Musaje, ilinti eta laru. Andoni Egaña bertsolariak BERRIAko bere zutabeetan aipatutako hitzak dira hirurak, baina zer esan nahi dute? BERRIAk bertso saioa antolatu du Bilboko Bira kultur aretoan, eta Egaña ez ezik, Maialen Akizu bertsolari eta BERRIAko zutabegilea ere jarri ditu bertan kantuan. Hitz etzanen jiran deitu dute saioa, eta Maddi Ane Txoperena BERRIAko kide eta bertsolaria aritu da gai jartzaile. Egañak idatzitako hitz horiez galdetu dio Akizuri. Puntuka aritu dira. Akizu esanahia asmatzen saiatuz, eta Egaña laguntza apurrak eskainiz, publikoaren barre algarak eragiteraino.
«Beraz, karta jokotik/ al dauka hitz honek?», itaundu du Akizuk, eta Egañak erantzun: «Desberdin dabilkite/ andre eta gizonek». Noraezean ibili da Akizu, jokotik urrunduta: «Musaje bat emango/ bazenit hementxe?». Eta Egañak: «Ni ez nauzu fisioa,/ mekauen la letxe». Azterketa bat balitz, kale egingo zukeen Akizuk. Bertsoaren amaieran, Egañak azaldu du hitzak aurpegiera esan nahi duela.
BERRIAko artxibozaina da Txoperena, eta, azaldu duenez, egunero egunkari osoa irakurtzeko «pribilegioa» izaten du horri esker. Saioan «esperimentua» egin nahi izan duela ere esan du, eta iritzi zutabeak abiapuntu hartuta egin duten lehen bertso saioa dela Bilbokoa. Hain zuzen, Egañaren eta Akizuren BERRIAko zutabeetatik erauzi ditu bertsotarako gaiak, eta umorez zipriztinduta taularatu.
Akizuk bere zutabeetan inoiz erabili izan duen alter egoaren rolean aritu da Egaña, esaterako. Karlarenean, alegia. Zutabegile postua kenduko ote dion da kontua. Akizu: «Aupa, Karla, zer moduz?/ Ni hemen gustura./ Zure kosmobisio,/ zure anafora;/ lana ez dut nahi zabaldu,/ ja urte osora, / baina joan zintezke/ Birako saiora». Karlaren ahotsean erantzun du Egañak: «Konpromiso garaitan/ niri hots egin./ Orain arte ez dizut/ sekula huts egin./ Karlaren zutabea/ ze on, ze atsegin:/ baina oraindikan/ ez duzu bizumikan egin».
«Nahi duzu platanito?»
A itsatsiaren kontura ere egin dituzte barre batzuk. Egañak Hitz etzanak zutabean kritikatu izan du behin baino gehiagotan horren erabilera okerra, eta Akizu umeari «nahi duzu platanito?» galdetzen dion amaren rolean sartu da bete-betean. Egañak: «Baina ume hizkera/ eiten duzu errez,/ atzeko atzizkia/ kendurikan aurrez./ Holako joerarik/ ez hartu mesedez./ Umeak haurrak dira,/ baina tontoak ez». Eta Akizuk: «Umeak tonto ez dira,/ denak bizi samar,/ ta hizkeran kontuak/ beti daude hamar./ Nahiz ta atera mila/ mingain ta atzamar,/ a itsatsia dugu/ baloratu samar».
Goraino beteta egon da kultur aretoa; izan ere, salgai zeuden sarrera guztiak erosi, eta atera dituzten beste hamarrak ere eskuratu ditu jendeak. Aulkietatik zein barran zutik, bukaera guztiak errepikatu dituzte barre eta txalo artean.
Zutabegintzaren eta bertsolaritzaren arteko alderaketaz ere abestu dute bertsolariek. Bertso saio osoan elkarri kontra egiten aritu ondoren, dinamika hori apurtu dute, eta ados jarri dira: bada ezberdintasunik iritzia ordenagailu aurrean eta taula gainean plazaratzearen artean. Egañak azaldu du ezberdintasuna lehenik: «Zutabe eta bertso artean/ ze diferentzi ederrak./ Zutabe txarrak baino min gehio/ ematen du bertso txarrak». Eta Akizuk borobildu: «Hala ta guztiz konparaketak/ ez dira hain arraroak:/ idatziz gara askoz hobeak;/ aurrez aurre, majagoak».
Oholtzan agur esanda, bertsolari eta zutabegileek hurrengo eguneko egunkarirako gonbidapena egin diete entzuleei. «Bihar goizera arte».