Zientzia

Jocelyn Bell astrofisikaria 'honoris causa' doktore izendatuko du EHUk

Pulsar bat behatu zuen lehenengo zientzialaria izan zen, baina Nobel saria haren tesi zuzendari gizonezkoari eman zioten

Jocelyn Bell Burnell, Donostian, 2019. urtean. JON URBE / FOKU
Edu Lartzanguren.
2022ko urriaren 24a
17:56
Entzun

Honoris causa doktore izendapena emango dio Euskal Herriko Unibertsitateak Jocelyn Bell Burnell astrofisikariari, etzi Bilbon egingo duten ekitaldian. Astronomiaren alorreko XX. mendeko aurkikuntzarik garrantzitsuenetako bat egin zuen 24 urte besterik ez zituenean, 1967an: lehena izan zen pulsar bat behatzen. Bere buruaren inguruan oso azkar biratzen duen izar bat da pulsarra, eta irrati seinale berezia ematen du horregatik. «Arreta handia jarri nuen lanean; oso zorrotza nintzen. Oso anomalia txikia zen aurkitu nuen hura, oso erraz pasatu zitekeen oharkabean», esan zion BERRIAri 2019. urtean, Donostiara hitzaldi bat ematera joan zenean.

Ikusi gehiago:Jocelyn Bell Burnell: «Figura politiko nagusi batzuek ez diote errespeturik zientziari»

Baina, gaztea eta emakumea izategatik, zientzialariak ez du duela gutxi arte jaso zegokion ohorea. Izan ere, munduari pulsarren lehenengo froga eman zion artikuluaren sinatzaile gisa agertzen bazen ere, Suediako zientziako akademiak Nobel saria eman zion Bell Burnellen tesi zuzentzaile Antony Hewishi, 1974an.

Geroztik askok salatu dute Bell Burnellekin ez zutela behar bezala jokatu. Edonola ere, hark esan izan du ulertzen duela berari eman ez izana, orduan doktore ere ez zelako. Edonola ere, lan handia egin du geroztik emakumeak zientzian dagokion lekua har dezan.

Horrez gain, zientzialari gisa lanean jarraitu du. Erresuma Batuko Errege Elkarteko eta Fisika Institutuko burua izan da, besteak beste. 2018. urtean Breakthrough saria irabazi zuen: ia hiru milioi euro. Dirutza osorik eman zuen fisikan dabiltzan emakumezko, gutxiengoetako eta errefuxiatu ikasleak laguntzeko. Athena Swan [Atenearen Beltxarga] egitasmoa sortu zuen, saria emateko emakumeen alde egiten duten unibertsitateei.

Bihar, Bilbon

Asteazkenean, 11:30ean izendatuko dute honoris causa doktore, Bilboko Bizkaia Aretoan.

Aitor Zurimendi EHUko idazkari nagusiak izendapenaren berri ematen duen akta irakurriko du. Ruth Lazkoz fisikan doktoreak Bell Burnellen merezimenduen berri emango du.

Ondoren, Bell Burnellek berak emango du hitzaldia.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuorde Adolfo Morais mintzatuko da, eta, gero, Eva Ferreira EHUko errektorea.

EHUko abesbatzaren ahotsekin amaituko da ekitaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.