Carles Baiges Camprubi: «Jendea lehenetsi dugu, eta etxebitzitza birpentsatu»

Etxebizitza Kolektiboaren Europako Saria eman du aurten lehendabizikoz Euskadiko Arkitektura Institutuak. Eraikin berriaren kategorian, Kataluniako La Borda proiektua izan da saritua, estatuko egurrezko egiturarik altuena duen eraikina.

Carles Baiges Camprubi arkitekto eta soziologo katalana, artxiboko argazki batean. LACOL KOOPERATIBA
Carles Baiges Camprubi arkitekto eta soziologo katalana. LACOL KOOPERATIBA
marcos tedin
2024ko ekainaren 28a
05:00
Entzun

Kataluniako Lacol estudioko arkitektoak, La Borda proiektua garatzerakoan, hainbat arazori konponbideak aurkitzen ahalegindu dira. Besteak beste, jasangarritasuna, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, eta eremu komunitarioen kudeaketa. Carles Baiges Camprubi (Bartzelona, Katalunia, 1985) proiektuko kideak azaldu du nola egin duten gai horiek uztartzeko eta zergatik jaso duten saria.

Arkitektoa ez ezik, soziologoa ere bazara. Nola uztartzen dira biak lanean?

Espazioaren eta arkitekturaren parte soziala gustatzen zait niri. Lacol kooperatiban, badakigu arkitekto gisa eragin eta ardura handia daukagula gizartean eta planetan, baina, batez ere, jendearengan. Hori da gure lan egiteko modua. Ikasketak egin genituenean, ez zuen ematen arkitektura horrela zenik. Estudioan lan asko egiten ditugu, eta nire ardura da ikerketak gauzatzea eta jendearekin eta komunitateekin berba egitea. Jendearen eta espazioaren artean dagoen oroz arduratzen naiz.

La Borda proiektuan, zein problematikari egin diozue aurre? 

Arazo ugari daude. Haietako bat etxebizitza eskuratzea da. Gero, horretaz gain, nola bizi garen, batez ere, etxebizitza kolektiboa denean. Holakoetan, normalean, jendea ahal den tokian sartzen da. Ezin du pentsatu nola bizi nahi duen etxebizitza kolektibo batean dagoenean. Gainera, etxebizitza hori garatzaile pribatu batek garatu du, bizitokiak saldu eta ahalik eta diru gehien lortu nahian. Edo garatzaile publiko batek, zeinak ez baitu nahi kudeatzeko arazorik etorkizunean. Etxebizitza kolektiboak egiten direnean, ez dute erabiltzailea kontuan hartzen. La Borda proiektuan, jendea lehenetsi dugu, eta etxebizitza birpentsatu. Ohiko etxebizitza kolektibo batek dituen espazioetatik aldentzen den bizitoki bat izan da emaitza. Normalean, etxebizitza kolektibo batean, arazoak norberaren etxean konpontzen dira, inork ez baitaki norekin bizi den eraikinean, eta ezer gutxi dute komun. Guk gauza asko birplanteatu ahal izan ditugu, jendeak bazekielako modu ezberdin batean bizi nahi zuela.

Uste al duzu La Borda bezalako proiektu batek eragina izan dezakeela arkitekturaren etorkizunean?

Bai, eta nik uste dut gertatzen ari dela. Horrelako proiektu batek gauza batzuk birplanteatzen laguntzen du. La Bordaren moduko proiektuak badaude Katalunian, badago jende asko halako proiektuak bultzatzen ari dena. Sektore pribatuan eta publikoan, ikusten da eragina. Eremu komunitarioak proposatzen dituzten administrazioak badaude, jasangarritasunaren alde egiten dutenak. La Borda, bere garaian, estatuko egurrezko eraikinik altuena izan zen, eta horrek egurrezko eraikinak egitera bultzatu du.

Arkitekturak konpondu ditzake etxebizitza erosteko zailtasunak?

Arkitekturak bakarrik, ez. Batez ere, gauza asko ez daudelako arkitektoen eskuetan. Etxebizitzen prezioak arautzen eta baldintzatzen dituzten legeek sorrarazten dituzte mota bateko proiektuak. Hala ere, arkitekturatik eta hirigintza plangintzatik kontu asko erabaki daitezke: nolakoak diren etxebizitzak, non dauden kokatuta, zein motatakoak diren, zein diseinu izango duten, eta abar. Arkitekturak izango du eragina kontu askotan: etxebizitzak kalitatezkoak diren, zer kostu izango diren, lurgunean zenbat etxebizitza sartuko diren… Hala ere, ez baldin badago merkatua erregulatzeko legerik, edonork nahi dituen prezioak ezarri ahal baldin baditu, eskubide bat izan beharko lukeen zerbaitekin negozioak egitera edonor sartu ahal bada… beti egongo da espekulatzeko aukera eta gentrifikazio prozesua sortzeko aukera.

Badago Europako hiriak birpentsatzeko beharra?

Argi dago erronka handiak ditugula. Gehien kezkatzen gaituzten arazoetako bat etxebizitza eskuratzea da. Gero, badago trantsizio ekosozialaren arazoa, nola egiten dugun salto benetako eredu jasangarriago batera, azkar, inor atzean laga barik. Birgaikuntza handiek ere kezkatzen gaituzte. Ondo dago era jasangarriago batean eraikitzea, baina, Europan, gure hiriak erabat eraikita daude, eta oso gaizki eraikita. Askotan, birgaikuntzak egiten dituzte bakarrik ordaindu ahal dituztenek, eta benetan behar dutenek ezin dituzte egin. Birgaikuntzak egiteko diru laguntzak ematen zaizkie baliabide asko dituztenei. Gure erronka da diru laguntzak ematea benetan behar dituztenei, eta proiektu asko ditugu esku artean. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan egin ziren eraikin handiak oso azkar egin ziren, eta gaizki, eta guretzat horiek berreskuratzea da erronkarik handiena. Arazo honi ez diote konponbiderik aurkitu, nahiz eta diru laguntza asko egon.

Zergatik saritu dute La Borda proiektua? 

Uste dugu egin beharreko bidea zein den adierazi nahi dutela sariek. Jasangarritasuna eta arazo sozialak kontuan hartzen dituzten proiektuak aukeratzen dituzte, arriskatzen duten proiektuak. La Bordak problematika asko uztartzen ditu. Hori da gure berezitasuna: jakin dugula hainbat gai konbinatzen. Batzuetan, jasangarriagoa izan nahian, zaila da lorgarria izatea. Eta alderantziz ere bai. Guk lortu izan dugu irizpideak batzea. Kooperatiban gustuko dugun Anne Lacaton arkitektoa egon da epaimahaian; berak gustuko dugun Frantziako estudio batean egiten du lan, Lacaton & Vassall estudioan. Guretzat, sekulako errekonozimendua da hain garrantzitsua den epaimahai batek saria ematea.     

LOTSABAKO

Euskal Herriko eraikinik gustukoena?

Oso galdera zaila da, aitaren eta amaren artean aukeratzea bezala…. 

Interesatzen zaizun egungo proiektu bat?Bilboko Urbanbat kooperatibaren Etxebizitza Hedatua proiektua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.