Bi urtean behin egiten dute, eta 1981ean hasi ziren. Jentilen Etorrera ekimenarekin belaunaldi asko hazi direla gogoratu zuen Martin Aramendi alkateak aurkezpenean, eta «ilusio berezia» egiten diela ataundarrei, «kulturan eta hizkuntzan egiten duen ekarpena ahaztu gabe». Horixe egiten baitute, azken finean: txikitatik entzun, sinetsarazi eta amestutako kontu zaharrak gogora ekarri, «desagertzear dagoen Barandiaranen mundu magiko hura» mantendu, eta ondorengoei erakutsi.
Ekitaldiak bi zati izango ditu: kale ibilaldia eta ikuskizuna. Lehen zatia 19:30ean hasiko da, herriko San Martin plazan: ongietorria egingo dute. Gero, desfilea egingo dute, herriko kaleetan barna. Ibilaldi horretan, jentilak eta sorginak herritarren artean nahasiko dira, garai bakoitzeko pertsonaien jantziak, lanabesak eta bizimodua erakusteko asmoz.
Bi emanaldi
Kale ibilaldiak jartzen du giroa, baina ikuskizuna izaten da ekitaldirik garrantzitsuena. Emanaldi horretan, mitologian oinarritutako bi pasarte edota kondaira antzezten dira, urtero desberdinak. Herriko abesbatzek eta dantza taldeek parte hartzen dute, eta, bertsoak eta koplak ere ez dira falta izaten. Ordu eta erdi inguru irauten du ikuskizunka, eta bi alditan egingo dute: 20:00etan eta 22:00etan. Biak Ataungo Auzoeta kiroldegian.
Eta ikuskizuna bada oroimena eta bada aitortza ere, antolatzaileek azaltzen dutenez (jentilbaratza.eus). Barandiaranen ondarea oroituko dute, eta hark ahoz aho jasotako pertsonaia mitologiko asko: Jentil, Sorgin, Torto, Azti, Samartin Txiki, Maru, Basajaun, Marimunduko, Kixmi eta beste pertsonaia mitologiko asko. Horien guztien existentzia zabaltzen jarraitzea da helburua, eta horretan ari da elkartea, «Barandiaranek utzitako ondarea oroitzeko eta zabaltzen jarraitzeko lanean».
Jentilen eta kristauen arteko harremanak, ezin konponduak,ohitura aldaketak, erlijio eta sinesmenak... Horiek guztiak izango dituzte hizpide. «Bi zibilizazio, lehena eta oraina. Bi mundu beste mundu handi batean: mitologian». Euskaraz izango da ikuskizuna, eta Ataungo hizkera erabiliko dute sarritan, «galtzear dauden hitz eta esaera ugari jasotzeko».
Jentilen Etorrera
Gaur, 20:00etan eta 22:00etan, Ataunen (Gipuzkoa).