Itzultzaile gisa astindu zuen lehenik luma Maialen Hegi-Lukuk (Baiona, 1987), Mikel Dalbreten Hainbat zorte edo usapalen hegaldi nahigabetua eleberria euskaratuz. Bere eleberriak ezagunagoa egin zuen: Girgileria Anderea (Elkar, 2018), zeinak 2016an Gazteluma saria irabazi baitzuen. Aldi honetan, berriz, isipua eskuan agertu da plazarat: hamar urteotan landu dituen akriliko koloretsuak erakutsiko baititu igandera bitarte, Hazparneko (Lapurdi) Pierre Xoribit gelan, Maitena Ihidoperen obrekin batera. Gaur dute Marraz eta margoz erakusketaren estreinaldia, 17:00etan.
Luma bai, isipua ere oraingoan; abilezia balioaniztuna duzu.
Nire bizian hola agertu da; ene enbeiari kasu egiten diot. Ene lehen erakusketa da hau; jendeak ikusten du margotzen dudala. Orain arte, artista anitz bezala, ene xokoan ari nintzen, haragoko proiekturik asumitu gabe. Baionan ikasi dut marrazten eta margotzen, Daniela Maitiarekin, Artearen haurtzaroa elkartean. Danielak beti erraten zidan behar nuela segitu, banuela zerbait... Gero, liburuaren proiektua nagusitu zitzaidan, eta, idazten ari nintzela, ilustratu ere egin nuen liburua. Eta hor hasi nintzen bilaketa pertsonalago bat egiten, nire paisaiak hasiz margotzen.
Liburuak eman dizua gakoa zure barneko paisaia onirikoak margotzeko?
Ez diot sekula neure buruari erran: «Idazle izanen naiz». Sekula ez dut kaierik ukan ene testuekin. Aldiz, 15 urtetan ene marrazkiak banituen. 2016an Gazteluma sarira ene burua aurkeztu nuelarik, banuen ene baitatik atera nahi nuen istorioa. Ez dakit mugarri bat izan denez, baina uste dut sortzaile gisa askatu naizela, ene buruarengan konfiantza bildu dudala. Obra handiak egiteko eta hilabeteetan lantzeko prozesuan biziki garrantzitsua izan zait liburua. Hori bai, biziki zaila egin zait idazketa lana; buruhauste handia hitzak atzemateko. Hitzak gogorrak dira; marrazkiak, berriz, goxoagoak. Libertate handiagoa atzematen dut marraztean, idaztean baino.
Idazketak eman dizua isipu surrealista?
Ez nekike nola definitu. Betidanik gustatu zait zonaka lan egitea. Obra bat hartzean, ez dut maite orenak eta orenak pasatzea. Obraren zati bakoitzari giro bat ematen diot. Aski figuratiboan gelditzen naiz. Gero eta gutxiago kalkulatzen dut zer erran nahi dudan nire obretan. Maite ditut mugimenduak erakustea, paisaiak sortzea, baina ez errealistak, eta horietan sartzea gustatzen zaizkidan gauzak edota deigarriak zaizkidanak. Egia da gero eta denbora gehiago hartzen dudala: holako obra handiek hilabeteak kendu dizkidate. Perfekzionismoa ikusten da horretan; iratzeaz ez banaiz kontent, gainetik geruza bat ezar eta berriz hasten naiz.
Koloretako ametsak dira zeureak.
Gure mundua ez da biziki alaia... Biziki maite ditut izugarri biziak diren arte naifak. Garrantzitsua zait kolore biziak sartzea; betidanik hala egin izan dut.
Obrek bizipena dutea iturburu?
Bizipenak, ideiak eta munduari buruzko sentipenak.
Bizkarkina koadroan adibidez...
Emazte bat ikusten da lehen planoan, zeinak energia jaten dion gizon bat baitu bizkarrean. Gizonak eta bideek trabatzen dute, eta hondakinen gainean jarria da. Zergatik ez emazteak ama lurra irudikatu? Ondasunak eman nituen botiletan. Lanpak islatzen du munduaren lehengaiak erretzen ari garela.
Bide bat dea pintura zure arranguren transmititzeko?
Ene sentsibilitatetik abiatzen naiz. Bistan dena mendiak erretzen ikustean hunkia naiz, edo gure ama lurra suntsitzen ikustean. Uste dut artea dela gure ikusmoldeak aldatzeko manera bat, baina biziki militante txarra naiz. Jendeen irudimena eta sentsibilitateari mintzatzeko manera bat da. Ez nuke nahi ikusleei esplikatu zerendako baden pintura honetan lanpa bat. Maite dut artearen funtzioa ukan dezan, jendeak nahi duenari pentsa dezan. Jendea emozionalki hunki nahi dut, panfletoak izan gabe.
Errealitatearen berrirakurketa bat da egiten duzuna.
Pintatzen duzularik ez dakizu sekula zer aterako zaizun, baina uste dut hori dela ene estiloa: marka oniriko hori agertzen zait aldi oroz.
Amankomunean duzue joera oniriko surrealista hori Maitena Ihidoperekin.
Bai. Beldur nintzen ez ote zituzten ene koadro koloretsuek bereak zapalduko. Azkenean ez! Bionak oso kargatuak dira. Berak badu ilustrazio talentu handia.
Barneko hori kanalizatzea beti asmatzen duzua?
Biziki ariketa baketsua da enetzat, ene meditazioa da; isipuarekin lortzen dudana ezin izan dut sekula kausitu yogan: ene burua askatzea eta, aldi berean, biziki konkretua izatea. Ariketa sanoa da. Koloreek poza ekartzen didate.
ATZEKOZ AURRERA. Maialen Hegi-Luku. Margolaria, itzultzailea eta idazlea
«Jendea emozionalki hunki nahi dut»
Lumaren artea erakutsi zuen lehenik, baina lehenagokoa du isipua. Hegi-Lukuren hamar urteko ibilbidea ikusgai da Hazparnen. Paisaia intimo oniriko surrealista koloretsuez izpirituak hunkitzeko gai da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu