Joaquin Fuentesi Urrezko Danborra

Fuentesek autismoaren inguruan egin dituen ikerketek eta ekinbideek Donostia munduan ezagutarazteko balio izan duteDonostia Turismoko zuzendaritzako hamabi kidetik hamarren botoa jaso du

ainara arratibel gascon
Donostia
2014ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Atzerapenarekin, baina argitu da. Azkenean, Joaquin Fuentes Biggi psikiatrak jasoko du Donostiako Urrezko Danborra. Autismoaren ikerketan erreferente da Fuentes, eta lan horri esker Donostiaren izena munduan zabaldu izana saritu nahi izan dute. Baita Gautenaren bilakaeran egindako lana ere. Autismoa duten pertsonei arreta eman die elkarte horrek. San Sebastian egunean jasoko du aitorpena, eta Donostiako Klasikoa txirrindularitza probaren lekukoa hartuko du.

Donostia Turismoko administrazio kontseilua atzo goizean bildu zen erabakia hartzeko. Hamabi kideetatik hamarren babesa jaso du Fuentesek. Orain, Donostiako Udalak ezohiko udal bilkura egin behar du erabakia berresteko. Izan ere, berez erabakia abenduaren 18an hartzekoak ziren, eta asmoa zen urteko azken udal bilkuran berrestea. Baina ez zen adostasunik egon. Beste hautagaitza batzuk aurkeztu ziren, tartean, Fuentesena.

Hautagaien zerrenda, beraz, luzea izan da: Alberto Iglesias eta Justin Biber musikariak, Golden Apple Quartet eta Duncan Dhu musika taldeak, Jose Ocon orkestra zuzendaria, Dario Garrido eta Alberto Schommer argazkilariak, Maddalen Iriarte kazetaria, Vicente Zaragueta Donostiako Aquariumeko presidentea, Javier Aizpurua zientzialaria, Robert S. Winter Donostiako danborradako zalea, Madrilgo Jai Alai jatetxea, Elikagaien Bankua, Itzurun konpartsa, Donostiako Zinemaldia, Musika Hamabostaldia, Akaba Bera Bera eskubaloi taldea eta Realeko emakumeen hockey taldea.

Fuentes Donostian bertan jaio zen, 1949an. Zaragozako Unibertsitatean egin zituen Medikuntza eta Kirurgia ikasketak. Mediku egoiliar moduan Donostiako Ospitalean egon ondoren, New Yorkeko Albany Medical College eta Pittsburgheko Western Psychiatric Institute erietxeetan umeen psikiatrian espezializatu zen.

Gaur egun, Donostiako Poliklinikako Psikiatria Zerbitzuko arduraduna da, eta Gautenako eta Autism Europe elkarteetako aholkularia. Munduko Haurren Psikiatria Elkarteko presidenteordea ere bada.

Azken kargu hori baliatuz, iaz Donostiara ekarri zuen Autismoaren Ikerketari Buruzko Nazioarteko Kongresua. Ameriketako Estatu Batuetan egin ohi da kongresua. Bigarren aldia zen handik kanpo egiten zutela. Aurrekoa Londresen izan zen. 1.800 aditu bildu zituen Donostian. Horrez gain, lanean ari da Europako eta Ameriketako Estatu Batuetako haur eta nerabeen psikiatriari buruzko kongresuak Donostian egiteko.

Urte hauetan buru-belarri ibili da autismoari buruzko ikerketak egiten. Horri lotuta, e-mintza aplikazioaren sustatzaileetako bat da. Hitz egin ezin duten haurrentzako aplikazio bat da, eta mundu osoan eduki du arrakasta. 101 herrialdetan deskargatu dute aplikazioa, eta 50.000 erabiltzaile ditu.

Balkoirako zozketa

Urrezko Danborra nori emango dioten argituta, ia guztia prest dago Donostiako egun handirako. Haurren danborradako karguak argitzea falta da. The English School ikastetxeko hiru ume izango dira.

Bestalde, Donostiako Udalak gaur zabalduko du banderaren igoera eta jaitsiera Konstituzio plazako balkoitik ikusteko zozketan izena emateko epea. 60 lagunentzako lekua egongo da. 48 lagunentzako lekua zozkatuko dute, berriz, udaletxetik haur danborrada ikusteko. 010 telefonoan edo www.donostia.org webgunean eman daiteke izena. 18 urtetik gora eduki behar da, eta Donostian erroldatua egon. Hilaren 13ra arte dago izena emateko epea. Zozketa 15ean izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.