Ekain Perez. John Berkhout taldeko abeslaria

«Jende askok uste du gure taldea muntatze bat dela, Warnerrek pentsaturikoa»

Hip hop eta nu metaletik ihes eginiko bost musikari gaztek 1960-70eko folka gaurko soinuarekin egin nahi dute, denboraz kanpoko musika sortzeko. Zarautzen arituko dira gaur.

John Berkhout boskotea. Ekain Perez abeslari eta gitarra jotzailea, elastiko zuriarekin. ANDER MOREA.
Edu Lartzanguren.
2013ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Ekain Perez (Oiartzun, 1987) John Berkhout taldeko abeslaria da. Lehen diskoa argitaratu berri du taldeak Warner Music diskoetxearekin. Sam Amidon abeslari estatubatuarrarekin batera joko dute gaur, 20:00etan, Zarauzko Modelo zineman.

John Berkhout duzue izena, joan beharko dut, alegia. Zer esan nahi duzue hizkuntza arteko hitz joko horrekin?

Hitz joko hori egin genuen geure burua definitzeko: alde batetik, gure jatorria adierazteko, eta, bestalde, geuregan eragin handia duen musika anglosaxoiari keinu bat egiteko.

Inor gutxik zuen taldearen berri, eta, hara non, disko batekin agertu zarete.

Urte asko daramatzagu elkarrekin jotzen, hamar bat, musika lagun gisa. Baina John Berkhout egitasmoa duela gutxi sortu genuen. Ni hip hop zalea nintzen, eta taldeko beste batzuek nu metala egiten zuten, baina gure musika gustuak aldatu egin dira, eta bat etorri direnean sortu da John Berkhout. Disko honekin plazaratu gara lehen aldiz izen horrekin.

Izena euskara mozorrotua da. Ingelesez abesten duzu. Hori ere mozorroa da?

Baliteke. Gure artean ez dugu ingelesez egiten, noski. Euskaraz egiten dugu normalean. Baina ingelesez abestea izan daiteke mozorro bat guk gaur gustuko duguna erakusteko.

1960-70eko folk-rock-psikodelia egiten duzue, baina gaurko soinua eman nahi diozue. Zein da vintage eta zaharraren arteko muga?

Revival-a ona da alde batetik, 1960-70eko garai horretan musikak oso maila ona lortu zuelako. Oso gustuko ditugu garai hartako taldeak. Baina, bestalde, beti nahi dugu nabari dadila gaurko taldea garela, gaurko eraginekin. Kontrapuntu eta nahasketa hori maite dugu, ez dugulako egin nahi une bati gehiegi loturiko musika. Zerbait denboraz kanpoko samarra egin nahi dugu, eta ez estilo bakar bati loturikoa.

Jende askok esango du: «Hauek nola demontre lortu dute lehenengo diskoa multinazional handi batekin plazaratzea»?

Jende askok uste du gure taldea muntatze bat dela, Warnerrek gurekin pentsatua. «Joe, hauek hasieratik izan dute laguntza», esaten dute, Warnerrekin atera dugula ikusita. Baina ez da horrela izan. Bost urtez elkarrekin aritu ondoren, kanta itxuroso batzuk eginak genituen, eta plazaratzeko moduan zeudela ikusi genuenean hasi ginen pentsatzen grabatzeaz. Gure entsegu lokalean maketa bat egin genuen, eta Haritz Harregiri erakutsi genion. Zerbait interesgarria egiterik bazegoela iruditu zitzaion, eta Ruben Caballerorekin ekoizteko aukera ikusi genuen. Beraz, diskoa geure kabuz egin dugu, eta geuk ordaindu dugu. Warnerri erakusteko aukera izan genuen, eta haiek «haluzinatu» egin zuten, beraien hitzetan. Bide bat izan dugu bestela ezinezkoak litzaizkigukeen hainbat leku eta aldizkaritara heltzeko.

Hari eta haize laukote baten laguntza duzue diskoan. Ez dizuete beldurrik ematen halako ekoizpen zaindua gero zuzenean ezin islatzeak?

Guk disko osatua egin nahi genuen, eta, egia esan, ez genuen zuzenekoan pentsatu. Azkenean arazo bat da, bai, baina pixka bat pentsatu eta formula bat aurkitu genuen zuzenekora eramateko. Dena den, ez ditugu kontzertu asko eman egitasmo honekin, eta geure burua hobeto ezagutu behar dugu, gehiago esperimentatu, baita zuzenekoan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.