Olatz Zugasti abeslariak (Hernani, Gipuzkoa, 1965) bost bakarkako lan plazaratu eta gero, lehenengo zuzeneko diskoa kaleratu du. Orion zuzenean du izena, eta ibilbidean egin dituen hainbat kantu biltzen ditu. Gaur, Bilboko BBK aretoan emango du zuzenekoaren lehen kontzertua. Bihar, Hernanin izango da, jaioterrian.
Zuzeneko disko bat zuzenean emango duzu. Nola egingo duzu?
Zuzenean eman nuen kontzertu bat disko bihurtu eta berriz zuzenean ematean, zuzeneko kontzertu bat planteatzen duzu: diskoan entzun daitezkeen kantuak oinarri dituen kontzertu bat. Hala eta guztiz ere, baduzu diskoan agertzen ez den beste kanturen bat edo bertsioren bat egiteko askatasuna.
Modu berezi batean prestatzen duzu zuzeneko hori?
Beste edozein diskoren bira izango balitz bezala prestatzen dut hau ere. Egia esan, energia handia eskatzen du zuzeneko bat antolatzeak. Hala ere, disko hau ustekabean bezala etorri da, eta bilduma baten pareplanteatzen dut.
Bilbon emango duzu lehenengo kontzertua. Gogotsu zaude?
Bilbotik abiatuko da nire ibilbidea: diskoa aurkeztu ondoren emango dudan lehen kontzertua izango da. Urduritasun apur bat dago; izan ere, dena ongi ateratzea nahi dut.
Bihar Hernanin arituko zara, zure jaioterrian. Berezia izango da?
Pozik joango naiz, baina espero dut aurreko kontzertuan baino lasaiago egotea, deskantsatuago joatea. Joanden aldian kontzertu sorta baten azkenengoa izan zen, neke apur bat nuen, eta tristura sentitu nuen, ez nuelako behar bezala dastatzeko aukerarik izan. Jendeak oso ongi egin duzula esaten dizu, baina, egia esan, kontzertua dastatzeko gogoz gelditu nintzen. Oraingo honetan,bigarren aldia izango da Hernanin, eta horrela izatea espero dut.
Familiaren, lagunen, ezagunen... aurrean kantatuko duzu. Zer esan nahi du horrek zuretzat?
Giro autentiko bat sortuko dela uste dut: berezko giro bat. Urduritasuna ematen du ezagutzen zaituztenen aurrean egoteak; izan ere, etxekoen aurrean zaudenean, are handiagoa da urduritasuna. Benetakotasun handiagoa du zuzenekoak, eta hori transmititu behar duzu.
Abeslari gisa, zer espero duzu kontzertu horietatik?
Jendea desberdin ateratzea nahiko nuke. Era batean sar litezke, agian, nirekiko aurreiritzi askorekin, edo ez. Guztiek esaten didate ez zutela espero ikusi eta entzun dutena. Hain justu, jendearen bihotzean atximur egitea da nire kontzertuen helburua.
Lehen zuzeneko diskoa plazaratu duzu. Zein da estudioko lan baten eta zuzeneko lan baten arteko aldea?
Berezkotasun plus bat ematen dio; batez ere, ez nekielako grabatzen ari zirenik ere. Zuzeneko horretan kontzentratuta nengoen. Aldiz, grabatzen ari direla jakiten baduzu, estudioko atmosfera hori du; tekla gorriari ematen diogunean ez da berdin izaten. Beste freskotasun eta naturaltasun bat du. Orain arte egin dudan diskorik naturalena eta freskoena dela esango nuke, eta, hein batean, egiazkoena ere bai.
Kantuak soilik ez, kantu horien aurkezpenak ere sartu dituzu diskoan. Zergatik?
Nik zalantza nuen, baina Benitok [Lertxundi] egin du produkzio lana, eta hark proposatu zuen sartzea. Ikusten denez, hark zerbait bizi izan zuen aurkezpen horiekin ere, eta kantuak kokatzeko balio dute. Hala ere, beste pista batean sartu ditugu, jendeak pasatu nahi izanez pasa ditzan. Bertsio digitalean ez daude.
Zer irizpideren arabera hautatu zenituen kantuak?
Normalean, oso praktikoa izaten naiz kasu horietan. Zein ateratzen zaizu ongien zuzenean? Zeintzuk dute esanahi berezia? Horietatik, zein dira zuzenean ondoen egiten dituzunak baliabideak kontuan hartuta? Galdera horien inguruan egiten dugu lanketa. Ongi ateratzea eta publikoarengana iristea izaten da garrantzitsuena. Kontzertuetan, baina, sorpresaren bat egon liteke: diskoan ez dagoen zerbait, alegia.
Hainbat musikariren laguntza izan duzu; besteak beste, alabarena. Nolako esperientzia izan da elkarlan hori?
Ongi joan da. Ander Ederrarekin hasieratik egin dut lan, ibilbidean batu zitzaidan lehena da. Amaiur Cajaraville eta Ander Zulaika batu ziren gero. Gratxinaren [Lertxundi] kasuan, bigarren ahots bat behar nuen, eta proposamena egin nion; izan ere, arlo musikal ugari lantzen ditu. Esan liteke, ama-alaba moduan musikaren esparruan konektatzen dugula ondoen.
Zuzenekoak ematen segitzeko asmoa duzu?
2015ean erabaki nuen zuzenekoak egiten hastea. Lasaitasun batekin jarri naiz honetara, eta, oraingoz, ez dut epemugarik.
ATZEKOZ AURRERA. Olatz Zugasti. Abeslaria
«Jendearen bihotzean atximur egitea da nire kontzertuen helburua»
'Orion zuzenean' diskoa oinarri, zuzeneko kontzertuak ematen hasiko da gaur Olatz Zugasti abeslaria, Bilbon. Zugastiren esanetan, «berezkotasuna» du zuzeneko diskoak, ustekabean egina dagoelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu