ATZEKOZ AURRERA. Elena Setien. Musikaria

«Jendeak gogoa dauka estilo berriak ezagutzeko»

Londresen, Bartzelonan eta Kopenhagen bizi izan da, eta, orain, sorterrira itzuli, eta diskoa kaleratu du Setienek. Kezkatuta zegoen bere estiloa nola hartuko zuten, baina erantzun beroa jaso du.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2016ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Hogei urte pasatu eta gero, ez da esku hutsik itzuli sorterrira Elena Setien musikaria (Donostia, 1977). Dreaming of Early Things bakarkako lan berria aurkeztu du —Mikel Azpiroz musikariarekin batera ekoitzia—. Musika «esperimentala eta intimista» egiten du. Lau alditan izan da hautagai Danimarkako Jazzaren Grammy sarietarako. Oñatiko (Gipuzkoa) Gaztelekuan emango du kontzertua, bihar, 22:30ean.

Musikagatik joan zinen etxetik kanpora. Nolakoa izan da itzulera?

Urtebete da Donostiara itzuli nintzela, eta uste baino gusturago nago. Senideak alboan izateak lasaitasun handia ematen dit. Euskara ere ikasten ari naiz orain. Garrantzitsua da niretzat. Donostian, Bilbon eta Errenterian [Gipuzkoa] egin ditutdiskoa aurkezteko kontzertuak, eta zoragarria izan da jasotako harrera.

Musika klasikoko ikasketak egin, eta esperimentala da orain sortzen duzuna. Gaztetan, ordea, punk izan nahi zenuen. Nolatan?

Musika klasikoaren bueltan egin nituen kontserbatorioko ikasketak, eta horrekin hausteko beharra nuen, ziurrenik. Askok musika klasikoan aurkitzen dute askatasun artistikoa, baina nik ez. Partiturarekin bakarrik aritzeak geldiarazi egiten ninduen. Adierazkorragoa zen zerbait egin nahi nuen, eta, akaso, punkagoa ere bai: inprobisatu, erritmoekin jolastu... Musika modernoak aukera handiagoa ematen du horretarako.

Kopenhagen egin zenuen haustura hori?

Prozesu gisa bizi izan dut nik. Musika propioa sortzeko gogoa betidanik izan dut. Pixkanaka hurbildu nintzen jazz estilora, eta Kopenhagen konturatu nintzen ingelesezko kantu asko ateratzen zitzaizkidala barrenetik. Bertan eman nion forma, bai, ukitu pertsonal hori.

Beldur zinen Euskal Herriko entzuleek nola hartuko zintuzten?

Zorte handia izan nuen Danimarkan. Musikarien eta sortzaile berrien eskolan sartu nintzen, eta oso ondo hartu ninduten han. JazzarenGrammyetarako ere deitu ninduten lautan, eta estatuaren laguntza ekonomikoa jasotzen genuen musikariok. Hona etortzean beldur pixka bat banuen, han landu nituen soinuek izan zezaketen harreraren inguruan. Estilo ezberdina da, eta zalantza nuen gogoz hartuko ote zuten ala pentsatuko zuten martzianada bat egiten ari naizela.

Hala izan da?

Oso harrera ona izan dute nire doinuek, eta oso hunkituta nago horregatik. Estilo berriak eta ezberdinak ezagutzeko gogoa dago hemen.

Kopenhagen baino zailagoa da musikarien jarduna hemen?

Ni Easo koralean ari naiz lanean, baina hemen oso zaila da musikaz bizitzea. Artea ez da luxu bat, bizitza osasuntsuagoa eta beteagoa izateko herritarrek beharrezkoa duten osagaia baizik. Oro har, gizarte gisa, aberastu egiten gaitu, eta kontzientziatu beharko genuke horretaz. Musikariek beren lanaz bizi behar dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.