Pandemia garaian eten ziren zezenketak Bilboko Aste Nagusian. Itzuli egin ziren iaz. Behin betiko amaitu daitezela eskatzeko, hainbat eragile antiespezista bilduko dira zapatu honetan, 17:30ean, Plaza Eliptikotik hasiko den manifestazioan. Ziortza Larreategi da horietako bat.
Zer eskatuko duzue asteburuan Bilbon?
Aldarrikatuko duguna da zezenketen amaiera, orokorrean. Urteak daramatzagu animaliarik gabeko jai herrikoien alde manifestazioak egiten. Lortu genuen Bilbora etortzen den zirkuak animalia basatien ikuskizunik ez egitea, eta uste dugu hurrengo pausoa dela Bilboko zezenketak amaitzea. Ez daukalako inongo zentzurik XXI. mendean oraindik ere zezenketak egiteak. Batetik, animalien sufrimenduagatik, eta, bestetik, zezenketek ordezkatzen dutenagatik: klasismoa, patriarkatua eta biolentzia.
Atxikimendu asko lortu dituzue. Lan handia egin behar izan duzue hori lortzeko?
Pozik gaude, bai. Uste dugu nahikotxo lortu ditugula, eta ziur denbora gehiago izan bagenu, askoz jende gehiago batuko genukeela. Ez dugu denborarik izan kolektibo askoren logoa jartzeko, baina deialdia zabaltzen laguntzen ari zaizkigu.
Kolektibo animalista eta antiespezisten atxikimendua lortzeaz gain, konpartsa askorena ere lortu dugu, baita sare antifaxistarena ere, adibidez, eta Bilboko hiru alderdi politikorena ere bai.
Zein da egungo egoera jaietan? Badaukazue daturik?
Iaz agerian gelditu zen zezenketek ez daukatela arrakasta handirik, plazaren erdia hutsik egon baitzen. Ez dugu datu zehatzik, baina komunikabide askotan agertu ziren plazaren irudiak, eta guri ere deitu ziguten batzuek horri buruz galdezka, ikusten zutelako zezenketek ez zeukatela jendearen babesik, eta gure balorazioa jakin nahi zutelako. Espero dugu aurten berdina gertatzea edo iaz baino jende gutxiago joatea.
Aldatu dira iritziak, ala jendeari oro har normala iruditzen zaio animalien erabilera oraindik ere?
Mahai informatiboak jartzen aritu gara, manifestaziorako deia zabaltzeko, eta asko harritu gaitu ikusteak jendeak orokorrean uste duela zezenketak amaitu direla Bilbon. Ez dela halakorik egiten.
Pandemia garaian ez zirenez egin, jendeak bukatutzat eman zituen. Beraz, argi dago zein den gizartearen joera: gero eta interes gutxiago dago zezenketen inguruan, eta belaunaldi aldaketarekin ere gero eta gehiago nabarituko da.
Uste duzue maskulinitatearekin loturarik duela?
Animalien erabilera guztiz lotuta dago maskulinitatearekin eta patriarkatuarekin. Orokorrean, bete egiten delako estrategia bat: gizon zuri eta heterosexuala ez den guztia bere ongizaterako eta bere interesetarako erabiltzea. Izan emakumeak edo animaliak ala haien eskeman sartzen ez den izaki oro.
Patriarkatua horretan oinarritzen da, gainerakoen sufrimenduan. Bestela, ez litzateke existituko. Ikus daiteke zer eratako jendea joaten den zezenketetara. Oso matxista da toreroak publikoan dagoen emakumeari belarria eskaintzea.
Gero, herrietako festetan bigantxekin eta abar aritzen direnak aztertuta, argi eta garbi ikusten da gehienak gizonak direla, nabarmen. Orduan, animalien sufrimenduaz gain, hausnartu beharko genuke zer motatako festak ari garen egiten oraindik horrelako ohiturak babesten badira.
Zer esango zeniekete tradizioaren izenean mintzo direnei?
Askotan, gauza asko justifikatzen dira tradizio hitzaren bitartez. Euskal Herrian daukagun arazo bat da. Tradizioarekin eta nortasunarekin justifikatzen dira horrelakoak. Egia da Euskal Herrian, herri zapaldu gisa eta bere nortasuna babestu behar duen herri gisa, horrelako ohiturak babestea euskalduntasuna defendatzea dela uler daitekeela.
Guk dioguna kontrakoa da: beste Euskal Herri bat posible dela, eta, zapalkuntza askoren kontra borrokatu garen herria izan garenez, beraz, animalien zapalkuntzen aurka ere borrokatu beharko ginatekeela.
ATZEKOZ AURRERA. Ziortza Larreategi. Militante antiespezista
«Jendeak uste du zezenketak amaitu direla Bilbon»
Piztiak konpartsako kide da Ziortza Larreategi. Animaliak jai eremuan erabiltzearen aurka, mobilizazio bat antolatu dute datorren larunbaterako Bilbon, hainbat eragilerekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu