Jendearentzat, jendearekin

Iñaki Eizmendiren emanaldiarekin abiatu da Lagunekin Kantari ekimena. Abeslariek publikoarentzat eta publikoarekin kantatzeko Donostian prestatu duten egitasmoa da.

Iñaki Eizmendi, astelehenean Donostiako Larrotxene kultur etxean egin zuen emanaldian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Txaloka hartu dute Iñaki Eizmendi Donostiako Intxaurrondo auzoko Larrotxene kultur etxean bildutakoek. Gitarra esku artean hartuta hitz egin die kantariak: «Eskerrik asko, ez nago halakoetara ohituta». Hamar urtez aritu zen kantagintzan Iñaki Eizmendi, 70eko urteetan batez ere. Emanaldi bakan batzuk baino ez ditu egin azken urteetan, eta astelehenean igo zen Larrotxeneko agertoki txikira, Lagunekin Kantari ekimena abiatzeko kantaldian. Donostian antolatu dute egitasmoa, maiatzerako. Xumea da, baina berezia, gertukoa; kantariek publikoarentzat abesten dute, baina baita publikoarekin ere. Hori dute bereizgarri saioek. Iñaki Eizmendirekin abiatu da aurtengoa.

Bi ataletan banatzen dira emanaldiak. Lehenengoan, kantariak bere errepertoriotik hainbat pieza jotzen ditu; bigarrenean, berriz, publikoarekin batera abesten ditu kantagintza tradizionaletik aukeratutako beste hainbat. Bata bestearen atzetik, Gureak ez diren kale ixileen bi milagarren samiña1977an argitaratutako diskoko kantak jotzeari ekin dio Eizmendik emanaldia abiatzeko. Entzuleek esku artean dituzte kantuen hitzak, baina Eizmendiren ahotsa entzuten da soilik. Larra erdian, Herri definizioa, Gure jakintsuak... eroso ari da kantaria, gozatzen. «Noizean behin gustukoa dut halako saiotxoak egitea, kantatzeko gogoa inoiz ez delako galtzen», azaldu du kantu batetik besterako etenean.

Galdu ezin daitekeen ondarea

Ia ordubetekoa izan da aurreneko zatia, ohiko emanaldia. Kantaria kantuan, entzuleak entzule. Zerikusirik ez bigarren zatiarekin. Donostiako Parte Zaharrean hilabete bakoitzeko hirugarren larunbatean antolatzen duten kantu jiran ohikoak dituzten kantuetatik batzuk aukeratu ditu Eizmendik, eta horiei ahotsa ozen jarri diote entzuleek. Letrak banatu dizkiete emanaldia hasi aurretik, lagungarri. Zibilak esan naute, Iparragirre, Bautista Basterretxe, Donostiyako ziudadia, Pello Joxepe, San Simon eta San Juda, Baionatik Bilbora... Donostiarekin eta Gipuzkoarekin lotura duten kantuak aukeratu ditu Eizmendik. «Jendeak Zuberoako kanta eta doinuak maite ditu, baina halako ondarea ezin dugu galtzen utzi», hala arrazoitu du aukeraketa.

Ordu eta erdi pasatxoko emanaldia izan da. Saio gustagarria Eizmendirentzat: «Gure garaian kantariek aldarrikatzen genuen neurriko emanaldia da. Lehen formatu handietan jotzen genuen, pilotaleku eta jaialdietan, eta publikoaren begiradaren pertzepziorik ez genuen. Kantatzea emozioen hizkera da, eta emanaldi txikietan entzuleen emozioak gertutik ikusten ditugu». Abeslariaren neurri berean gozatu dute entzuleek ere. «Publiko fidela dugu, urtetik urtera hutsik egiten ez duena. Badakite zertara datozen, parte hartzera eta abestera, eta publikoak estimutan ditu jaialdiok», dio ekimenaren antolatzaile Jose Ramon Belokik.

Lagunekin Kantari egitasmoak hilaren 16arekin izango du bigarren saioa, Elaudi taldearen eskutik, 20:00etan. Lapurdin, batez ere, estimu handitan hartutako taldea izan zen, eta Donostian elkartuko dira aspaldiko partez. Maiatzaren 23an, Itziar Zamora eta Gartxot kantarien txanda izango. Kantu jirak eta kantu afariak jarriko diote errematea ekimenari, maiatzaren 27an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.