Garazi Goia. BBCko hedabideen zuzendaria

«Jendeak eduki gehiago eta hobeak nahi ditu»

BBCren harremanak eta kontratuak kudeatzeko, urtean 200 milioi liberako aurrekontuaren ardura du Goiak. Balio duen zerbait lortzeko borroka egin behar dela dio, «eta aldaketak egiteko prest egon».

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2015eko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Amatasun baimena hartua du Garazi Goiak (Segura, Gipuzkoa, 1978). BBCn, irrati eta telebista kateak etxeetara iristeko prozesu komertzial, estrategiko eta politikoen ardura du. BBCrekin hitzartua du adieraztea elkarrizketaren iritziak bereak direla, eta ez BBCrenak.

BBCn izan zaren urteetan ikasi duzunaz, zer da gehien nabarmenduko zenukeena?

Egunero ikasten jarraitzen dudala, benetan talentu handiko jendearen artean lanean, egunero erronka ezberdinak aurkituz, eta oihartzuna edo eragina izango duten proiektu eta iniziatiben erdian egoteko zortea dudala.

Sakelako gailuetara edukiak eramateko orduan, zer estrategia erabiltzen ari da BBC?

BBCren balio nagusia audientziak eta kanona ordaintzen duen jendea dira; eta haiekin konektatzeko modu eraginkorrak bilatzea eta lotura hori lortzeko istorio koherenteak definitzea da egiten dugun gauza guztien jomuga —berdin da edukiak tabletetan jaso, telebistan edo ordenagailuan—. Hori lortzeko, formatu eta produktu garrantzitsu batzuk sortu ditugu azken urteetan. Ezin dira ahaztu jendeak BBCrengan duen konfiantza eta haren markak gizartean adierazten duena.

Bi urte barru, BBCren eta Erresuma Batuaren arteko negoziazioa izango da kanonaren inguruan. Nola ikusten duzuBBCren etorkizuna?

Inoiz baino presio handiagoa dago kanona jaisteko. Lan handia egiten ari gara etorkizuna nolakoa izango den formulatzeko. Erronka handiena da jendeak nahi duela eduki gehiago eta hobeak izatea. Merkatuan dagoen zatiketa eta konpetentzia handitu ahala, zailagoa da puntako telebista bat izaten segitzea. Gehiago baina diru gutxiagorekin ekuazioak ez du funtzionatzen. Beraz, perspektiba ezberdinak eta modu berriak bilatzen ari gara.

Netflix eta tankerako operadoreek Europan zer bide egin dezakete? Eta Euskal Herrian?

Erresuma Batuan, sekulako arrakasta lortua dute, estrategia eta marketin oso oldarkorrak eta eraginkorrak erabiliz. Adibidez, Netflixen esklusiboki dagoen House of Cards telesailaren arrakastaz baliatuz, jendearen telebista ikusteko ohiturak aldatuz doaz pixkanaka, batez ere ikus-entzule gazteagoenak; programazio eta ordutegi finkoko telebisten kontzeptua hausten dute; bakoitzak nahi duenean ikus ditzake kalitate oneko edukiak.

ETBren bideak nondik nora jo beharko luke?

Beti pentsatu dut benetan balio duen zerbait lortzeko borroka egin behar dela, eta aldaketak egiteko prest egon; arriskuak hartu behar direla. Horrek, hain zuzen, gauzak errotik aztertu eta aldatzea eskatzen du askotan, eta hor dago erronka —aldaketak ez dira denentzat erosoak, eta beti daudegaltzen aterako diren batzuk—; baina hori da errealitatea, eta ezin da segitu iraganeko arrakasta edo egoeren itzalean. Hausnarketa hori ETBri ere aplikatu behar zaio. Komunikabideak, sormena, teknologia berriak eta formatu berriak uztartzeko garaiak dira, baina anbizio errealistak jarrita.

Euskarazko tokiko telebistekzer etorkizun dute?

Ingalaterran egitasmo politiko baten atzetik bultzatu ziren tokikoak, proposamen koherente bat eduki gabe, eta oso arrakasta eskasa dute. Baina badago audientzia bat tokikotasun hori estimatzen duena. Iraunkorrak diren ikusi behar da, eta ez naiz ari faktore ekonomikoaz bakarrik; egun, teknologiak tokiko edukiak ustiatzeko modu ezberdinak ahalbidetzen ditu, eta kate txikiek bide horietatik joan behar dute.

Egun, ia herritar orok zabal dezake bideo bat sarean, eta arrakastatsu bilakatu.

Aukera handitu egin da, komunikatzeko askatasun handiago dago; sormena gehiago ireki dezakegu. Aukera handiagoa ematen denez, lehia handiagoa sortzen da, eta hori beti da positiboa. Testuinguru horretan, ikus-entzuleengana iristen dena zerbait ongi egiten arituko da.

Londresen bizita, zer dakarkizu euskaraz idazten jarraitzeak?

Orain, nobela bat itzultzen ari naiz ingelesetik euskarara. Zutabeak idazten ere jarraitzen dut, eta irratian ere kolaborazioak egiten. Idazteak nire herrira, hizkuntzara eta kulturara gerturatzen nau. Nire barruan sentitzen dudan erantzukizun bat betearazten dit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.