Gazte donostiar, euskaldun eta parte hartzaileen elkargune da Eskifaia kofradia, eta hango kide dira Alos Egaña (Donostia, 1990) eta Markel Zabala (Donostia, 1989). Etengabeko parrandan ibili dira aste osoan, egitaraua jardueraz betea izan baitute. Aste Nagusia bukatzear, gaur ospatuko dute pirata gazteek beren egun handia: Kuadrillen Eguna.
Astearte gaueko ekaitzaren ondoren, eta egunotako eguraldi nahasiarekin, nola doa Aste Nagusia?
MARKEL ZABALA: Asteazkenean, jokoak izan genituen, eta goizean beldur pixka bat izan bagenuen ere, azkenean normal-normal egin genituen. Gaur, agian, zer edo zer aldatu beharko dugu Esne Beltzaren kontzertua dela eta, baina, gainerakoan, ez dugu aldaketarik egin.
Gaur Kuadrillen Eguna ospatuko duzue. Jende askok parte hartzea espero duzue?
ALOS EGAÑA: Goizean jokoak egiten ditugu, eta horietan jende gutxik parte hartzen du. Baina bazkarira eta ondorengo parrandara jende dezente etorri ohi da.
Zein da Kuadrillen Egunaren helburua?
M.Z.: Gazteoi betidanik gustatu izan zaigu festetan parte hartzea. Kuadrillen Egunaren helburu nagusia parte hartzea, ondo pasatzea eta jendea ezagutzea da.
Euskal Herriko toki askotako festetan, kuadrillak nahiko sustraituta daude. Antzeko zerbait lortu nahi al duzue zuek Kuadrillen Egunarekin?
M.Z.: Kuadrillek bakarka parte hartzen duten eguna asteazkena izaten da, jokoetan. Ostiral goizean, kuadrilla guztietako kideak nahastu, eta denok elkarrekin egiten ditugu ur jolasak. Gero, kuadrilla bakoitzak etxetik ekartzen du janaria, eta denok elkarrekin bazkaltzen dugu.
A.E.: Egun honek aukera ematen digu beste kuadrilletako jendea ezagutu eta haiekin batera jarduera ezberdinetan parte hartzeko, eta hori oso polita da.
Berrikuntzarik egongo al da aurten Kuadrillen Egunean?
A.E.: Bazkaldu eta gero kantaldia egongo da, eta, horren ondoren, sorpresa txiki bat. Hori izango da aldatuko den bakarra; gainerakoan, eguna iazkoaren antzekoa izango da.
Zer-nolako jendea joaten da Eskifaiak antolatzen dituen jardueretara?
M.Z.: Gehienbat 16-25 urte bitarteko gazte donostiarrak, Piraten ideologiarekin eta borrokarekin bat datozenak.
A.E.: Donostiarrak izaten dira gehienak, baina inguruko herrietatik ere etortzen dira asko. Gazte euskaldunak eta parte hartzaileak izan ohi dira.
Eskifaiak antolatzen dituen jardueretatik, zein izaten da arrakastatsuena?
M.Z.: Nik uste asteazkeneko joko piratek biltzen dutela jende gehien. Bestalde, Kuadrillen Egunean, bazkariak arrakasta handia izaten du. Goizean, esan dugun moduan, gutxi izaten gara; izan ere, jende gazteari ez zaio gustatzen horren goiz jaikitzea.
A.E.: Eta ostiralean, Aste Nagusia bukatzear egonda, are gutxiago! Bazkariak ez ezik, elektrotxarangak ere jende asko biltzen du.
Zuei zein gustatzen zaizue gehien? Eta zergatik?
M.Z.: Nik maitasun berezia diet Kuadrillen Eguneko ur jolasei. Oso jende gutxi agertzen den arren, gure artean egon ohi den erdi mozkor eta erdi biharamun giroa ederra izaten da. Denok txantxak egiten aritzen gara, Aste Nagusiko kontuez hitz egiten... Oso ondo pasatzen dugu.
A.E.: Niri asteazkeneko jokoak eta ondorengo elektrotxaranga gustatzen zaizkit. Jokoetan jendea ezagutzen dugu, girotzen hasten gara, eta, gero, elektrotxarangako musikak asko alaitzen ditu kaleak.
Zer ekarpen egiten dio Eskifaia kofradiak Donostiako Piraten mugimenduari?
M.Z.: Gazteak ibiltzen dira gehien festa giroan; bizitasun handia dute, denbora libre asko... Kofradiak sortu aurretik, gazteek indar handia zuten Piraten mugimenduan: jarduera asko antolatzen zituzten, eta gehienetan parte hartzen zuten. Indar horretatik sortu zen Eskifaia kofradia. Guk gure egitaraua jende gaztearen gustura egokitzen dugu.
A.E.: Gainera, jende gaztea beste kofradia batzuetan antolatzen bada ere, aukera du Eskifaiak antolatzen dituen jardueretan parte hartzeko.
Eta kofradiek, oro har?
M.Z.: Kofradiekin, jarduera aniztasun handiagoa lortu da, eta jende gehiagorengana iristea.
A.E.: Orain, haurrentzat, helduentzat, bakoitzaren gustuaren arabera erabakitzeko aukera handiagoa dago, eta, ondorioz, Piratak geroz eta gehiago zabaltzen ari dira.
Nola aldatu dute Piratek Donostiako Aste Nagusia?
M.Z.: Piratak iritsi ziren arte, Aste Nagusia udalak bideratzen zuen. Nahi dugun festa guk nahi dugun moduan egin ahal izatea lortu dugu guk.
A.E.: Jai eredu ezberdin bat nahi zuen jende askori eredu hori eraikitzea ahalbidetu diote Piratek.
DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA. Alos Egaña eta Markel Zabala. Eskifaia kofradiako kideak
«Joko piratek eta bazkariak biltzen dute gazte gehien»
Eskifaia kofradia Donostiako Piraten barruan sortu zen, gazteen beharrei erantzuteko asmoz. Alos Egaña eta Markel Zabala kofradiako kide dira. Gaur ospatuko dute Kuadrillen Eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu