Besteen jarduna galbahetzen aritu da urtetan Pello Zubiria Kamino (Aginaga, Usurbil, Gipuzkoa, 1958), eta lankideek galbahetu dute orain harena. Eskertuta dago: «Nik neronena egiten ez nuke asmatuko». Umiltasuna zer den: erakutsi eta irakatsi egiten du solasean, oharkabean. Titulua gustatu ote zaio.
Liburua, norentzat?
Ez dakit. Hori da galdetzea: «Nor da gure irakurlea?». Beti idatzi izan dut begi bat jarrita ni baino hobeak direnengan, beste bat gai horietan interesatuta daudenengan, eta hirugarren bat kalean harrapatu zaituen horrengan, esanez: «Aurrekoan zure artikulua irakurri nuen». Eta esaten diozu: «Benetan? Bukaeraraino?». Hori sekulako oparia da.
Duela hogei urte nondik nora bururatu zitzaizun Net hurbil izena?
Hitz joko bat da izena. Gure ofizioan etengabe esaten diet kazetari gazteei: «Artikulu bat idazten zenbat ordu pasatzen ditugu? Eta zenbat denbora dedikatzen diogu tituluari? Jarri irakurlearen begietan». Haren begietan, tituluak du erabakitzeko pisurik handiena. Net hurbil aukeratzeko ere buelta asko eman genizkion: sarea baita net, baina txit eta oso-ren sinonimoa ere bai. Liburuaren izenburuarekin ere halaxe ibili ginen bueltaka.
Izan ere, prekarioa da egoera?
Hala dago mundua, aspaldian. Prekarioa lan munduan erabiltzen da normalki: soldata prekarioa, lanpostu prekarioa... baina prekarioa bada baita ere ezegonkorra dena eta justu-justu dagoena, eta liburuan aipatzen diren gai gehienak planeta prekario batenak dira.
Hitz jokoak aipatu dituzu. Hona hemen bat: zahartu eta ezkortu.
Orokorra da hori, bai. Baina egia da duela hogei urteko artikuluak ikusita hasierakoak ezkorragoak zirela. Gazteak etortzen ikusi ditudan heinean, eta neroni zahartu, sentitu dut beharra albiste onak emateko ere. Horren prekaritate handian bizi den planeta eta gizarte batean, hori aldatzeko edo horren barruan beste modu batean bizitzeko dauden esperientzia baikorren berri emateko.
Tituluaren garrantziaz aritu zara. Eman bat.
[Barrez] Nola ematen da titulu bat? Zuk bilatu behar duzu hori. Eta askotan, ez da izaten espero duzuna.
Klima aldaketa zen lehen, klima larrialdia da orain... hurrena?
Klima zoramena. Klima zoratu egin zaigu, klima zoratu egin dugu.
Zuk esana da: «Alarmismoaren eta alarma jotzearen artean ibili behar du kazetariak». Eta nori mintzatu behar zaio?
Irakurleari.
Alarmismoz?
Alarmismoa da berandu jotako alarma bat saldu nahi izatea. Eta horrek saldu egiten du. Aurtengo udak bero eta idorte markak hautsi ditu. Eta esaten dugu marka hautsi dela gaur Hernanin, bihar Andoainen, etzi... Baina hori jada esanda dago. Berandu jotako alarmak berandu salatutako egiak bezalakoak dira: ez dute ezertarako balio. Gauzak esan behar dira esan behar direnean. Ez badira esaten, hori oportunismoa da. Eta orain jendea beldurtzeak ez du ezertarako balio.
Eta alarma jotzea da, beraz...
Alarma jotzea da hau esatea: «Erraustegia kutsatzen ari da». Eta hori esan behar da, baina esan behar da baita ere erraustegiak badituela alternatibak, eta batzuk aberasten ari direla alternatiba horiek izorratuz. Hori da alarma jotzea. Baina sute bat egon delako hara kamera bidaltzea, hango herritarrei galdetzea: «Zuri zer iruditzen zaizu?». Hori alarmismo merkea da. Eta gehiegi erabiltzen da Euskal Herrian, eta munduan.
Zuk esana: «Herritarrak kazetariak behar ditu». Baina herritarrak badaki hori?
Ez dakit badakien. Nik badakit Argia eta BERRIA gutxiengo batek irakurtzen dituela. Eta bertan gabiltzanok badakigu hori. Gure mundutxoan norbait dena ez da inor horko taberna horretan. Zentzu izpi bat duen herritarra konturatzen da behar dituela erreferentzia batzuk, behar dituela galbahe batzuk egingo dutenak lan bat ez bakarrik berari denbora pasarazteko, baizik eta hau esateko: «Gaur egun, agenda nagusiak hau markatzen du. Baina abisatzen dizut beste hau ari dela gertatzen». Gazako gatazkari buruz egunero irudiak ematea merkea da, mundu guztiak egiten du. Gako batzuk ematea guri tokatzen zaigu.
Badago agenda propiorik?
Inpresioa daukat Euskal Herrian eta euskaraz —eta hor sartzen dut EITBren mundu hori guztia— gehiegi erreparatzen zaiela Espainiako eskuinaren hedabide handiei. Eta ez da bakarrik gaiei dagokienez, baizik eta estiloan eta hitz egiteko moduan ere bai. Eta hori transmititzen da geroz eta gehiago.
Adibidez?
Gipuzkoan, El Diario Vasco egunkariaren eta mundu horren nagusitasun hori, ez dut uste duela hogei urte hainbesterainokoa zenik. Oso gogorra egiten zait, baina hor ere bakoitzak bere erresistentzia markatzen du.
ATZEKOZ AURRERA. Pello Zubiria Kamino. 'Argia'-ko kazetaria
«Jendea beldurtzeak ez du ezertarako balio»
Lankideek egindako miresmen aitortza da Zubiriaren liburua: 'Planeta prekarioan. XXI. mendeko krisi eta erresistentzien kronika'. Hogei urteotan 'Net hurbil' sailean bildu dituen alerik onenekin osatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu