Hernaniko Udaleko Ingurumen zinegotzia

Ainara Atorrasagasti: «Jendeak ulertzen du bigarren eskukoa izatea ez dela okerragoa izatea»

Etxeko tresnei, denetarikoei, beste erabilera bat emateko herritarren sare bat sortu dute Hernanin. Hondakin gutxiago sortu nahi dute, eta sortuta dagoenari beste aukera bat eman.

Ainara Atorrasagasti Hernaniko Udaleko Ingurumen zinegotzia. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ainara Atorrasagasti Hernaniko Udaleko Ingurumen zinegotzia. MAIALEN ANDRES / FOKU
unai zubeldia
Hernani
2024ko urriaren 26a
05:00
Entzun

Hernaniko Udalak irailaren 17an aurkeztu zuen Trukehernani.eus ataria, norberak etxean dituen gauzak trukatzeko, emateko edo saltzeko webgunea. Ainara Atorrasagasti Hernaniko Udaleko Ingurumen zinegotzia (Durango, Bizkaia, 1981) harrituta dago hain denbora gutxian sortu den mugimenduarekin.

Olentzero eta Mari Domingi beroketa lanetan hasita omen daude jada. Haiei ere abisatu egin beharko zaie Hernanin sartu-irten bat egiteko, ezta?

Bai, noski. Olentzerok eta Mari Domingik gerrikoa pixka bat estutzeko modu on bat izan daiteke. 

Hondakinak, bigarren erabilera, ekonomia zirkularra, trukea, hartu eta eman, eman hartu gabe... Zer sortu duzue?

Prebentziorako ekintza bat da berez. Guretzat hondakina den hori beste batzuek beste modu batean ikusteko aukera bat da; herrian dagoena herrian bertan gelditzeko saiakera bat da. Trukea izan daiteke, salmenta izan daiteke... baina beste begirada batekin. Gauza batzuek prezioa daukate, eta zifra hori sinbolikoa da beste kasu batzuetan. Norberak jartzen ditu bere baldintzak, eta filtro lana egiten dugu guk. Objektu bati bigarren aukera edo bizitza bat ematea da helburua, funtsean.  

Arropaz ari zara hizketan? Jolasez? Etxeko tresnez?...

Den-denaz ari gara hizketan. Arropa izan daiteke, etxeko tresnak izan daitezke, kirola egiteko gauzak ere izan daitezke... Galtzontzilloetatik hasi eta ispilu eta koltxoietaraino, denetik daukagu aukeran.  

Hernaniarra izan beharra dago salerosketa horretan parte hartzeko?

Tira... Hernani inguruan ibiltzea da baldintzatxo bat-edo. Baina izan zaitezke hemen inguruan dabilen langile bat, Hernanitik gertukoa...  

Hilabete pasatxo igaro da Trukehernani.eus ataria martxan jarri zenutenetik. Hasi al zarete nabaritzen mugimendu pixka bat?

Bai, bai. Dagoeneko egin dituzte truke batzuk, eta baita salmentaren bat edo beste ere. Objektu pila bat daude webgunean, eta harrituta gaude sortu den mugimenduarekin. Oso tresna erraza da beste edozein herritan ere martxan jartzeko.  Gu prest gaude, noski, edonori laguntzeko.

Nork pentsatuko zuen hondakinak harremanetarako aitzakia izan zitezkeela...

[Barrez] Ligatzeko tresna ere bai! Posible da hori ere. Baina egia da badela modu bat bizilagunak ezagutzeko, eta horiekin bestelako harreman bat edukitzeko. Gure auzoan, webgunerik gabe ere, egiten genuen antzeko zerbait, jolasak trukatuta-eta. Harreman polita sortzen da horrelakoetan. Konfiantza ematen du.   

Euskal Wallapop edo Hernaniko Wallapop etorriko zaie askori burura, baina nolabaiteko talka sor al dezake bigarren eskuko dendekin?

Ez dut uste horrelako webgune bat lehia zuzena denik bigarren eskuko dendentzat. Egia da Hernanin indar handia daukatela bigarren eskuko dendek; herri berezia da alde horretatik: mugimendu eta ohitura handia dago. Jendeak ulertzen du bigarren eskukoa izatea ez dela okerragoa izatea; kontsumitzeko beste modu bat da. Eta uste dut webgune honek horregatik lortu duela hainbesteko arrakasta.

Herri edo herrialderen bat izan duzue eredu sormen prozesuan?

Ez... Prebentziorako behar moduan sortu zitzaigun ideia. Badago Wallapop ataria, baina CO2 aztarna handia uzten da horrelakoetan, mugimenduen eraginez. Hori ere mugatu eta aurreztu nahi genuen Hernanin.

Bakoitzak, gutxi-asko, 2,7 tona hondakin sortzen du urtero.

Beldurgarria da datua, eta hori mugatu nahi dugu. Herritarrek hausnarketa hori egin dezaten nahi dugu. Oso harro gaude Hernanin hondakinak nola kudeatzen ditugun ikusita, baina ahalik eta hondakin gutxien sortzea da lehen pausoa.

LOTSABAKO

Hondakinak?
Gure ardura bat. 

Zer trukatuko zenuke gustura?
Bidaia bat, edo bidaiatzeko furgoneta bat.

Beste zer hartuko zenuke gustura?
Denbora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.