori gastua da.

Apustuen beharra al dute herri kirolek?

Apustuak gutxituz joan diren heinean, behera egin du. Desafioak dira ikusmin berezia sortzen dutenak. Txapelketak eta erakustaldiak ondo daude, baina desafioak dira erakargarrienak. Gainera, maila igotzeko aukera ematen du. Desafio baterako jendea gogotik prestatzen da. Desafioak jaitsi diren heinean, gaitasuna gutxitu egin da, eta markak ere kaskartu. Desafioak oso serio egiten dituzte. Jendeak sumatzen badu diru interesagatik egiten direla, txarrak izaten dira. Jendeak igarri egiten du. Baina azkenaldian oso serioak izaten ari dira. Plazara doana, ez doa galtzeko!

Maiz entzun da, jokoan baserria ere galdu duenik badagoela.

Garai batean entzuten zen, bai. Bergara aldean batek baserria galdu zuela, beste batek behiak... Baina horiek kontu zaharrak dira. Basarri-k [Iñaki Eizmendi Manterola bertsolaria] kontatzen zizkidan halako gauzak. Baina askotan handizkatu egiten zuten.

Zenbat dute egiatik, eta zenbatgezurretik?

Jendeak esaten duenean garai haietan zenbat tranpa egiten zen, oso erlatiboa da. Nik ez dut urte askotan deus ere ikusi. Agian, gauza txikiren bat. Baina behin bakarrik. Iruzur egin dela betiesaten du jokoan galtzen duenak. Hori mitifikatu egin da. Baina, niretzat, lehen ez zen hainbesterako, eta orain ia ezertxo ere ez.

Pernando Amezketarra bezalako pertsonaiek hori erakutsi dute.

Hori guztia bertsotarako gai oso polita delako. Horregatik diot bertsolaritza eta herri kirolak maiz uztartu direla. Bertsotan nahi diren astakeriak bota daitezke. Normalean, gizakiak beti irabazi nahi du. Jendeak esaten du: «Hor tongoa egon da». Niri behin aizkolari batek kontatu zidan: «Tranpa? Muturra jo ta apurtuta ibili nauk hemen, hainbeste preparatzen. Barruko dena bota diat, eta 'horrek tongo egin du' entzun behar?»

Bertso asko daude idatzita, bai, desafioen inguruan.

Bai, gaiak bertsotarako asko ematen du. Zenbait taberna ere egon dira, herri kirolen munduan oso seinalatua izan direnak. Oraindik ere ia desafio guztiak Tolosako Kantabriko tabernan lotzen dira. Neu izaten naiz idazkaria. Baina ez da bakarra izan. Mendizabal taberna, Pastorkua taberna... Ez dut inorekin ahaztu nahi. Kantabrikon bitxikeria asko ikusi dira.

Adibidez?

Batek desafioa bota, eta zita jartzen zuten Kantabriko tabernan, ordu zehatz batean. Normalean arratsaldeko zazpietan edo zortzietan izaten zen, uda ala negua izan. Gauza izaten zen ea nor sartzen zen lehendabizi, eta ea norekin joaten zen. Gogoan dut behin... Ez noa izenik esatera. Bata alde batean ezkutatu zen bere kuadrillarekin; eta, bestea, beste aldean bere taldetxoarekin. Han egon ziren elkar itxaroten, ea nor sartuko zen lehenengo. Zapokeria asko izaten ziren. Sartu, eta modu hotzean egiten zioten agur elkarri. Apustua adosterakoan berotzen ziren, noski. Biltzen zirenetan, kasuen %90ean, apustua egiten zen. Haserrerik ez zen izaten.

Kuadrillakoak aholkulariak izango ziren, ezta?

Aizkolariak, harri jasotzaileak edo plazan protagonista izango denak,beti eramaten du aldamenean bere taldetxoa; bi edo hiru lagunekoa, aholkuak emateko. Zeremonia oso kuriosoa da. Zer protokolo egoten ziren desafioaz hitz egiten hasterakoan! Zein eguraldi egingo zuen, bitxikeriak... Gaian sartu orduko ordu erdi pasatzen zen. Bitxia, baina polita. Aberasgarria ere bai, erabiltzen zituzten hizkuntzak eta esamoldeak oso aberatsak baitziren. Gaurko gazteak zuzenean doaz: bai edo ez?

Sinatu al da ezer azkenaldian?

Bada, datorren abenduaren 22an jokatuko den desafioa. Donato Larretxea eta Arria V.aren artean. Aspaldiko politena. Hori, duela bost hilabete sinatu zuten. Larretxea anaiarekin azaldu zen. Beste batzuk ere baziren. Harriak aita eta anaia eraman zituen.

Astakeriaren baten lekuko izan al zara?

Orain 30 urtetik gorakoak gogorragoak izan ziren. Mendizabalek eta Mindegiak egin zutena ikaragarria izan zen [1984an]; lau orduz aritu ziren desafioan.

Desafio baten erdian, begiak itxi dituzu. Zer entzuten da?

Gauza zentzudunak. Badago talde bat dirua jokatzera joaten dena. Artekariek ezagutzen dituzte. Ez badute ezagutzen apustuzalea, eta ezezagun bat bada, beste aldera begiratzen dute. Gauza, kobratzea da. Entzun? Irainik sekula ez. Galduz gero ere, txalotu egiten da. Ez dauka zerikusirik futbol zelai batean entzuten denarekin. Baserrietan jende oso zentzuduna dago. Txisturik ez da entzuten desafioetan. Frontoietan bai. Uste dut folklore kutsua hartzen ari direla pilotako zenbait final.

Dopin hitza entzuten al da?

Gaur egun txirrindulariak bezala daude kontrolatuta. Gaur egun, kontrol beharrik ere ez dago. Beste mentalitate bat dago.

Plazako zein kirolarik harritu zaitu pertsona moduan?

Aurreiritziak txarrak dira. Ezustekoak hartu izan ditut. Pertsona bati elkarrizketa egin, eta hara! Konturatzen zara zein gizon sanoa den! Sanoa bakarrik ez, pertsona jatorra eta laguntzeko prest dagoena. Lagun asko egin ditut. Ezin ditut guztiak esan [pausa bat egin du]. Hasi Mindegia, Arria zaharra, Jaunarena pilotariaren aita, Oraingo gazteak... Joxe Antonio Gisasola Zelai... Pertsona modura monumentuak dira. Markinako Lehoia! Markinako Lehoia haizea baino azkarragoa zen. Izugarri azkarra. Harekin hizketan egon, eta nola hitz egiten zuen aztertzen egoten nintzen. Besteak zer esango bazekien bere buruan. Hain gustura sentitzen naiz holako jendearekin! Izenak ematen nabil, eta arrisku handia dut askotaz ahazteko. Lista egiten hasiz gero...

2010ean, Olasagastiren aurka apustua galdu eta, handik ordubetera Joxemari Mendizabal bihotzekoak jota hil zen. Kolpe handia. Bertan izan zinen?

Bai, gogoratzen dut Kantabriko tabernan nola adostu zuten. Serioa izan zen. Hor ere gauza asko agertu ziren gerora. Hau, bestea... Mito asko. Dramatikoa izan zen, dena ikusi genuelako. Ondoeza izan zuen. Zurrumurruak? Ni horretan ez naiz sartuko. Kirolari handia zen, baina ordu hartan 60 urte pasata zituen.

Nola dago egungo aizkora?

Mutil bat dator oso ona, urte gutxi barru txapeldun izan daitekeena. Horrela uste dut nik. Iker Vicente da, Otsagabikoa [Nafarroa]. Hemezortzi urte besterik ez ditu, baina etorkizun oparoa du.

Zuk oso gazte, 13 urterekin, alde egin zenuen etxetik.

Oñatin ikasi nuen, komentuan. Filosofian eta Pedagogian lizentziatu nintzen. Han Herri Gaztedin sartu nintzen. Nekazari mugimendua zen. Hemen indar handia izan zuen. Sei urtez egon nintzen Herri Gaztediko buru, eta Bruselara eraman ninduten, Hirugarren Munduko herrialdeetako jende nekazariari laguntzeko. Batez ere, kooperatibak sortu eta beharrezko zuten makineria entregatzen genien. Nik proiektuak koordinatzen nituen. Han lanean izan nintzenean asko bidaiatu nuen: Argentina, Ekuador, Nikaragua, Asia, Afrika...

Nolako esperientzia izan zen?

Nikaraguan, esaterako, Somoza lursail erdien jabe zen. Analfabetismo tasa ikaragarri altua zegoen. Sandinisten garaia zen, eta guk nekazariei laguntzen genien. Zorionez, lortu zuten euren bidea egitea. Argentinan, berriz, Videlaren diktadura oso gogorra izan zen. Batzar bat egin genuen Buenos Airesko nekazari batzuekin. Perura bidaiatu baino ordu batzuk lehenago federalek nirekin egondako hainbat akabatu zituzten. Gotzain bat ere erail zuten, Angelelli, uste dut. Oraingo aita santuak ondo ezagutzen zuen.

Zer iruditzen zaizu Frantzisko aita santua?

Eragin handia duen pertsona da, jatorra. Gauza asko esan ditu. Kapitalistei, lapur hutsak direla. Herrialde iraultzaile askoren artean babesa du. Ezin dezakegu hori denetaz esan. Pentsatu, esan, eta sinistu egiten du.

Hango bizipen guztiak pasatuta, zer egin zenuen hona bueltatutakoan?

1980an bueltatu nintzen. Lagun asko egin nituen Nikaraguan. Hona etorri, eta aste baten buruan hiru-lau lekutatik deitu ninduten. Gehien gustatu zitzaidana Gernikako Severo Altube ikastolako proiektua izan zen. Zuzendari sartu nintzen. Oraindik dena egiteko zegoen ikastolan.

Kazetaritzan ere?

Buruhauste batzuk-eta pasatzen dira, baina disfrutatu egin dut. Ez didate esan beharrik izan honetaz idatzi edo besteaz idatzi. Neu mugitzen nintzen. Norberak hartu behar du iniziatiba. Euskadi Irratian ere lantalde aparta izan dut; herri kirolak maite dituzten kazetariak izan ditut alboan.

Bertsolaritza ere landu duzu.

Ibilaldi handiak egin nituen Egin-en, eta gero beste zazpi urte Deia-n. Zenbat orri idatzi, eta zenbat bidaia egingo ote nituen! Asteburu oro egin dut lan. Baina norbera gogobetetzeko egin dut. Bestela, zertarako da, bada? Dozena erdi asteburutan bakarrik egingo nuen huts hogei urtean.

Filosofia ikasketak egin zenituen. Asko edan duzu hortik?

Gizarteko arazoak konpontzeko balio behar du filosofiak. Arazo horiek iraultzeko. Ekuadorren Argentinatik ihes egindako irakasle argentinar ospetsu batek esaten zidan: «Euskal Herrian ibili naiz, eta oso filosofo gutxi ikusi ditut». Unibertsitatean oso gauza klasikoak irakasten dituzte, jendea ez da gogoberotzen gizarteko arazoekin. Autore askok esaten zuten, agintean filosofoak behar direla.

Pepe Mujicaz gogoratzea dakar horrek.

Bada, abadea izan zen. Bai, filosofoa da, bai. Hemen egon zenean harekin hitz egiteko aukera izan nuen. Gogoratzen naiz esaten zuela: «Munduko arazoak, jendearen arazoak, bizilagunaren arazoak... Horri nola buelta eman, pentsamendu zuzenetik? Nola buelta eman, eta hobetu? Hori oinarrizko printzipiotzat ez duena ezin daiteke presidente izan. Eta hori da egin behar dena, nire ustez.

Hainbeste bidaiatuta eta hainbeste gauza egin ostean, ezer damutu al zaizu?

Ez, ez zait ezer damutu. Komentuan pasatutako denboran asko disfrutatu nuen, eta asko ikasi. Ez dut ezertaz arnegatzen. Esker ona erakutsi besterik ez dut. Zorionez, egon naizen lekuetan gauzak ondo joan dira. Asko disfrutatu dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.