Joandakoak lagatzen duena

Dolu prozesuak hainbat garai ditu, eta hildakoaren gauzak kudeatzea da pausoetako bat. Objektu batzuek hildakoarekin lotura bat sortzeko balio dute, adituen arabera. Soka luzeko kontua da, baina: Neolitoan ere, esaterako, gorde egiten zituzten jabetza batzuk.

SANDRA GARAYOA.
amaia igartua aristondo
2023ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Bakarrik bizi zen izeba hil eta ehortzi ostean, ilobek beldurtuta ekingo diote hurrengo pausoari; haren etxera sartu baino lehen, eskutik heldu eta hatsa eman diote elkarri. Izebarenak izandako objektuak ordenatzen hasi behar dute. Hildakoak jabetza mordo bat utzi du, eta haiei dagokie, bizirik geratzen diren senide bakarrak diren heinean, objektuok apailatzea. «Ez da erraza izango», ebatzi du emakumeak, bere baitarako. Greziatik ekarritako Apolo bat, liburuak, diskoak, komuneko ukenduak... Objektu hutsal andana batekin topo egingo dute, baina baita jabetza intimoagoekin ere.

Berba suediar bat aipatu dio anaiak narratzaileari: döstädning. Norberak hil aurretik egiten duen garbiketa bat, inork topatzea nahi ez diren gauzak kentzeko. Erreportaje batean izan zuen kontzeptuaren berri Ana Malagon idazleak, eta, hortik tiraka, ipuin bat taxutu zuen, hil ostean uzten diren objektuez hausnartzeko: Ezaguna egiten zait, baina ez dut ezagutzen (Ez dakit zertaz ari zaren liburuan bildua; Elkar, 2021). «Batez ere, bakarrik bizi den jendearekin dauka zerikusia. Hiltzen zarenean, norbait sartuko da zure etxera. Zer gertatzen da ditugun objektuekin, batez ere armairuan edo ezkutuan izan ditugun horiekin?».

Hain justu, jabetza intimook ematen dute hildakoaz informazio gehien, idazlearen irudiko. «Uste dut eman nahi dugun irudi kontrolatu bat dela gure etxeko apaletan daukaguna. Armairuen barruan dagoena, berriz, kontrolatzen ez duguna da; badaude bestelako irakurketa batzuk, askoz ere ezkutuagoak, eta horiek ez ditugu lehen lerroan edukiko». Izebaren gauzetan murgilduta dauden ilobak horietaz dira beldur, oroz gain, eta, hala, tentuz eta lotsaz arakatzen dituzte bazterrok: narratzaileak «betekada» dauka hirugarren egunerako, eta anaiak aipatutako hitzak helduleku bat eman dio bere buruari hainbat sentimendu aitortzeko. «Inork aurkitzea nahi izango ez genukeen gauza horiek dira garenetik gertuen daudenak. Baina inork ez du merezi benetan nor izan ginen jakitea. Ez genieke halako zigorrik ezarri behar maite ditugunei».

Sailkatu, mina arintzeko

Zigorra dira, hein batean, kudeatzeko zailagoak direlako, Malagoni begitantzen zaionez. «Konfrontazio bat dago: pertsona ezagutu bitartean haren irudi bat eduki duzu, eta, gero, deskubritzen duzu bazegoela ezagutzen ez zenuen beste norbait; gainera, ez duzu inoiz beste hori ezagutzeko aukerarik izango». Galdera asko irekitzen dituzte aurkikuntza horiek, eta erantzunik gabe geratuko dira gehienak, ezinbestean.

Ana Rivera Ramos psikologo kliniko eta Bizkaiko Psikologia Elkargoko kidea bat dator idazlearen interpretazioarekin: hildakoaren objektuetan arakatzeak haren irudia desitxuratu diezaioke dolu prozesuan dagoenari. Hori horrela, erreparo horrek zenbaitetan atzeratu egiten du jabetzok ordenatzeko erabakia. Baina, edonola ere, doluaren parte da zer gorde eta zer ez ebaztea, eta prozesuan lagundu dezake, gainera, psikologoaren arabera.

Dolua indibiduala dela nabarmendu du, eta, hortaz, bakoitzak presa ezberdinarekin helduko dio objektuen kontuari, baina, orokorrean, patxadaz hartzea gomendatzen du. «Garrantzitsua da denbora bat uztea, jabetzeko doluaren zer garaitan zauden. Hasieran, ukazioa dago, amorrua, azalpenak bilatzeko ahalegina... Galera ez dago barneratuta oraindik». Bolada horretan itsumustuko erabakiak har daitezkeela uste du Rivera Ramosek. «Eta, gero, baliteke kontraesanezko sentimenduak agertzea: 'zergatik bota dut hain esanguratsua zen objektu hori?'».

Jabetzen aukeraketa bat egiteak lagundu dezake, eta garrantzitsua da hildakoarekin lotura bat sor dezaketen horiek gordetzea, baliagarriak izan baitaitezke galerara egokitzeko, psikologoaren hitzetan. «Adibidez, hildakoa semea edo alaba bada, haren objektu batzuek gogorarazi dezakete nolakoa izan den haur edo gazte horrekin igarotako denbora. Inportantea da etorkizunean oroitzeko, eta indarrak biltzeko hura gabeko bizitza berri bat eraikitzeko».

Hein batean, hildako hori eraikitzea da gakoa, ezartzea zer-nolako presentzia izango duen aurrerantzean gainerakoen bizitzan. Eta, dolua indibiduala izan arren, objektuen kudeaketa ez da zertan bakarrik eta laguntzarik gabe egin. «Jabetzetako batzuk agian zuretzat ez dira garrantzitsuak, baina bai besteren batentzat». Hori hala, psikologoak adierazi du komeni dela hildakoaren senideengana edota lagunengana jotzea, bide hori denon artean egite aldera, «gerora, partekatutako irudi bat sortzeko memorian», besteekin bizipenak errepasatuta, esaterako. «Oso gogorra da gertatutakoa berreraikitzea, baina, epe luzera, garrantzitsua da gertuko zirkulu bat sortzea, zeini hildakoa lotuta egongo den sinbolikoki, edota jabetza batzuen bidez».

Zein da epe hori, ordea? Zenbat denborako kontua izan beharko luke? Horri dagokionez ere, bakoitzak ezberdin eramaten du dolua, baina, psikologoak azaldu duenez, adaptazioak izan behar du prozesuaren funtsa, eta, oro har, poliki-poliki hasten da eguneroko martxa berreskuratzen. Hamabi hilabetean edo gehiagoan ez bada prozesua abiatu, ordea, baliteke dolu patologikoa agertzea. «Beraz, uste dut adaptazioaren kontrakoa izan daitekeela hamabi hilabete pasatu ostean ez bada erabakirik hartu objektuei buruz». Areago, senide batzuek bere hartan uzten dute hildakoaren logela, esaterako. «Izoztu egiten dugu galeraren aurreko garaia, itzuliko den itxaropenarekin. Dolu estalia deritzo».

Aspaldiko kudeaketa

Ez da buruhauste modernoa, dena dela. Yorkeko Unibertsitateak (Erresuma Batua) egin eta Antiquity aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, litekeena da Burdin Aroko gizakiek hildakoen objektuak gorde izana, haiekin etengabeko lotura izateko. Eskoziako Broxmouth kokalekuko etxeetan topatutako objektuek iradokitzen dute hori, esate baterako. Eguneroko tresnak dira, beharbada jada inork erabiliko ez zituenak, baina ezin izan zituztenak besterik gabe bota edo lurperatu: hala nola aleak ehotzeko harriak eta hezurrekin egindako koilarak.

Joseba Rios Bilboko Arkeologi Museoko arkeologoaren esanetan, orain dela 400.000 urte ingurukoak dira heriotzaren inguruko jarrera berezi edo sinboliko bat adierazten duten zantzurik zaharrenak: Atapuerca aztarnategiko (Espainia) Sima de los Huesos leizean, hezurrak aurkitu zituzten pilatuta, eta, gainean, kuartzitazko bi aurpegiko figura bat, ofrenda bat izan zitekeena, ikerlari batzuen arabera —kontrako iritziak ere badaude, halere, Riosek nabarmendu duenez—. Aurrerago, aurkitu diren neandertalen gorpu gehienek ez dute tratamendu berezirik, baina hilobiratze gutxi batzuk ere topatu dira, baita objektuak ere, nahiz eta urriak izan. «Hala ere, jarrera arraro samarra da. Horrek esan nahi du seguru asko beste modu batean garatzen ari zirela heriotzarekin lotutako erritualak eta ohiturak».

Jabetzaren kontzeptua bera aitatu du arkeologoak. Gaur egun, erraza da jakitea zer den norena, eta, hortaz, zeintzuk diren hildakoaren gauzak. Baina garai hartako aztarnek ez dute iradokitzen gisa horretako kontzientziarik, Riosen berbei erreparatuta. «Guretzat sekulako pieza bat dena, oso ondo egindakoa, agian bost minutuan egiten zuten, apur bat erabili, eta gero bota. Hor badago jabetzarik? Batzuetan, zaila egiten zaigu ulertzea garai hartako jabetzaren kontzeptua, objektuarekiko atxikimendua, eta horrelako gauzak».

Egoera aldatu egin zen Mesolitikotik aurrera, duela 12.000 urte inguru. Lehenengo herrixkak sortzen hasi ziren, populazioa jada ez zen hain nomada, eta Riosek uste du agian horrekin batera hasi zela jabetzaren kontzeptua garatzen, edo indartzen: jende hark ez zuen soilik jantzita zeukan larrua; bazuten, era berean, lurzoru bat, etxe bat, etxe barruko objektuak... Halaber, hilobiak garatu egin ziren, eta senideak objektu gehiagorekin ehorzten hasi ziren. «Nahiko garatuta zeukaten jabetzaren perspektiba. Pertsona batek, hil baino lehen, jabetza pribatua eduki zuen, objektu pribatuak. Zer gertatzen zen objektu horiekin?». Askotariko jarrerak antzeman dituzte. «Askotan, ez du ematen hildakoa objektu horiekin joaten zenik hilobira. Gehienetan, ematen du objektuak espresuki egiten zirela hilobiratzeko. Baina, beste batzuetan, apaingarriak-eta ageri dira, eta ematen du asko erabili zirela».

Hortaz, hildakoaren objektuaksenideekin geratzen ziren? Batzuetan, gorde egiten zituzten. «Paleolito garaian, zailagoa da jakitea, baina historiaurre hurbilean, objektu batzuk gordetzeko intentzio garbia zegoen, luze iraun zezaten». Egon zitezkeen arrazoi sentimentalak tarteko, baina baita praktikoak ere: objektu batzuk ez ziren hildakoarekin joaten, erabilgarriak zirelako. «Oso litekeena da transmisio bat egotea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.