Joxemari Telleria. Margolaria

«Jendeari inguruan duena erakusteko modu bat da artea»

Txikitatik gustatu izan zaio margotzea, eta gogoan du koloretako arkatzak oparitu zizkioten eguna. Margolaritzatik bizimodua ateratzea erabaki zuen, eta oraindik ere ez du alde batera utzi. Musikan eta eskulturan ere aritzen da.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Zerain
2023ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Joxemari Telleria (Segura, Gipuzkoa, 1943) jada ez da bere sorterrian bizi, baina han bezainbeste ezagutzen dute Zerainen (Gipuzkoa). Batekin eta bestearekin hitz egiten du, honetaz eta besteaz; denekin du komentatzeko zerbait. Margolaria da izatez Telleria, baina artista dela ere esan daiteke, artearen hainbat alor landu baititu. Erretiroa hartu zuen arren, ez dio margotzeari utzi, eta egunero aritzen da horretan. Bere lanetako batzuk herriko txoko desberdinetan ditu. Haren esanetan, lanak egiten baino lan gehiago izaten du egindakoak gordetzen. Esaterako, Mandio tabernan du bere azken lana, herriko meategietan lanean ibilitako meatzarien omenez egina. Tabernako zerbitzariak oso gustuko du koadro hori: «Ez naiz aspertzen begiratzeaz; izugarri polita da». Besteak beste, Goierriko ohiturak eta paisaiak margotzea du gustuko.

Zure familian bazegoen artistarik? Arterako duzun zaletasuna garatzen lagundu dizun norbait, agian?

15 urte nituenetik margotzen dut, eta etxeko inork ez zuen margotzen. Ez dakit, niri bakarrik sortutako zerbait izan zen. Beti gustatu izan zait marraztea, eta Beasaingo CAF lantegiko eskolan ibilitakoa naiz. 13 urterekin hasi nintzen han, delineatzaile izateko ikasten. Marrazki txapelketa bat antolatzen zen han urtero, eta ni saritua izan nintzen. Lantegiko nagusiak ere margotu egiten zuen, eta niri eskolak ematen hasi zen. Lehiaketa horretan irabazi ostean jaso nituen nire lehen margoak, 15 urterekin. Olio margoak ziren. Ordura arte marraztu bakarrik egiten nuen.

Lehen margo horiek jaso ondoren erabaki zenuen margotu egin nahi zenuela?

Ez dut uste kolpean erabakitako zerbait izan zenik. Txikitatik zetorren zerbait zen; beti gustatu izan zait marraztea. Txikia nintzenean, opariak Errege Magoek ekartzen zituzten, ez Olentzerok, eta haiek koloretako arkatzak ekarri zizkidaten behin. Sei arkatz izan ziren. Asko itxaron behar izan nuen hori izan arte, eta inoiz jasotako oparirik onena izan zen. 8 urte inguru nituen.

CAF enpresan lan egiten zenuenean, handik kanpo margotzen al zenuen?

Bai, etxean bai. CAFen lanean aritu nintzen azken urteetan margotzearekin zerikusi handiagoa zuen zerbait egiten hasi nintzen. Guk beti planoak egiten genituen, eskuz. Plano horietan ez zen azaltzen trenak zer itxura izango zuen, eta bezeroak ezin zuen trena ikusi eraikitzen zen arte. Nire lana zera zen: trenaren planoak hartu, eta tren horrek izango zuen itxura margotzea, bezeroak ikus zezan nola geratuko zen. Aurrerapen handia izan zen.

Zenbat denbora egin zenuen lan enpresa horretan?

15 urte egin nituen han lanean. Gero, egun erdiz Beasaingo [Gipuzkoa] lizeoan plastika eta musika eskolak ematen aritu nintzen, eta beste egun erdiz, neure kasa margotzen. Lizeoa utzi nuenean, bete-betean ekin nion margotzeari; hori bakarrik egiten nuen.

Zer lan izan duzu gustukoen?

Margotzea, zalantzarik gabe. Irakastea baino askoz ere gustukoago izan dut.

Zuk beti izan zenuen buruan margotzetik bizi nahi zenuela?

Bai, nola edo hala, banekien noizbait hori izango zela nire bizimodua. Margotzetik bizi ezingo banu ere, margotzearekin zerikusia izango zuen lanen bat izan nahi nuen. Lizeoan lan egiten nuela, poliki-poliki koadroak salduz joan nintzen, eta ikusi nuen hortik egin nezakeela bidea. Horregatik erabaki nuen bakarrik margotzea.

Margotzetik bizi nahi zenuela erabaki zenuenean, zer esan zizuten zure ingurukoek? Ez zen margotzetik bizi zen jende asko egongo garai hartan.

Oso jende gutxi bizi zen margogintzatik. Egia esan, ingurukoek kezkarekin hartu zuten nire erabakia, baina ohituz joan dira. Azken finean, dena ondo joan da, eta euren laguntza ere jaso dut.

Zer-nolako estiloak uztartzen dituzu margotzean?

Hasi nintzenean, margotzen hasten diren gehienen moduan, paisaiak eta natura hilak egiten nituen. Poliki-poliki, abstrakziora jo nuen. Bolada batez horretan ibili ostean, estilo figuratibora itzuli nintzen, pertsonak margotzera. Bi aro izan nituen estilo figuratiboan: pertsonen azala bakarrik margotzen nuenekoa, eta arropa bakarrik margotzekoa; arropak ere espresio handia baitu. Paisaiak margotzera ekin nion berriro, eta musikaren eta pinturaren arteko erlazioa aztertzen aritu nintzen.

Nola aztertu zenuen hori?

Teoria batzuen arabera, musikako harmoniek eta pinturako harmoniek zerikusia dute. Aristotelesek berak ere aipatzen omen zuen horrelako zerbait. Ni musikaria ere banaizenez, hori aztertzea erabaki nuen. Batzuek musika entzunda margotzen dute, baina nik partiturak irakurrita margotzen nuen. Nota bakoitzari kolore bat ematen nion, eta horren arabera margotuz joaten nintzen.

Eta nota bakoitzak zein kolore du?

Eskala batean hamabi semitonu daude, eta pinturan ere oinarrizko hamabi kolore daude. Do notari hori kolorea ematen badiot, do sostenitua berde argia izango da, eta re, berriz, berde iluna... horrela hamabi koloreko segida guztia osatu arte. Nik zera egiten dut, pieza hori zein tonutan idatzita dagoen begiratu, eta tonalitate horrek berak kolore bat iradokitzen dit.

Ez zara margotzen soilik aritu: eskulturak ere egin izan dituzu.

Bai, eskulturaren bat egin izan dut, eta Bai Euskarari sarien garaikurra egiten dut, besteak beste. Neure kabuz ikasiz joan naiz, margotzekoan bezala. Erabat autodidakta naiz. Berez etorri zen zerbait izan zen eskulturarekin hastea. Hemen [Zeraingo Mandio tabernaren ondoan] dagoen [Francisco] Goiaren eskultura lehen haren itxura zuen buru bat zen. Buru hori haren arbasoen baserrira eramatea erabaki zuen udalak, hemen beste zerbait jartzeko. Nik neure burua aurkeztu nuen, udalak materialen kostua bere gain hartzearen truke.

Zer margotzea gustatzen zaizu gehien?

Pasaiak. Aizkorritik ikusten diren bistak, adibidez. Figurei dagokienez, Euskal Herriko ohiturak, lanbideak... jasotzea gustatzen zait. Jendeari asko gustatzen zaizkio, gehiago sentitzen dituelako.

Txistua ere jotzen duzu.

Ez duela urte batzuk bezainbeste, baina oraindik ere jotzen dut. Aita organista zen, eta gu bizi ginen etxe berean Segurako txistularia bizi zen, Jaxinto Galartza. Solfeoa hark irakatsi zidan apur bat. Baina hortik aurrera, ez zidan gehiago irakatsi, ezta txistua jotzen ere. 17 urte nituela hasi nintzen txistua jotzen. Jaxinto Galartzari omenaldi bat egin zioten herrian, eta [Isidro] Ansorena txistularia joan zen jotzera. Kontzertu hori entzun nuenean erabaki nuen txistua jo nahi nuela. Garai hartan, apaiz batek txistua apur bat jotzen zekien, eta hark irakatsi zidan pixka bat. Pixkanaka hobetuz eta ingurukoekin jotzen joan nintzen. Txistua irakasten ere hasi nintzen Seguran.

Euskal Herriko Dantza Txapelketan jo izan duzu, besteak beste.

Bai. Antolaketa lanetan ibili nintzen, baita txistulari gisa ere. Berrogei urtez aritu naiz txapelketa horretan, eta duela hiruzpalau urte utzi nuen.

Txapelketaren bilakaeraren lekuko izan zara, beraz.

Bai. Lehen, txistuarekin bakarrik jotzen ziren piezak; gero, trikitia jotzen ere hasi ziren. Txapelketan zein musika pieza joko ziren erabakitzeko, txapelketa bat egiten hasi ginen. Fandango eta arin-arin txapelketa izaten zen, eta irabazleen piezak dantza suelto txapelketan jotzen ziren. Dantzari guztiek pieza berdinak dantzatu behar izaten zituzten. Orain, txistulariek bi fandango aukeratzen dituzte, eta zozketa bidez erabakitzen da bikote bakoitzak zein dantzatuko duen. Arin-arina jotzeaz trikitilariak arduratzen dira.

Oraindik ere joaten zara txapelketa ikustera?

Bai, urtero joaten naiz. Nik konposatutako pieza batzuk jo izan dituzte.

Konposatzen ere ibili izan zara?

Bai, hala da. Dantzariek ez zekizkiten piezak jo nahi izaten genituen, eta horregatik hasi nintzen piezak konposatzen. Segura sortu zeneko 750. urteurrenerako ere pieza bat konposatu nuen. Semeak idatzi zituen hitzak, eta nik musika jarri nion. Hamar instrumenturentzat eta bi abesbatzarentzat sortu nuen. Sortutako kantarekin mural bat egin nuen.

Artearekin duzun harremana ikusita, zer da zuretzat artea?

Espresio modu bat da niretzat artea, baita jendeari inguruan duena erakusteko ere. Jendeari inguruan duena erakusteko modu bat da artea. Gure ingurua egunero ikusten dugu, baina norbaitek abesti batekin edo koadro batekin adierazten ez digun arte ez gara konturatzen zer dugun.

Proiektu bat egiten ari zara Zeraingo ikastetxeko haurrekin.

Bai. Herriko erretiratuen elkartekoena izan zen ideia. Galtzear zeuden ohiturak berreskuratzeko asmoz, haurrekin hainbat ekintza egitea otu zitzaigun; modu horretan, transmisio lana egiteko. Elkarrekin kantatzea izango da transmisio lan horietako bat. Gabonetan egingo dugu, gabon kantak abestuz. Beste bat izango da herriko txoko batera joatea eta hango istorioak kontatzea.

Zure ustez, zer ohitura galdu dira gazteen artean?

Sendabelarren kontua, adibidez. Orain errazagoa da medikuarenera joatea eta pilula bat hartzea. Ondorioz, sendabelarren kontua apur bat galduz joan da. Hala ere, batzuek erabiltzen dituzte oraindik ere. Euskararen kasuan, erdal kutsu gehiago dagoela ikusten dut, tamalez. Geroz eta gehiago jotzen dugu gaztelaniara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.