ATZEKOZ AURRERA. Alazne Etxeberria. Aktorea

«Jendeak barre egin nahi du une honetan»

Umoreak eta irribarreak ardazten dute Alazne Etxeberriaren jarrera eta jarduna. 'Bikote bila, zenbat komeri!' ikuskizunarekin ari da: maitasunaz, harremanez, mito ez diren mitoez eta algara diren irriez .

MAIALEN ANDRES / @FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Telebistak bihurtu zuen ezagun Allí abajo-ko Nekane, baina antzerkiak eta hezkuntzak bizi dute Alazne Etxeberria (Donostia, 1979). Basauriko (Bizkaia) Social antzokian ariko da bihar, Bikote bila, zenbat komeri! bakarrizketarekin.

Hainbestekoa al da «komeria»?

Bakarrizketa honekin duela zazpi urte hasi nintzen, eta agian ez da hainbesterako, baina umorea egiteko gai polit bat da.

Esan izan duzu 40 urtetik gorakoen benetako pandemia ligatu ezin hori dela.

[Barrez] Klixe bat da. Ez dakit pandemia den, baina gauzak asko aldatzen direla, bai. Ez da berdina gaztetan ligatzea, edo adin honetan.

Baina hemen ez dela ligatzen esatea mito bat da.

Hori mito bat da, zeharo. Baina umorea egiteko aukera ematen du.

Bakarrik hobeto?

Unearen arabera. Daukazun konpainia hoberena ez denean, bakarrik hobeto. Bikotearekin edo gabe, zeure buruarekin ondo zaudenean zaude hobeto.

Bakarrizketa formatua gelditzeko etorri da?

Arrakasta dauka, baina ez da oraingoa. Ez da moda bat. Komikoen bakarrizketak aspaldikoak dira. Gogoan ditut Gila, Eugenio... ez dakit adibiderik egokienak diren, baina txikitatik nituen gustuko bakarrizketak. Nola zen beste hura? Pedro Reyes. Oso surrealista zen, asko gustatzen zitzaidan. Oraingo bakarrizketak modernoagoak dira, stand up comedy estilokoak.

Ez dago gogaitzeko arriskurik?

Litekeena da bakarrizketak orain modan jarri izana pandemiagatik, errazagoa delako formatu txikiko gauza bat programatzea. Baina jendeak oso ongi hartzen du bakarrizketa, jendeak barre egin nahi du une honetan, badago behar bat, ez dut uste gogaitu egin direnik.

Kritikarako aukera ere ematen du bakarrizketak?

Dudarik gabe. Nik maitasunaren gaia jorratzen dut nirean, baina hartzen ditut horren aitzakian beste gai batzuk ere, eta momentuan gertatzen ari denari buruzko kritikak egin, baina umoretik betik.

Gai serioei buruz ere bai?

Gai serioei pisua kentzeko modu bat da, baina pentsarazteko modu bat ere bai. Eta hori ere polita da: kezkatzen gaituzten gaiak umoretik tratatu ahal izatea.

Zer galdu edo irabazi zenuen Allí abajo telesailean?

Irabazi, asko egin nuen. Hura egin baino lehen, Hika Teatroan aritzen nintzen administrari eta komunikazio lanetan. Aktore gisa, gauza puntualetan aritzen nintzen. Telesailean parte hartzean, bete-betean hasi nintzen aktore gisa lanean.

Baina telebistaren fama efimeroa da, ezta?

Nik fama harekin gaizki pasatu nuen. Jendeak kalean ezagutu egiten ninduen, agurtu... Badirudi positiboa dela, baina ez nuen ongi eramaten jakin, aldaketa handia da, eta hori kudeatzea zaila izan zen.

Roman eta Julieta, Cyrano, Kuolulo zuhaitza... antzerkia da berez zure pasioa?

Dudarik gabe. Hor duzun adrenalina ezin da konparatu telebistan duzunarekin, sentimenduak han ez dira horren potenteak. Antzerki obra batean sorkuntza prozesua ia osorik bizi duzu, eta istorioa hasieratik bukaerara egiten duzu. Bidaia oso bat dago hor.

Hezkuntzan ere aritu zara?

Nire bigarren pasioa da. Eskolak eman izan ditut Lugaritzen, Nueve Teatro konpainia amateurreko zuzendaria naiz... Arte Ederretan lizentziatu nintzen, eta diseinu irakaslea ere izan naiz marrazketan, informatikan... ezagutza transmititzea ere adrenalina potentea da.

Hurrengo proiektuak?

Segiko dut bakarrizketekin, eta film batean lan egingo dut haurrentzako trebatzaile gisa. Iaz aritu nintzen lehen aldiz horretan Erase un vez Euskadi izeneko filmean. Bigarren aldia da hau. Zazpi urteko bi neska-mutilekin ariko naiz, filmaren protagonistekin. Asko motibatzen nauen lan bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.