ATZEKOZ AURRERA. Sabin Bikandi. Aiko dantza taldeko koordinatzailea

«Jendearekin elkartu eta ondo pasatzeko modu bat da dantza»

Euskal dantzen transmisioa dauka helburutzat Aiko dantza taldeak. Bilboko Aste Nagusirako, lau tailer eta erromeria bat antolatu dituzte Bilboko Konpartsekin batera. Sabin Bikandi da taldeko burua.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Gontzal Mendibe Miguel
2023ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Euskal dantzen transmisioak etenik izan ez dezan sortu zen Aiko dantza taldea. Euskal dantzak ahalik eta jende gehienarengana heltzeko helburuari jarraituz, hainbat egitasmo antolatzen dituzte, hala nola dantza tailerrak, Internet bidezko eskolak edo erromeriak.

Bilboko Aste Nagusirako, lau ikastaro antolatu dituzte. Gaur izango da azkena: Sabin Bikandi (Galdakao, Bizkaia, 1965) taldearen koordinatzaileak emango du, Kaialdean, 13:30ean. Bihar erromeria bat egingo dute, 19:00etan, Arriaga plazan.

Aste Nagusian lau dantza tailer egingo dituzue. Zer egingo duzue bertan?

Armairu koreografikotik ateratzen lagundu nahi diogu jendeari. Gure dantza maisu batek zioenez, denok dakigu dantzan; gorputzari dantzan egiten utzi behar zaio. Transmititu nahi dugu dantza jendearekin elkartu eta ondo pasatzeko modu bat dela, eta dantzaren ateak zabaltzen saiatuko gara.

Zergatik joan behar du jendeak tailerretara?

Gizartea gero eta bakartiagoa eta independenteagoa den honetan, aukera paregabea iruditzen zait jendea ezagutzeko eta elkarrekin ondo pasatzeko. Euskal kultura hedatzen laguntzeko aukera ere bada. Gozamena sentitzea da tailerren helburu nagusia.

Konpartsekin elkarlanean antolatu dituzue. Azkenengo urteetan harreman estua izan duzue haiekin, ezta?

Aikon urtero ospatzen dugu Bilboko Aste Nagusia; urtero egiten dugu dantza poteo bat. Horri esker, harremana sortu dugu konpartsekin, eta dantzak bultzatzen laguntzen digute. Gainera, biharko erromeria bat antolatu digute Arriagako eraikinaren ondoan. Guretzat oso erakargarria da konpartsek transmisioan laguntzea.

Antolatzen dituzuen ekintzetan ez dira gazte asko agertzen. Zergatik ote da?

Hori gazteen eskuetan dago: gogoa izan behar dute hurbiltzeko. Ni ere gaztea izan naiz, eta hurbiltzen nintzen. Gogoratzen dut zer elkarrizketa izan nuen emakume batekin Salamancara [Espainia] joan ginen batean: galdetu nion ea gazteak hurbiltzen diren, eta erantzun zidan ezetz, beraiek gazteak zirenean ere ez zirela hurbiltzen justifikatuz. Horrek erakusten du dagoen pentsaera. Hala ere, gaur egun ematen du gazteak hurbiltzen ez badira ekintzek ez dutela arrakastarik, eta hori ez da horrela.

Nola aldatu daiteke hori?

Lehenik eta behin, kontuan izan behar da gizarte honetan gero eta zahar gehiago daudela, eta gazte gutxiago. Horrez gain, dantzak ondo pasatzeko eta elkartzeko tresna bat direla konturatu behar dute. Ni prest nago hori ulertu dezaten laguntzeko, baina esfortzu bat egon behar da haien partetik.

Aste Nagusian euskal folkloreari garrantzi txikia ematen zaiola esan ohi duzu. Zergatik da hori?

Folklore hitzak atzera botatzen du jendea. Etiketak jartzen ditugunean hasten dira arazoak. Euskal dantzak, euskal literatura, euskal sukaldaritza... Zer dira? Euskaraz egiten diren ekintzak? Euskal Herrian egiten direnak? Etiketa horrekin ez nago ados.

Beraz, zer dira euskal dantzak?

Euskal dantzak aipatzea ere ez zait lar gustatzen. Guk dantza egiten dugu; gure tradizioan ohikoa den ekintza bat baino ez da. Ematen du dantza egiteko mozorrotu egin behar dugula; zergatik? Historian zehar inork ez du horrelako arroparik jantzi dantza egiteko.

Euskal dantzak tradizionalismoarekin lotzen dira. Zuek, ordea, dantza garaikidearekin uztartzen duzue.

Etiketen arazora bueltatzen gara. Zer da garaikidea izatea? Dantza garaikideak mugimendu batzuei jarraitzen die, baina edozein dantza izan daiteke garaikidea. Guk badakigu dantzak lengoaia propio bat daukala, bertsolaritzak duen bezala. Guk lengoaia horretan sinesten dugu, eta horri jarraituz sortzen dugu. Hausnarketa asko egin daitezke garaikidearen inguruan. Bakoitzak nahi duen bezala uler dezala; nik argi daukat nire ikuspuntua.

Euskal dantzak ahalik eta jende gehienarengana eramateko helburuari jarraituz, Internet bidezko eskolak eskaintzen dituzue. Nola doa proiektua?

Denboratxoa generaman proiektu hau buruan, eta pandemia aitzakia ezin hobea bihurtu zen proiektua martxan jartzeko. Ordenagailuko kamera martxan jarri, eta zuzenekoak egiten hasi nintzen Youtube plataforman: 2.000 pertsona inguru batzen ginen egunero. Gaur egun, herbeheretar batek garatutako software bati esker ematen ditugu eskolak sarean. Dantza transmititzea ez da erraza, eta bide honek asko errazten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.